Montanier: «Fresko egotea funtsezkoa izango da irabazteko»

Realeko entrenatzaileak nabarmendu du Osasuna talde «gogorra» dela, eta «beti» zaildu egiten dituela lanak

Donostia
2012ko azaroaren 23a
00:00
Entzun
Philippe Montanierren zeregin nagusia azken egunetan Rayo Vallecanoren aurka erabilitako indarrak berreskuratzea izan da. Bera horren metodologikoa izanik, egindako esfortzuen emaitzei hainbesterainoko garrantzia emanez, ez zen harritzekoa izan freskura hitzari heltzea behin eta berriz atzoko agerraldian. «Garaipenak lortuta errazagoa izan ohi da nekeak ahaztea, baina gutako hainbatek ez du jarraian jokatzeko ohiturarik. Fresko egotea funtsezkoa izango da irabazteko».

Adierazpen horietatik ondoriozta daiteke aldaketaren bat buruan darabilela. Areago, bi izen aipatu zituen. «Griezmann eta Zurutuza jokatzeko prest daude, eta ezinbestekoak dira guretzat. Besteak sasoiko ote dauden aztertu behar dut erabakia hartu aurretik. Lastima Markelek min hartu izana berriz. Edonola ere, ez dugu taldea eraldatuko, baizik eta pare bat aldaketa asko jota».

Realak neurketa osoa jokatu zuen joan zen denboraldian Anoetan Osasunaren aurka, baina puntu batekin konformatu behar izan zuen —hutsean amaitu zen partida—. Ez du orduan gertatua ahaztu frantziarrak, eta nekea gainditzearen garrantziaz mintzatu zen berriz. «Indarrak berreskuratu ditugulakoan nago, Osasunak neurketa prestatzeko gu baino bi egun gehiago izan dituen arren. Talde gogorra da, eta multzoaren egitura aldatuagatik ere ez du moldatu estiloa. Lanak zaildu egiten ditu beti. Begira, bestela, aurreko sasoian zer gertatu zen. Lehia handia jokatu genuen, baina ez ginen gai izan irabazteko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.