Huw Marshall. Hedabide bultzatzailea

«Eskozia eta Euskal Herria lehenak dira nire zerrendan»

Londrestik zuzenduriko hedabideek Galesen duten eraginaz akiturik, hedabide independente bat eratzeko lanean hasi da Marshall, S4C kateko arlo digitalaren buru ohia. Dirua biltzen dabil, merkatu ikerketa egiteko.

Edu Lartzanguren.
2018ko abenduaren 29a
00:00
Entzun
Huw Marshall (Wrecsam, Gales, 1969) aktorea, telebistako ekoizlea eta S4C galesezko kate publikoko arlo digitalaren burua izan da. Kanpaina bat zabaldu berri du informazioa Galesko ikuspegitik landuko duen hedabide independente bat sortzeko.

Esan duzu «hedabide zerbitzu bat» sortu nahi duzula, baina zer hedabide mota duzu buruan?

Aukera guztiak aztertuko ditugu. Gaur, argi dago adin ezberdinetako ikus-entzuleek informazioa modu eta formatu ezberdinetan kontsumitzen dutela. Bideoa gakoa izango da, baina audio eta podcast-ak ere aukera bat dira.

Kexu zara Galesen Londrestik zuzenduriko hedabideak direlako nagusi; The Daily Mail, The Sun, BBC eta Sky, tartean. Nola eragiten die horrek galesek jasotzen duten informazioari?

Arazo handia da, eta egitasmoa garatzeko arrazoi nagusietako bat. Bizitzaren erretratua lente britainiar batetik ematen digute; politikan, bi aukera besterik ez dago —Alderdi Kontserbadorea eta Laborista—; NHS [Osasun Zerbitzu Nazionala], heziketa eta ekonomia Erresuma Batuaren gai gisa aztertzen dituzte, nahiz eta errealitatean aginte autonomoen esku dauden. Gure hedabide nazionalak bananduta daude ingelesezkoen eta galesezkoen artean. Horrek banandu egiten du gure nazioa, batu ordez.

Ardura bat izan zenuen Galesezko S4C telebista katean. Ezin zen egin lan hori S4Cn? Zergatik behar du Galesek «komunikabide independente» bat?

Begiratu Galesko hedabideen gaurko panoramari: BBC da indar nagusia bideo, audio eta albiste digitalei dagokienez, ingelesez zein galesez, baina munduari ikuspegi britainiar batetik behatzen dio, nahiz eta galesezko katea apur bat galeszaleagoa izan. BBCk ematen dizkio albisteakS4Cri. Galesko hedabideek ez dute Eskozian, Katalunian edo Euskal Herrian duten segurtasuna. Pentsatu nahiko nuke etorkizunean haiekin kolaboratzeko aukerak egon daitezkeela, batez ere alor digitalean. Izan ere, hedabide berriak lankidetzan aritu beharko du, arrakasta izan nahi badu, ez bakarrik Galesen, baizik eta globalki. Eskozia eta Euskal Herria lehenak dira nire zerrendan, etorkizunerako negozio eredua aztertzeko orduan.

Zer hizkuntza erabiliko du hedabide berriak?

Elebiduna izango da, baina ez da itzulpen literalik egongo. Eduki ezberdinak, hartzaile ezberdinentzat.

Zelako negozio eredua ikertzea proposatuko duzu?

Hasierako diruak aukera emango digu denbora eskaintzeko hainbat ereduri begiratzeko. Prentsak zailtasunak ditu, baina gaur erakargarriagoa izan daiteke publizitatea erosi nahi dutenentzat. Gero eta iragarle gehiagok erabiltzen dituzte hedabide digitalak eta sare sozialak, baina eremu horrek baditu erronkak komertzialki. Iragarki plataforma hiperlokalei begiratu behar diegu, baina baita jendearengana heldu nahi duten negozioei eta erakundeei. Ez dago Galesko argazki agentzia ofizialik; beraz, argazkilariekin eta bideogileekin hizketan ari gara, halako bat komertzialki nola garatu aztertzeko. Hedabideak dirua egin beharko du, ez izugarri, baina bai nahikoa, zerbitzuaren garapenean inbertitzeko.

Mundu digitaletik zatoz. Horrek esan nahi du prentsa ez duzula kontuan hartuko?

Hedabideak batez ere digitala izan beharko du, baina ezingo da izan webgune estatiko bat, iritzia ikuspegi bakarretik eskaintzen duena. Teknologia erabili behar dugu, adimen artifiziala eta datuak. Dirua jendearengan gastatu behar dugu, ikertzeko, egiaztatzeko eta dagokien plataformentzat edukia sortzeko denbora izan dezaten. Ikusten dut oraindik ere lekua prentsarentzat, baina nola eta non? Ikusiko dugu ikerketak zer esaten digun.

Noiz zabalduko duzue Galesko hedabide independentea?

Lanean hasi gara dagoeneko, kazetariekin hitz egiten eta datuak biltzen. Gainerako dirua eskuratzen dugunean, egun bateko konferentzia antolatu ahalko dugu martxoaren amaierarako. Internetez ikusi ahalko da. Han, ikerketaren ondorioak aztertuko ditugu, eta negozio planak finduko ditugu. Primerakoa litzateke plan pilotua 2019ko uda hasierarako martxan izatea. Gero eta diru gehiago bildu, orduan eta azkarrago ibiliko dira gauzak.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.