Jon Mariezkurrena. Baikoko pilotaria

«Mesede handia egin dit eskuak ondo izateak; ikaragarri gozatu dut»

Uda ederra biribildu nahi du Mastersean, Nafarroa Arenan. Gaur finalerdia jokatuko du, Ezkurdiarekin, Jakaren eta Zabaletaren aurka. «Inoiz baino sasoikoago» dagoela dio.

IÑIGO URIZ / FOKU.
Julen Etxeberria.
2022ko irailaren 30a
00:00
Entzun
Aurrekoekin alderatuta, aste lasaia izan du Jon Mariezkurrenak (Berriozar, Nafarroa, 1999). Bete-betea izan da uda, eta ez da komeni gehiegi estutzea. Gainera, min hartu zuen eskuineko hankako bikian, sanmateoetako finalean. Osatuta dago: «Prest nago».

Guztiak bat datoz: udako pilotaririk onena izan zara. Zer pentsatzen duzu hori entzundakoan?

Ohorea dela, hori diotenen artean pilotari asko baitaude; eta ohorea dela nire izena aipatzea egungo pilotarien maila ona kontuan hartuta. Nik neuk badakit uda oso ona egiten ari naizela, baina ilusio ikaragarria egiten dit hori beste batzuei entzuteak.

Sanmateoetakoa ez beste, jokatu dituzun torneo guztiak irabazi dituzu: sanferminetakoa, Bizkaikoa, Bilbokoa eta Donostiakoa. Emaitza bikainak dira.

Bai, eta ez da batere erraza torneo horietan halako emaitza onak lortzea. Zorte kontua ere izan daiteke: ez dut min hartu, eta sasoiari eutsi diot. Profesionaletan daramatzadan lau urteetan, orain nago inoiz baino sasoikoago. Udan lortu ditudan emaitzak dira horren isla. Oso-oso pozik nago.

Garaipenen batek egin dizu ilusio handiagoa besteek baino?

Argi dago: sanferminetakoak. Hasieran, Unairekin jokatu behar nuen [Laso], baina, hark min hartu, eta Iñakirekin aritu nintzen [Artola]. Ikaragarri gozatu nuen. Lehenik, finalerako sailkatu ginen, eta, finalean, parean oso bikote indartsua izan arren [Altuna III.a eta Rezusta], irabazi egin genuen. Sekulako ilusioa egin zidan etxean irabazteak.

Lau aurrelari ezberdinekin irabazi duzu: sanferminetan, Artolarekin; Bizkaikoan, Mikel Urrutikoetxearekin; Bilbokoan, Lasorekin; eta Donostiakoan, Joseba Ezkurdiarekin. Horrek balio handiagoa ematen dio egindakoari?

Kontuan hartzekoa da. Izan ere, izen handiko aurrelari batekin jokatuta ere, elkarren artean ondo moldatzea ezinbestekoa da. Eta nik gutxitan jokatu dut askorekin. Hori dela eta, nabarmentzekoa da laurekin txapeldun izana. Pilotari handiak dira guztiak, eta oso gustura aritu naiz haiekin.

Lau atzelariren aurka jokatuta ere egin duzu: Rezustaren, Martijaren, Zabaletaren eta Albisuren aurka. Onenak dira.

Horregatik diot niretzat oso garrantzitsua dela torneo horiek irabazi izana: aurrelari eta atzelari onenen aurka jokatuta egin dut, baita elkar daitezkeen bikoterik onenen kontra ere. Halere, irabazi egin dut gehienetan. Oso kontuan hartzekoa da. Oso harro nago.

Uda eder honek balio izan dizu zeure buruan sinisteko?

Pilotariok geure buruarengan pentsatzen egiten dugu lan. Badakigu kanpotik esaten denak eragina izan ohi duela, eta egun batean goian jartzen zaituztela, eta hurrengo egunean behean. Kontuan hartu behar da hori, baina neurriz. Egunero gurekin lan egiten dutenek esan dutenari egin behar diogu kasu.

Zein da gorakada honen gakoa?

Uneak daude: egun batean, goian zaude, eta hurrengoan, agian, behean. Nik gorakada handia izan nuen uda hasieran, oporretatik bueltan. Batez ere, eskuak ondo izateak eragin zuen gorakada hori; oso gaizki pasatu nuen binakakoan, asko sufritu bainuen. Baina eskuak ondo izateak mesede handia egin zion neure buruari: konfiantza handia hartu nuen, eta osasunez eta buruz indartsu zaudenean askoz hobeto entrenatzen zara. Horri esker, sasoi ona egin nuen, eta uda osoan eutsi diot; gora egin dut uneren batean ere. Ikaragarri gozatu dut. Udan eginiko lana dago horren atzean, baina baita aurretik eginikoa ere.

Eskuak ondo izatea da pilotari bati eta bereziki atzelari bati gerta dakiokeen onena?

Dudarik gabe. Pilotari batentzat, eta bereziki atzelari batentzat, dena da eskuak ondo izatea. Aspaldi barneratu nuen ezin zarela erdizka atera; lotsagarri uzten zaituzte. Orain, eskuak ondo izanda, oso zaila bada egungo pilotariekin nor baino nor gehiago aritzea, zer esanik ez eskuak gaizki izanda; jai duzu. Binakakoan agerian geratu zen hori: gaizki nituen eskuak, etaemaitzak halakoak izan ziren [lau partida bakarrik irabazi zituzten hark eta Erik Jakak, eta ez ziren kanporaketarako sailkatu]. Baina buelta eman nion egoerari, eta udan ikaragarri gozatu dut: batetik, oso ondo aritu naiz, eta, bestetik, asko eta jarraian jokatu dut, eta eskuek eutsi egin didate.

Zertan hobetu duzu?

