Judith Sans. Bera Berako jokalaria

«Hiru titulu nagusiak irabazteko maila eta gaitasuna du taldeak»

Gaur ekingo dio sasoiari Super Amara Bera Berak. Espainiako Superkopa izango du jokoan, BMC Liberbank Gijonen kontra (18:30, Teledeporte). Lehen norgehiagokara sasoiko iritsi direla dio Judith Sansek.

ainara arratibel gascon
Donostia
2018ko irailaren 1a
00:00
Entzun
Bera Berara itzultzearekin pozik antzematen zaio Judith Sansi (Bartzelona, 1994). Sasoi erdia Danimarkako FC Midtjylland taldean jokatu ostean, Donostian da berriro: «Amets bat beten nuen han jokatuta, baina badakit etxean bezala ez naizela inon egongo». Gaur hasiko duen sasoiari begira Bera Berak egindako fitxaketetako bat da Sans. Besteak hauek dira: Nekane Teres, Yunis Camejo, Priscila Dos Santos, Renata Lais eta Fernanda Da Silva.

Zer moduz etxerako buelta?

Egia esan, oso pozik nago. Taldekideek oso ondo hartu naute. Aurretik hiru denboraldi eta erdi egin nituenez hemen, asko ezagutzen nituen, eta egokitzapena oso erraza eta azkarra izaten ari da. Entrenatzailearekin ere oso pozik nago. Jokatzeko modua eta helburuak ez dira aldatu. Dena irabazteko helburua dugu, eta hori beti da erronka bat.

Nolakoa izan da Danimarkan jokatzeko esperientzia?

Oso positiboa. Txapeldunen Liga eta Danimarkako liga jokatzeko ametsarekin joan nintzen. Asko jokatzeko aukera izan nuen, eta Txapeldunen Ligako final-laurdenak lehiatzea ikaragarria izan zen. Baina jarraitzeko erabakia hartzeko orduan, gorabehera batzuk egon ziren. Atzerrian jokatzeko beste aukera batzuk aztertzen aritu nintzen, baina bakar batek ere ez ninduen gogobete. Tatitiri [Garmendia, kirol zuzendaria] deitu nion, egoera azaltzeko, eta itzultzeko aukera ote nuen galdetzeko. Baietz esan zidan, eta nahiago izan nuen hona itzuli, banekielako hemen ondo egongo nintzela. Ez zen erabaki erraza izan, baina ez dut ezerengatik aldatzen. Donostian oso gustura nago. Asko atsegin dut Kontxan paseatzea, edo taldekideekin zerbait hartzera irtetea. Gainera, gurasoak eta anaia ia partida guztiak ikustera etortzen dira, eta berriro Erizaintza ikasketei heldu ahal izango diet.

Zer erakutsi dizu han bizi izandakoak?

Kirol aldetik, uste dut erasoan asko hobetu dudala. Hemen batez ere defentsan jokatzen nuen, baina han, bietan. Horrek eskarmentua eta konfiantza hartzen lagundu dit, eta kokapena hobetzen. Pertsona gisa, berriz, bakarrik bizitzen ikasi dut, eta familiarengandik urrun. Horrek behartzen zaitu ausarta izatera.

Gaur hasi duzue sasoia. Espainiako Superkopa duzue jokoan, BMC Liberbank Gijonen aurka. Nola helduko diozue partidari?

Oso partida garrantzitsua da.Prest gaude, gogotsu eta ondo dakigu zer egin behar dugun irabazteko. Eginez gero, irabazi egingo dugu, ez dut zalantzarik. Haien defentsa oso deserosoa da guretzat, eta inportanteena izango da baloia pazientziaz eta lasai mugitzea, galera inozoak ez izateko. Aurreko sasoian haien aurka galdu zuen taldeak Espainiako Kopa, eta gakoa baloi galeretan egon zen. Ondo zaindu behar dugu hori.

Hiru titulu nagusiak irabaztea da denboraldi honetako erronka?

Lehen aldiz iritsi nintzenean, liga, Espainiako Kopa eta Superkopa irabazi genituen, eta hori errepikatzea handia litzateke. Uste dut hiru tituluak irabazteko gaitasuna eta taldea dugula. Europan maila txukun bat ematea ere garrantzitsua litzateke.

Nola ikusten duzu taldea?

Uste dut talde osatua dugula, eta postu guztiak behar bezala beteta daudela. Agian, lehen lerroko jokalariren bat gehiago falta zaigu, baina Nora [Azurmendi] itzultzen denean, hor ere ez dugu arazorik edukiko. Erasoan zein defentsan jokatzeko gaitasuna dugun jokalari asko gaude, eta hori funtsezkoa da atseden hartu eta jokatzeko denbora banatzeko orduan.

Zein alde ikusten dituzu Montse Pucheren eta Imanol Alvarezen artean?

Jokatzeko moldeari eutsi egin zaio funtsean: defentsa zorrotza eta kontraeraso bizkorra. BainaImanolek defentsan gehiago mugitzeko agintzen digu, aurkariaren hutsak behartzeko. Bestalde, erasoan behin eta berriz errepikatu digu buruarekin egin behar dugula korrika, eta ez badugu argi ikusten lasai hartzeko. Arriskatu gabe jokatzeko, eta behar ditugun adina pase egiteko. Asko esaten digu ere garaipenetatik harago, haiek lortzeko bideaz disfrutatzeko. Entrenatzaile aldaketak beti ematen dio zerbait taldeari, lehiakortasuna handitu egiten baita, eta horrek balio du taldeak hazteko.

Denboraldi hasiera oso gogorra duzue: Superkopa, Txapeldunen Ligako atarikoa, Ro'Casari eta Guardesi bisita... Gustuko duzu hori, edo nahiago zenuke taldea egokituago egotean jokatzea partida horiek?

Gogorra bezain erakargarria izango da iraila. Denboraldi-aurre oso ona egin dugu, partida askorekin, eta sasoi betean iritsi gara gaurko partidara. Ligaren kasuan, argi izan behar dugu luzea dela, eta lehen partida horiek galduta edo irabazita, oinak lurrean izan behar ditugula, titulua amaieran erabakiko delako. Gainera, bigarren itzulian Guardesek eta Ro'Casak hemen jokatu behar dute. Edozer gerta daiteke. Liga, halaber, ez da galtzen talde horien aurka, baizik eta ustez ahulagoak diren taldeen kontra huts egiten duzunean.

Liga nola ikusten duzu?

Sekula baino gogorragoa eta lehiatuagoa izango da. Bi talde jaitsi beharrean, hiru jaitsiko dira, eta, ondorioz, behekoek are gehiago estutuko dute. Guardesek eta Ro'Casak goian segituko dute, eta ikusi beharko da beste talderen batek horretarako urratsa egiten duen.

Txapeldunen Ligan aurrera jarraitzea zaila dirudi. Asko pentsatu duzue horretan?

Lehiatzera joango gara, eta gutxienez partida bat irabaztera. Izan ere, hori lortuz gero, azaroan hasiko ginateke EHF kopa jokatzen. Guri egokitu zaigun aurkaria, Alemaniako Bietigheim, gogorrena da. Jomi Salerno [Italia] eta Perla Lublin [Polinia] xamurragoak dira, eta uste dut haien aurka irabazteko aukera izan dezakegula. Presiorik gabe jokatu behar dugu, txapelketa hori jokatzea oso ederra baita.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.