Xipri Arbelbide. Kazetaria eta idazlea

«Euskarari prestigioa eman diote Euskal Irratiek»

'Lehen euskarazko irratia, Gure Irratia' liburua idatzi du Arbelbidek. Idazleak azaldu du irratia etxe askotan sartu zela sortu eta gutxira. «Euskarak bidea egin du irratiari esker».

BOB EDME.
urtzi urkizu
2022ko maiatzaren 7a
00:00
Entzun
Gure Irratiaren 40. urteurrenaren harira, euskarazko hedabide horren sorreraren ingurukoak idatzi ditu Xipri Arbelbidek (Heleta, Nafarroa Beherea, 1934) —Maiatzek atera du liburua—. Hain zuzen, Gure Irratiaren sortzaileetako bat izan zen Arbelbide. Askotariko liburuak idatzi ditu: eleberriak, saiakerak, kronikak, poesia eta itzulpenak. Apaiza ere izan zen.

1980ko hamarkadaren hasieran nolako giroa zen Ipar Euskal Herrian euskal kulturaren bueltan?

Oso atzean geunden. Euskaldun gehienek uste zuten euskararenak egina zuela. Adibidez, ama hizkuntza euskara zuen emakume batengana hurbildu, eta galdetu nion zergatik hitz egiten zien seme-alabei beti frantsesez. Haren erantzuna: «Aski sufritu dut euskararekin, eta ez dut nahi nire haurrek gauza bera sufritzea».

1981ean, hainbat euskaltzalek Gure Irratia sortu zenuten. Sorrera prozesuan kritikak egin zizkizueten, ezta?

Bai, batetik bazen irrati libre bat frantsesez, Adur irratia, tarteka elkarrizketa batzuk euskaraz sartzen zituena, eta hura ahulduko zela esaten zuten. Bestetik, adibide bat: Gure Irratia sortu berritan, Seaskako andereño batzuek Baionako udaletxea okupatu zuten; Luzien Etxezaharreta joan zen mikroarekin, eta andereñoek ez zuten nahi izan hitz egin Gure Irratiarentzat. Soilik Adur irratiarentzat mintzatu ziren.

Liburua idaztean, oroitzapenak argi zenituen, ala bazenituen paperak gordeak?

Gure Irratiaren artxiboak sute batean erre ziren. Baina garai hartako artikulu batzuk baliatu ditut. Nire oroitzapenei heldu diet, noski. Eta garai hartako irratilari lagunek asko lagundu naute: pasadizo batzuk haienak dira.

Gure Irratia sortu zenutenei behar besteko aitortza egin al dizuete erakundeek?

Errealitatean, ez. Garrantzitsua da esatea Etxeparek euskarazko lehen liburua idatzi zuen moduan, Gure Irratia izan zela lehen euskarazko irratia. Mundu modernoan sartu zen lehena.

Sosik ere ez zenuten ia.

Zerotik abiatu ginen. Eta ez genuen diru laguntza izpirik izan lehen urteetan. Sarako Udalak eman zigun lehen laguntza.

Hego Euskal Herrian irratigintzan ari ziren batzuekin harremanak izan zenituen, ezta?

Bai, irratigintzaz ez genekin askorik. Hegoaldera joan ginen, eta Herri Irratiko buru Jose Mari Oterminekin egon ginen. Erran zigun kontuz ibiltzeko euskarazko irrati bat sortzearekin.

Gure Irratiaren ostean iritsi ziren Irulegiko Irratia eta Xiberoko Botza. Nola ikusten dituzu egun Euskal Irratiak?

Bide handia egin dugu. Euskarari prestigioa eman diote. Zenbaitek garai batean ez zuten uste irrati bat egun osoz euskaraz ari zitekeenik, eta hori lortu dugu. Bestalde, Gure Irratiak ez dio inori aterik itxi: iritzi desberdinetakoak mintzatu dira hartan. Batzuk hasieran beldur ziren mikro baten aurrean, baina emeki-emeki jarri dira. Euskaraz ikasten ari zirenak ere mintzarazi ditugu.

Hilaren 25ean, euskarazko lehen irratien inguruan arituko zara Iruñean. Liburuak aitzakia polita eman dezake halako mintzaldiak egiteko?

Bai, bistan da, jendeak ikus dezan nondik gatozen. Euskarak bidea egin du irratiari esker, Gure Irratian sortu eta berehala etxe guztietan sartu baitzen. Siadecoren ikerketa baten arabera, Gure Irratia entzuten dute euskaldunen %17,5ek; eta Euskal Irratiak entzuten dituzte %35ek.

Zer albiste gustatuko litzaizuke irratian entzutea?

Ikastetxe guztietan murgiltze eredua jarri dutela.

Ez da lehen liburua Maiatz argitaletxearekin atera duzuna. Maiatzek mereziko luke bere historiaren gaineko liburu bat?

Batere dudarik gabe. Luzien Etxezaharreta Maiatzen sortzailea ohorezko euskaltzain izendatu dute, eta pozten nau horrek. Euskaldun munduan pisu izugarria izan du Etxezaharretak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.