Ivan Campo. Futbolari ohia

«Akatsik ezin da egin Real Madrili irabazi nahi bazaio»

Alaves eta Real Madrilen arteko partida «polita» eta «lehiatua» izatea espero du Ivan Campok. Bi taldeetan jokatutakoa da, bere ibilbideko bi fase ezberdinetan.

LEOBIANCA PHOTOGRAPHY.
Iñigo Lasa Fresneda.
2020ko azaroaren 28a
00:00
Entzun
Profesionalki futbolean jokatzeari aspaldi utzi bazion ere, oraindik ere harreman estua du baloiaren munduarekin Ivan Campok (Donostia, 1974). Ahal duenean, jokatzeko geratzen da lagun eta taldekide ohiekin. Gaur bere bi talde ohi nor baino nor gehiago ariko dira: Alaves eta Real Madril.

Ia 30 urte pasatu dira Alavesen jokatu zenuenetik. Gauzak asko aldatu dira azken urteotan, ezta?

Bai, kluba asko aldatu da azken bi hamarkadetan. Mendizorrotzak sekulako aldaketa jo du, eta zale kopurua ere ugaritu egin dela esango nuke. Ni egon nintzenetik, dena guztiz aldatu da, eta hobera, gainera.

19 urterekin joan zinen zu Gasteizera. Nola gogoratzen duzu hori?

Alavesera iritsi nintzenean, ume bat nintzen. Sekulako zortea izan nuen, izen oneko jokalari askorekin jokatzeko aukera izan nuelako: Antonio Gorriaran, Musti Mujika, Joseba Agirre, Aitor Arregi… Talde ederra osatu genuen, eta Gasteiz gurekin zegoen. Pixkanaka-pixkanaka, helburuak lortuz joan ginen; esaterako, Bigarren Mailara igotzea. Asko gozatu nuen Gasteizen.

Ba al du antzik zuk jokatu zenuen Alaves horrek gaur egungoarekin?

Egia esateko, nik beti berdin ikusten dut. Dagoen tokian dagoela, familia giroko klub hori ikusten dut, hain gasteiztarra dena. Lehen Mailan, Bigarrengoan edo beherago egon, ez dut uste inoiz aldatuko denik, gainera. Oso talde berezia da, zale ikaragarriak dituena.

Nola iruditzen zaizu dabilela Alaves denboraldiaren aurreneko zatian?

Orain arte ondo ibili da taldea. Nire ikuspuntutik, gauzak ondo egiten ari direla uste dut. Batzuetan, partida on bat jokatzen duzu, eta ez duzu punturik poltsikoratzen; beste batzuetan, aldiz, gutxi eginda, puntuak lor ditzakezu. Baina Alaves irudi ona ematen ari da.

Alaveseko entrenatzaile Pablo Machini bost atzelarirekin jokatzea gustatzen zaio, baina azken partidetan lauko lerroarekin ari da. Zuk bi eskemetan jokatu izan duzu, atzelari modura. Zer eman diezaioke bakoitzak taldeari?

Entrenatzaile bakoitzak futbola ikusteko bere modua dauka, eta hori ona da. Nik uste dut jokalariak, eskema zehatz batean, konfiantzaz sentitzea nahi duela Pablok. Gaur egun hori izaten da teknikarien asmoa: talde osoa eroso sentitzen den eskema eta jokamolde bat izatea. Gainera, bost aldaketetako arau berriarekin, talde guztia gogoarekin izatea errazagoa da. Horrek entrenatzaileei mesede egiten diela uste dut.

Alaves zure talde ohi baten kontra jokatzetik dator [Valentzia], eta gaur beste baten aurka ariko da: Real Madril. Nolako partida izango da?

Mundu guztiari gustatzen zaio horrelako partidak jokatzea. Munduko talde onenetariko baten aurka jokatzen duzu, eta partida oso bereziak izan ohi dira. Kasu hauetan, gainera, jokatzeko motibazioa ez dizu entrenatzaileak ematen, norberak bere buruari ematen baitio. Hala ere, Alavesek lehiatzera atera beharra du.

Zein izango da gakoa partida irabazteko?

Ezin da hutsik egin Real Madrili irabazi nahi bazaio. Garrantzitsuena hutsik ez egitea da. Haiei gola sartzeko aukerarik ez ematean dago gakoa. Horrelako partidetan, garrantzitsua da akatsik ez egitea, eta taktikoki ondo kokatuta egotea, eta dituzun aukera gutxi horiek ondo baino hobeto baliatzea.

Real Madril, Ligan, Valentziaren kontra galdu eta Vila-realen aurka berdintzetik dator. Zinedine Zidane ezagutzen duzu, harekin jokatua zarelako, eta nola uste duzu egingo diola aurre partidari?

Zizou-k [Zidane] beti taldearentzat onena dena bilatzen du. Gaur egun, partida asko jokatzen dira egun gutxian, eta jokalariak txandakatu beharra dago. Zizou-k badaki nolakoak diren euskal taldeak, haien intentsitate maila… Madrilek egun on bat izanez gero, oso zaila da galtzea. Baina partida jokatu beharra dago, eta edozeinek irabaz dezake.

Irabazi, Real Madrilekin irabazi zenuen gehien zuk, baina aurretik Valladoliden, Valentzian eta Mallorcan urte bana egin zenuen, Alavesen hiru urte eman ondoren. Salto handia izan al zen?

Ez, ez zen salto handia izan. Azken finean, horrelako talde handi batean jokatu nahi nuen, mundu guztiak jokatu nahi duen bezala. Hori bai, behin hor egonda, jokatzeko gai zarela erakutsi beharra duzu, eta hori ez da erraza.

Bi Txapeldunen Liga, Espainiako Liga eta Superkopa, eta Kontinente Arteko Kopa bat irabazi zenituen zuk Real Madrilekin. Zure sasoirik onenak izan al ziren Madrilen eman zenituen haiek?

Ezta gutxiagorik ere. Denboraldi guztiek zerbait berezia dute. Batekin geratzen bazara, ematen du besteek ez dutela ezertarako balio izan, eta hori ez da horrela. Futbolak eta bizitzak ematen dizuten guztiaz gozatu beharra dago. Ni sasoi guztiekin geratzen naiz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.