Asier Garcia. Bidaideak Bilboko jokalaria

«Egitasmoa berresteko balio du liga irabazi izanak»

Aurreneko aldiz irabazi berri du Bilboko taldeak gurpil aulkiko saskibaloiko liga gorena, eta kapitaina «sinetsi ezinda» dago oraindik. Klubaren proiektua indartsu ikusten du bilbotarrak.

MONIKA DEL VALLE / FOKU.
Aitor Manterola Garate.
2021eko maiatzaren 19a
00:00
Entzun
Txurdinagako Gasol izenburua eta argazki handi bat eman zion duela bost urte egunkari baten azalak, Rioko Paralinpiar Jokoetan zilarrezko domina irabazi zuenean Espainiako selekzioarekin gurpil aulkiko saskibaloian. 13 urte zituela, tren batek harrapatu zuen Asier Garcia (Bilbo, 1981), eta lesio larriak eragin zizkion. «Ez nuke istripua nire bizitzatik kenduko», esaten du, hala ere: «Haren ondorioz, kirolari profesionala izan naiz, eta emaztea ezagutu nuen». Saskibaloiari esker, mezu hau zabaltzen ari da: «Ezgaitasunen bat dugunak ere pertsona normalak gara, eta edozer egiteko gai gara». Adibidez, bere betiko taldearekin, Bidaideak Bilborekin, liga irabazi aurreneko aldiz.

Ez omen duzu oraindik sinesten liga irabazi duzuenik.

Horretan nabil, sinesten hasita. Zortzi-bederatzi hilabete iraun du ligak, eta oso lan gogorra egin dugu. Titulua aurreko larunbatean lortu berritan, lorpen hori barneratzen saiatzen ari gara taldekideak eta ni.

Larunbateko partidatik zer momentu geratu zaizu gordeta?

Partida amaierako bozina hotsa entzun nuenean izan zen ederrena. Orduan konturatu nintzen titulua gurea zela. Aurretik ere izan zen beste une bat, hirugarren laurdenean, hamasei puntuz irabazten ari ginenekoa; neure kolkorako esan nuen ezin zigula ihes egin, gurea zela, sekulako lana egin genuela denboraldi osoan.

Beste aukera bat izango zenuten, hala ere, irabazi izan ez bazenute, baina hobe ahalik eta lasterren lortzea titulua.

Hori da. Gainera, aurreneko aukera zen, eta Ilunionen [azkeneko txapelduna] etxean izanda, paregabea zen erakusteko gu izan garela ligako talderik onena.

Titulu honekin eta 2019an irabazi zenuten Euroligarekin, duela urte batzuk hasi zen zikloa biribildu da?

Bidaideak Bilbok urte asko daramatza elitean, eta ligako titulua falta zitzaigun. Bada egitasmoa berresteko garaipen bat. Duela sei-zazpi urte, pentsaezina zenhalakorik lortuko genuela. Taldea bizi-bizirik dago, ondo uztartuta gaudelako jokalari beteranoak eta gazteak, eta, gainera, harrobitik ere badatoz berriak. Luzerako egitasmoa dago, eta saiatuko gara elitean segitzen.

Harrobiarena ezinbestekoa dela esaten ari zara urteetan.

Klubak eta zuzendaritzak garbi dute baietz. Guretzat ez luke zentzurik dirua xahutu eta bederatzi atzerritar izateak taldean, beste batzuek egiten duten bezala. Klubaren bideragarritasuna harrobia da, eta jokalari berriak haztea, gaurko eta etorkizunerako. Pentsaezina izango zen harrobirik gabe orain gauden lekuan egotea, eta ez genuen liga irabaziko. Klubak bere filosofia dauka. Ligako seigarren edo zazpigarren aurrekontua dugu, eta harrobiak ematen digu aukera diru gehiago duten taldeekin berdintzeko.

Taldeari nortasuna ere emango dio horrek.

Bai, garbi dago. Athleticen adibidea dugu hemen Bizkaian. Indarra eta energia ematen du etxekoekin lehiatzeak. Azkenean, gauza handia da zure taldean jokatzeko aukera edukitzea.

Zureak ez diren hiru taldetan jokatu duzu, hala ere: Bartzelonan, Toledon eta Getafen.

Eskertuta nago Bartzelonan, Toledon eta Getafen jokatu nuelako. Sei urte izan ziren, eta esperientzia horiek gabe ez nintzateke izango orain naizen jokalaria. Bizitzako esperientziak dira, aberasgarriak, abenturak.

Bartzelonara joan zinen, ikasketak, familia eta lagunak etxean utzita.

Erosotasun esparrutik ateratzea ona dela-eta, joan egin nintzen. 25 urte neuzkan, eta ez nuen duda handirik egin. Probatu egin nahi nuen talde profesional batean.

Bidaideak utzi zenuenean, nolakoa zen kluba?

Ez zen profesionala, eta sarritan ibiltzen zen Ohorezko Mailatik gora eta behera. 2013an itzuli nintzen, eta, ordura arte, ez zituen bi denboraldi segidan egiten maila gorenean. Oso apala zen kluba, eta etxekoak ziren jokalari guztiak. Jende askok egiten zuen lanari esker irauten zuen. Familia txiki bat zen, orain bezala, baina baliabide gutxiagorekin orduan.

Itzuli egin zinen gero, 2012ko Olinpiar Jokoen ondoren. Zergatik?

Sei urte neramatzan etxetik kanpo. Urte onak izan ziren, baina etxekoengandik urrun nenbilen. Bikotekideak eta biok bizileku finko batean geratu nahi genuen, familia izan, eta, kirol arloan, niretzat hasiera izan zen klubari itzuli nahi nion eman zidan guztia.

Bidaideak orain dena izaten hasita zegoen orduan.

Aldatzen hasita zegoen. Lagun Aro babesle indartsua zeukan, eta profesionalizatzen hasita zegoen; kanpoko jokalariak ere bazeuden. Hazten ari zen, eta ideia nagusi bat zegoen: klubak egonkortu egin behar zuen elitean.

Pauso erabakigarria 2013an izan zen, Bidaideak elkartea sartu zenean.

Apustu handia egin zuen irabazi asmorik gabeko elkarte horrek. Orduan gauzatu zen hain beharrezkoa zen aldaketa, eta erabat profesionalizatu zen kluba.

Oinarri sendoak dauzka orain?

Bai. Kirol arloan, harrobiarena finkatuta dago. Bestelakoan, zale asko dauzkagu, eta Bizkaiko hedabideetan lekua ematen ari zaizkigu. Gero, jakina, krisi honetan badago ziurgabetasuna kirol txikietako klubetan, eta tentuz ibili behar da. Garbi dago Bidaideak elkarteari esker jarraitzen dugula, eta umiltasunik ez dugu galdu. Ez dakigu urte batzuk barru non egongo garen, baina, oraingoz, sendo gaude.

Kopa daukazue ekainaren hasieran. Beste erronka bat.

Zaila izango da, eta ez gara faboritoak, baina liga irabazteko ere ez ginen. Ilusioz joango gara.

Eta, gero, Paralinpiar Jokoetara.

Ikusi egin behar. Ez dute deialdia eman, eta ea hautatzen nauten.

Eta ondoren?

Espainiarekin segitu edo ez pentsatu beharko dut familiarekin. Udan, denbora kentzen dit alabekin egoteko. Bidaideak ez dut utziko, ez behintzat sasoiko segitzen dudan artean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.