Julen Zubero. Mendiko bizikletako txirrindularia

«Uste dut irabazteko aukera aproposa galdu dudala»

Oso lan ona egin berri du Julen Zuberok Saudi Arabian jokatutako Titan Serietako lasterketan. Etapa bat irabazi du, eta bigarren izan da sailkapen nagusian. Halere, aitortu du «arantza bat» duela, irabaz baitzezakeen.

LUIS JAUREGIALTZO / FOKU.
Unai Ugartemendia.
2020ko otsailaren 7a
00:00
Entzun
Saudi Arabiatik itzuli berri da Julen Zubero (Lemoa, Bizkaia, 1982) mendiko bizikletako txirrindularia. Titan Serietako lasterketa batean lehiatu da han. Onenekin, nor baino nor gehiago aritu da, eta oso gertu izan du garaipena. Josep Betalu ziklista profesionala bakarrik izan du aurretik. Handik bueltan, familiak Bilbon daukan bizikleta dendaren egunerokoan murgilduta dago jada.

Saudi Arabiatik itzuli berri zara. Nolako esperientzia izan da?

Lau egunetako lasterketa izan da, eta bertan lehiatu garen guztiak oso pozik itzuli gara. Oso gustura egon gara bertan; herriko jende guztia oso ondo portatu da gurekin, eta, Marokoko proban hainbeste urteetan lehiatu eta gero, hau beste gauza bat izan da. Ibilbide bikainak izan ditugu. Dena hobea izan dela esango nuke. Lehenbizikoz jokatu da proba han, eta badirudi antolatzaileek Titan Serietako zigilua zabaldu nahi dutela; alegia, beste herrialde batzuetan lehiatzeko aukera ireki nahi dutela.

Lau etapa izan ditu probak. Zein asmo zenituen hasi aurretik?

Urteko lehen proba izanda, ez nekien nola joango zen dena. Oraindik ez gaude sasoiko, ez genekien nolako lasterketa izango zen, ez genuen haren inguruko datu zehatzik... Nola nengoen ikustera joan nintzen. Behin lasterketaren berri izanda, eta, zein jende ariko zen ikusita, banuen aurrean egoteko esperantza. Bost txirrindulari ibili gara aurrean, baina ez nekien nola ibiliko ziren beste aurkariak.

Lehen etapa ez zenuen batere ondo amaitu, denbora asko galdu zenuen.

Lehen eguna beti da zaila. Aurreko egunean iritsi nintzen, hankak ere nekatuta sentitzen nituen, eta, agian, ez nuen hainbesteko indarra aurrekoekin egoteko. Pena izan zen denbora galtzea, baina ez nuen esperantzarik galdu. Hirugarren edo laugarren egunerako lehian sartzea espero nuen.

Ez zenuen hainbeste itxaron beharrik izan. Bigarren etapa irabazi zenuen, eta lider jarri zinen.

Bai, eta hori gurpila zulatu nuela. Hala ere, hanka onak izan nituen egun guztian. Lan handia egitea tokatu zitzaidan, egun gogorra izan baitzen. Helmugan alde pixka bat ateratzea lortu nuen.

Etapa amaieran aipatu zenuen «oso nekatuta» iritsi zinela, eta, agian, hurrengo egunean nabarituko zenuela. Hala izan al zen?

Nik bakarrik ez, denok oso nekatuta amaitu genuen bigarren etapa. Hirugarren egunean, ni joan nintzen aurrean. Helmugarako hemezortzi kilometro falta zirela, abiadura-kaxa apurtu nuen harri batekin. Denbora galdu nuen berriro, baina, etapa nola joan zen ikusita, pozik amaitu nuen. Hori bai, lasterketa irabazteko aukera guztiak galdu nituen.

Horregatik, azken etapan arriskatu beste aukerarik ez zenuen izan. Zein asmorekin irten zinen?

Dena ematera atera nintzen hasieratik, baina ibilbide gehiena aldapa behera zen, eta horrelakoetan oso zaila izaten da aurkariei denbora kentzea. Banekien oso zaila izango zela, eta hala izan zen. Ezer arrarorik gertatu ezean, ia ezinezkoa zen irabaztea.

Lau etapako lasterketa batean, arazorik txikiena garesti ordaintzen da, ezin da hutsik egin, ezta?

Bai, aldeak ez dira hain handiak izaten, eta lehen hirurak oso tarte gutxirekin ibili gara. Oso zaila izaten da bizpahiru minutuko kontrako aldeari buelta ematea, eta hemen ere horrela gertatu da.

Estrategia oso garrantzitsua dela aipatzen duzue askotan. Hainbesterako al da?

Ezagutu egin behar dira lasterketaren gorabeherak. Estrategia bati jarraitzea oso garrantzitsua da: zein den etaparik onena eta txarrena, aurkariak nola dauden jakitea...

Marokoko Titan Desert lasterketa famatua bost aldiz irabazia duen Josep Betalu kataluniarrak hartu zizun aurre sailkapen nagusian. Garaiezina al da horrelako lasterketetan?

Betalu profesionala da, haren egunerokoa bizikletan ibiltzea da, eta guk, aldiz, lanera joan behar dugu. Oso zaila da haren erritmoari eustea, baina oraingo honetan ez dut hain urruti ikusi; agian, Marokoko lasterketa sei egunekoa izaten delako, eta hemengoa, lau egunekoa. Hari irabazteko moduan ikusi dut neure burua.

Alde handia nabaritu al duzu Marokoko Titan Desert lasterketaren konparatuta?

Ibilbideak nahiko antzekoak dira, nahiz eta Marokoko mendiak ez diren hain handiak. Bestalde, Saudi Arabiako dunak handiagoak dira, luzeagoak... Antolakuntza bera, askoz hobea iruditu zait: janaria, dutxak... Hotel batean bezala egon gara.

Zer ikasi duzu esperientzia honetatik?

Aurkariak nahiko gertu ikusi ditudala, eta garaipena ez dudala hain urruti izan. Orokorrean, ondo sentitu naiz, eta, denboraldi hasiera izateko, nahiko ondo ikusi dut neure burua. Lagunekin ere asko gozatu dut, bai barruan, baita kanpoan ere. Inoiz ez naiz joaten sailkapen nagusiairabazteko asmoz. Niretzat etapa bat irabaztea izan ohi da helburua. Oraingoan, irabazi egin dut etapa bat, eta, gainera, lider izan naiz.

Ez al zaizu arantzarik gelditu?

Amaitu bezain pronto, bai. Neure burua ondo ikusteaz gain, egunero aurrean ibili naiz, eta konturatu naiz besteak ere ez zihoazela hain ondo. Horregatik, uste dut irabazteko aukera apropos bat galdu dudala. Behin etxean eta hotzean pentsatuta, argi neukan hara gozatzera nindoala eta esperientzia berri bat probatzera, eta helburu hori, behintzat, bete dut.

Hurrengo erronka nagusia apirilean jokatu den Marokoko Titan Desert proba izango al da?

Bai. Nire azken urteetan proba hori izaten da helburu nagusia. Hara, oso sasoiko iristea izaten da erronkarik handiena. Aurretik, hiruzpalau eguneko lasterketa pare bat egingo ditut, Aragoiko [Espainia] eta Eivissako itzuliak [Herrialde Katalanak].

Euskal Herrian ere lehiatuko zara?

Bai. Marokoko lasterketa iritsi arteko egutegia finkatuta daukat jada, baina ondorengoa oraindik urruti dago. Hala ere, asko gustatzen zait etxeko lasterketetan lehiatzea, eta ziur baten batean ariko naizela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.