Manuela Pizzo. Super Amara Bera Berako jokalaria

«Ro'Casak baino talde osoagoa dugu, baina lehia zaila izango da»

Defentsa indartzea izan da Imanol Alvarez Bera Berako entrenatzailearen helburua sasoi honetarako. Hori da Manuela Pizzoren ezaugarri nagusia; gaur egingo du debuta donostiarrekin. «Irrikaz nago».

ainara arratibel gascon
Donostia
2019ko abuztuaren 31
00:00
Entzun
Uztailean Argentinarekin Panamerikar jokoetan lehiatu eta gero, apenas izan zuen oporrik Manuela Pizzok (Buenos Aires, 1991): «Astebete eskas izan nuen, eta ikasten pasatu nuen. Elikadura ikasketak egiten ari naiz jaioterrian, eta azterketa bat nuen».Bera Beraren jokalari berriak Ro'Casan jokatu zuen aurreko bi sasoietan, eta albokoak denboraldiko lehen titulua izango du jokoan gaur, taldekide ohien aurka: Espainiako Superkopa. Eibarko Ipurua kiroldegian (Gipuzkoa) jokatu da lehia.

Lehenik eta behin, erabat osatu al zara berriki izandako zuntz hausturaz?

Ondo nago, bai. Taldea adiskidantzazko norgehiagokak jokatzen hasi zenerako iritsi nintzen, abuztuak 10 inguruan. Prestaketa fisikoaren egunik gogorrenetan ez nintzen egon. Baina, Argentinarekin Panamerikar Jokoetan lehiatu eta gero, astebete eskas izan nituen oporrak; beraz, sasoi onean iritsi nintzen. Pena izan da zuntz hausturarena. Baina osatu naiz, eta espero dut gaur minutu batzuk jokatu ahal izatea.

Irrikaz egongo zarete lehiatzen hasteko, ezta? Esperientzia izan arren, ba al duzu sasoi hasieran izaten den urduritasun hori?

Bai, are gehiago titulu bat jokoan izanda, eta nire talde ohiaren aurka jokatuta. Irrikaz nago, baita taldea ere. Sasoi hasierako urduritasun hori badut, eta ona da, esan nahi duelako zure ogibidearekin disfrutatu egiten duzula, eta lehiatzeko grina hori duzula. Gainera, berria izanda, entrenatzailearen konfiantza lortu behar dut oraindik.

Nola doa zure egokitzapena?

Aldaketa handia da niretzat, batez ere jokatzeko orduan. Bera Bera talde bizkorragoa da Ro'Casa baino. Baina hori da niri gustatzen zaidana: gogor defendatzea, eta erasora bizi ateratzea. Horrek mesede egiten dit. Gainera, taldekideak ezagutuz noan heinean, eta haiek ni, gero eta erosoago eta gusturago nago. Guztiek besoak zabalik hartu naute.

Zer eskatzen dizu Imanol Alvarezek lehen aste hauetan? Zer moduz harekin?

Lehen egunetik argi utzi dit nire defentsako lana funtsezkoa izango dela taldearentzat. Egindako fitxaketekin defentsa indartu nahi izan du, eta hor koska bat gora eginez gero, aldea sumatuko da. Pozik nago salto horretarako hautatu nauelako.

Aurreko bi sasoietan beste argentinar bat egon zen taldean: Elke Karsten. Harekin alderatuko zaituztela uste duzu?

Ziurrenik bai, baina ez ditut alderaketak gustuko. Gainera, jokalari oso desberdinak gara. Bera erasoan nabarmentzen da; ni, ordea, defentsan. Nortasun eta indar handiko jokalaria naiz. Gogor defendatzea gustatzen zait. Erasoan hobetzea eta arlo horretan gehiago ematea da nire beste erronketako bat, kanpotik jaurtiketa indartsua baitut.

Ro'Casarekin liga eta Challenge kopa irabazi ostean, nola jaso zenuen Bera Beraren eskaintza? Hitz egin zenuen Karstenekin proposamena onartu aurretik?