Hobeto moldatzen naiz kantxan: lehen, gaztetasunaren indarrak bultzatuta, pilota hautsi egin nahi nuen; uda honetan, ordea, asko eman diot pilotari, baina neurtuta, beharrezkoa zenean bakarrik. Oreka topatu dut, eta, horri esker, huts gutxiago egin ditut. Ezkerretik eta airez ere hobeto aritu naiz. Eta, batez ere, gorabehera gutxi izan ditut: egun batzuetan, distiratsu aritu gabe ere, ondo jokatu dut. Lehen, lauzpabost partida on jokatzen nituen jarraian, eta gero, segidan, bizpahiru txar. Pixkanaka, pilotaria egiten ari naiz. Asko dut hobetzeko. Ari naiz, eta jarraituko dut gogor lanean.

Sufritzen ikasi duzu?

Bai. Ez duzu beste aukerarik atzelari onenen aurka jokatu nahi baduzu. Ondo dago pilotari asko ematea, baina horrek ez du ezertarako balio bosgarren pilotakadan kale egiten baduzu. Horretan ere asko hobetu dut, eta ikusi dut orain bezala jokatuta min handia egiten diedala beste atzelariei.

Bolada txarrak pasatu izanak lagundu egiten du jokoaren sufrimenduari hobeto eusteko?

Egunerokoan gauza asko pasatzen dira, eta horiek lagundu egiten dute bai jokoan, bai bizitzan. Niri asko lagundu didate: sekulako konfiantza dut neure buruarengan, eta, kantxara konfiantzaz gainezka ateratzen zarenean, gauzak errazago ateratzen dira.

Fisikoki ere asko hobetu duzu.

Oso garaia naiz [1,95 metro], eta fin egon behar dut arin mugitzeko. Baina indartsu ere egon behar da. Debutatu nuenetik, 11 kilo hartu ditut. Asko sumatzen dut. Ez nago potolo, gantza galdu dut [barrez]. Hanka indartsuagoak ditut, baina arin mugitzen naiz.

23 urte besterik ez dituzu.

Horregatik naiz horren baikorra. Lau urte daramatzat profesionaletan, baina 23 urte besterik ez ditut; ez dut nire onena eman. Oso gaztea naiz zenbait atzelarirekin konparatuta: Josek [Zabaleta] eta Jon Anderrek 30 urte baino gehiago dituzte. Ilusio handia egiten dit 23 urterekin haien mailan egoteak; aurrera egiteko indarra ematen dit.

Beraz, iristear dago Mariezkurrenarik onena?

Bai, asko baitut hobetzeko. Askotan ez da lortzen dena ateratzea, baina uste dut lanean jarraitzen badut aterako dudala. Gainera, adinarekin hobetu egiten da. Bide onean nago. Ea lortzen dudan gutxienez oraingo mailari eustea, eta, ahal bada, gora egitea.

Ezkurdiarekin aritu zara Mastersean. Esan duzu «oso gustura» aritu zarela, eta ez zaiola «behar bezalako balioa» ematen hark egiten duenari. Zergatik diozu?

Askotan jokatu izan baitu atzelari gutxixeagoarekin, eta berak eraman behar izan baitu bikotearen zama; lan zikin asko egin behar izan du. Oso-oso langilea da, eta asko laguntzen dio bikotekideari. Gozamena da harekin jokatzea.

Jakaren eta Zabaletaren aurka jokatuko duzue gaur Masterseko aurreneko finalerdian (22:00, ETB1). Zer itxura hartzen diozu? 22-9 irabazi zenieten ligaxkan.

Bai, baina beste frontoi batean jokatuko dugu, eta garaia ere ez da bera; pilotariok gorabeherak izan ohi ditugu. Haien aurka, dena atera zitzaigun ondo, eta haiek ez zuten egun ona izan. Badakigu zenbat jokatzen duen Josek; edozein egunetan lotsagarri utz gaitzake. Baliteke gaur hala izatea. Lehia irekia eta zaila izango da. Baina gu sasoiko gaude, eta uste dut aukera asko dugula irabazteko. Sekulako gogoa dut jokatzeko, eta are gehiago Nafarroa Arenan, etxean. Gertuko asko joango dira. Ea uda biribil dezakegun.

Altuna III.a-Imaz eta Irribarria-Albisu ariko dira beste finalerdian. Pronostikorik baduzu?

Jokin tartean egonda, bera da faboritoa.

Mastersa amaituta hasiko da lau eta erdikoa. Binakakoa prestatzen hasiko zara?

Bi partida jokatu behar ditut; azkena, urriaren 7an. Gero, atseden hartuko dut. Ondoren hasiko gara binakakoa prestatzen.

Hatzak gurutzatuko dituzu eskuek euts diezaioten?

Bai. Iaz, uda oso ona egin nuen, eta, gero, partida asko jokatu nituen urrian eta azaroan, Aimarren agurragatik [Olaizola]. Aurten, partida gutxiago jokatuko ditut. Ea eskuek eusten dioten; eusten badiote, errazagoa da jokoari eustea.

Arantza atera nahi duzu?

Bai. Azkenekoan ez nuen batere gozatu. Lehen partidan eskuin eskua izorratu nuen, eta ez zitzaidan osatu ia amaiera arte; azkeneko bi partidetan bakarrik gozatu nuen; batez ere, azkenekoan. Badut gogoa txapelketa ona egiteko. Gustatuko litzaidake bikotekidearekin ondo moldatzea eta gutxienez finalerdiak jokatzea.

Norekin jokatu nahi duzu?

Unairekin, izugarri ona baita, eta sekulako harremana baitugu. Zaila da elkarrekin jartzea, baina ziur naiz gustura jokatuko dudala edonorekin; bikainak dira denak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.