Roberto Iñigez. Perfumerias Avenidako entrenatzailea

«Entrenatzaileak izan behar du taldeko umilena»

Gasteiztarra loria gehien duen euskal saskibaloi entrenatzailea da, Pablo Lasorekin batera. Hungarian, Errusian eta Turkian entrenatu du, eta garaipen zerrenda oparoa du. Gertutasuna eta exijentzia ditu oinarri.

MIGUEL ANGEL POLO / EFE.
ainara arratibel gascon
2022ko uztailaren 2a
00:00
Entzun
Askotan galdetu diote Roberto Iñigez Perfumerias Avenida saskibaloi taldeko entrenatzaileari (Gasteiz, 1967) zein amets falta zaion betetzeko, eta beti gauza bera erantzuten du: «Nire ametsa gaurko eguna da». Gustura dago Salamancan.

Oporretan ahazten al duzu saskibaloia?

Beti daude lotu beharreko gauzak, erantzun beharreko deiak... Gainera, hobetzeko nahi horretan, beti egiten ditut gauzatxoak. Ingelesa apur bat hobetzen saiatzen naiz, saskibaloiari lotutako bideoak eta hitzaldiak ikusten... Baina 50 urte baino gehiago ditut, eta badaramatzat uda batzuk lasaiago eta denboraldian egiten ez ditudan gauzak egiten: etxekoekin eta lagunekin egoten eta neure burua zaintzen, adibidez.

Hobekuntza aipatu duzu. Entrenatzaileek beharrezkoa duzue etengabe formatzea. Asko aldatu da arlo hori?

Nik beti esaten dut hobera egiten duenak okerrera egiten duela, inguruko askok aurrerapausoak ematen dituztelako. Egun, taldeen artean gero eta parekotasun handiagoa dago; detaile txikiek egiten zaituzte hobea. Beraz, arlo taktikoan ez ezik, teknikariak gauza askotan formatu behar du: adibidez, jokalariekin tratuan.

Beti egon zara sailkapenaren goialdean dauden taldeak entrenatzen. Egunen batean gustatuko litzaizuke behealdean dagoen bat entrenatzea?

Talde guztietara arrazoi batengatik joan naiz: niretzat erronka bat zirelako. Orain gustura nago Salamancan, ikusten dudalako gauzak argi daudela, ahal duten neurrian baldintza onenak jartzen dizkidatela eta lan egiten uzten didatela.

Zein da zure entrenatzaile erreferentea?

Niretzat, ikusi dudan entrenatzailerik onena Obradovic da. Ez bakarrik tekniko-taktikoki, baita jokalariengana iristeko duen gaitasunarengatik ere. Horretan ez dut parekorik ikusi. Jokalariei ezeren gainetik hiru gauza eskatzen dizkiet: ilusioa, pasioa eta hobetzeko gogoa. Hori erakusten ez duten jokalariak entrenatzeak nagia ematen dit.

Zaila al da dena irabazten duten taldeetan izaera lehiakorrari eustea?

Exijentzia eta lehiakortasuna garrantzitsuak dira, baina beti dago muga bat. Duela hamar urte arlo horretan askoz zorrotzagoa nintzen. Urteen poderioz ikasi dut. Ikaskuntza horretan asko lagundu dit jokalariei entzuteak, batez ere taldeetako liderrei. Nik beti dut buruan konexio hitza taldearekin nagoenean. Multzoarekin konektatzen ez baduzu, ia ezinezkoa da zure taldea duen mailarik onenean lehiatzea. Entrenatzailearen buruan zera egon behar du: jokalari bakoitzari laguntzea hobetzen eta ondo egoten, taldearentzat onena eman dezan. Jokalariak asko estimatzen du entrenatzaileak entzuteko gaitasun hori izatea. Adibidez, gure taldeko liderretako bat Silvia Dominguez da. Behin baino gehiagotan elkartzen naiz harekin gosaltzera entrenamendua baino lehen, eta asko hitz egiten dugu.

Entrenatzaileak ere umila izan behar du, eta akatsak onartu?

Umilena. Baina asko kostatzen zaigu akatsak onartzea. Batetik, egoa daukagu, eta, bestetik, sarritan uste dugu horrek gure ahuldaderen bat agerian utz dezakeela. Baina kontrakoa da. Nik maiz egin dut, barkamena ere eskatu izan diet, eta batzuek harritu egin dira horregatik. Aldi berean anbiziotsua izan behar du teknikariak, eta apur bat harroa kanpora begira, bere taldea muturreraino defendatuz.

Hala izanda, zer bilatu zenuen Gernikaren aurkako azken liga erregularreko partidaren ostean jokalariei publikoki egindako kritikekin?

Adierazi nahi nien nahiz eta irabazi ez gindoazela bide onetik. Izan ere, irabazteak gauza asko estaltzen ditu. Aspalditik neraman hori esaten. Ez ginen ondo jokatzen ari, eta entrenamenduetan ere arreta ez zen egokia. Uste dut harrabotsa gehiago izan zela kanpora begira. Nire jokalariek ondo ezagutzen naute, eta ez zituen ezustean harrapatu

Hungarian, Turkian eta Errusian entrenatu duzu, eta 2020an itzuli zinen Espainiako Ligara. Zer aldaketa antzeman dituzu?

Aldaketa handiena izan da ACB ligako hainbat klubek sortu dituztela emakumezkoen taldeak, eta jada ari direla gorenean lehiatzen. Estudiantesek, Valentziak eta Zaragozak egin dute urratsa, eta arrakasta handia dute. Ziur gero eta gehiago izango direla etorkizunean. Hori dela eta, apur bat aldatu egin da ligaren egitura. Klub horiek azpiegitura eta baliabide asko dituzte. Horrek zailago jartzen dizkigu gauzak.

IDKri, Gernikari eta Araskiri nola eragingo die horrek?

Oso errotuta dauden proiektuak dira, eta egonkortasun handia dute. Guri bezala, zaildu egingo zaizkie gauzak, baina oso esku onetan daude proiektu horiek.

Egon zaren zein herrialdetako saskibaloi ereduarekin identifikatzen zara gehien?

Esan dezakedana gustuko dudan saskibaloi mota da, eta pista osoan jokatzen dena da. Pista osoa erabiltzen dena bai defentsarako, bai erasorako. Espazioetara jokatzen den saskibaloia maite dut, baina argi dut entrenatzaile batek ezin duela beti berdin jokatu, eta egokitu eginbehar dela dituen jokalarietara. Oreka bat bilatu behar du.

Nola ikusten duzu hurrengo denboraldia?

Talde guztiak asko indartzen ari dira, eta denboraldi zaila eta gogorra izango da. Baliteke ezusteak izatea. Izan ere, WNBAren egutegia tarteko, AEBetako jokalari batzuek liga hasi ahal izango dute, baina ziurrenik ezingo dute bukatu. Horrek gauzak zaildu egiten ditu.

2025 arte luzatu duzu kontratua. Lasaitu egiten zaitu horrek?

Alde batetik bai. Baina, nire izaeragatik, ez naiz proiektu luzeen zalea. Proiektu luze batean egongo banintz, ingurukoak erre egingo nituzke, beti dudalako buruan nondik hobetu daitekeen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
BERRIAk ahotsa ematen die gizarte justu baten alde egiten duten mugimenduei. Urriaren 3a baino lehen 100 euroko ekarpena eginez gero, 'Gazako egunerokoa' liburua jasoko duzu opari.