Ro'Casarekin bi titulu lortu eta gero, nire helburua irabazten jarraitzea da, eta uste dut Bera Beraklub aproposena dela horretarako. Eskaintza jaso nuenean ez nuen bitan pentsatu behar izan; edozein jokalarik nahiko luke halako talde batean jokatu, eta erronka berriak ere bilatu nahi nituen. Elkek, gainera, esan zidan oso gustura egongo nintzela hemen, bai kirol arloan, baita pertsonalean ere.

Ro'Casa eta Bera Bera tituluak lortzeko borrokan egoten dira. Alde handia nabaritu duzu batetik bestera?

Ez, exigentzia eta lehiakortasun aldetik ez. Bi taldeek gauza bakarra dute buruan: irabaztea. Hori eskatzen dizute. Gainontzean, alderik handiena jokatzeko eran nabaritu dut, esan bezala Bera Berak askoz azkarrago jokatzen baitu. Horrek harritu nau gehien. Banekien korrika asko egiten zutela, baina bertan egotea desberdina da. Fisikoki asko eskatzen du jokatzeko era horrek, baina aldi berean entrenatzaileak aldaketa ugari egiten ditu erritmoari eusteko, eta horrek laguntzen du jokalari guztiak adi edukitzen.

Nola ikusten duzu gaurko lehia?

Arraroa egingo zait taldekide ohien aurka jokatzea. Partida gogorra eta lehiatua izango da, beti izan baitira halakoak Bera Beraren eta Ro'Casaren artekoak. Defentsan egongo da gakoa, horrek aukera emango baitigu erasoan bizkor ateratzeko. Horretan haiek baino hobeagoak gara. Min handia egin diezaiekegu. Hori ondo eginez gero, garaipena gertu izango dugu. Talde osoagoa dugula uste dut. Baina partida zaila izango da; garrantzitsua litzateke taldearentzat titulu bat irabaztea. Jokalari berriak irrikaz gaude talde honekin lehiatzen eta irabazten hasteko.

Jarraitu diozu haien denboraldi-aurreari? Zer deritzozu?

Ni izan ezik, hasierako zazpikoa aurreko sasoiko bera da. Oso indartsuak dira, eta denbora asko daramate elkarrekin jokatzen. Alde horretatik, abantaila txiki bat izan lezakete, gure taldean aldaketa gehiago izan baitira. Defentsan egin dituzte haiek aldaketak. Lissandrak [Lussonek] hartu du nire lekua, eta biaren postuan defendatzen du. Bestalde, Silviak [Navarro atezainak] egun ona izanez gero, kostako zaigu irabaztea. Funtsezkoa izango da Sayna Nbengue geratzea ere.

Datorren astean liga hasiko duzue. Zer espero duzu?

Uste dut Superkopako partida proba ona izango dela nola gauden ikusteko. Liga, berriz, erakargarria eta lehiatua izango dela uste dut. Talde gutxiago izateak hori ekarriko du: denek estutu beharko dugulako gehiago. Gainera, aurkari guztiak ondo indartu dira. Gure kasuan, iaz bigarren geratu eta gero, nabari da berriro ere liga irabazteko nahi hori.Gure helburu nagusia izango da. Nik ere Espainiako Kopa irabazi nahi dut, falta zaidan titulua baita. Europan, gainera, aurreko sasoian bezala lehiatzea izango da erronka, hori lagungarria izango baita beste txapelketetarako.

Ro'Casaren eta zuen artean erabakiko dira tituluak sasoi honetan ere?

Baietz uste dut. Gijon ere oso ondo dagoela ikusi dut sasoi-aurrean, fitxaketa onak egin ditu; Guardes, berriz, espero baino apalago egon da. Dena den, denboraldia ez da hasi ere egin. Jendeak asko erreparatzen die faboritoen arteko partidei, baina azken bi sasoietan ikusi da ez direla erabakigarriak. Aurreko sasoian, adibidez, Ro'Casarekin, Bera Beraren aurkako bi partidak galdu genituen, eta gero txapeldun izan ginen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.