Eider Hurtado. EITBko 'El cambio' saioko aurkezlea

«'El Cambio' saioa garrantzitsua da kontzientzia hartzeko»

Klima aldaketaren inguruko 'El Cambio' saioaren bigarren denboraldia amaituko da gaur ETB2n. Podcasta ere egiten ari dira, eta jarraipena izango du. Programa «ikusle datuez harago» doala uste du Hurtadok.

EITB.
urtzi urkizu
2023ko otsailaren 17a
00:00
Entzun
Radio Euskadi eta Onda Vasca irratietan aritutakoa da Eider Hurtado (Santurtzi, Bizkaia, 1982). ETB2ko hainbat saio aurkeztu ditu: 360 grados, Aquí y ahora... Espainiako monarkiari buruzko liburu bat idatzi zuen Ana Pardo de Vera eta Albert Calatrava kazetariekin batera: La armadura del rey (Erregearen armadura). Proyeccion eta Secuoya ekoiztetxeek egiten dute El Cambio saioa EITBrentzat, eta aurkezle jarduten du Hurtadok.

Ura, birziklapena, gehiegizko kontsumoa... Gaur egungo garaietarako gai garrantzitsuak dira El Cambio saiokoak. Zer ondorio ari zara ateratzen?

Gero eta kontzientzia handiagoa daukagu zer egiten ari garen ingurumenari eta planetari, baina,hala ere, gure erosotasuna lehenesten dugu. Erritmo kontsumistarekin jarraitzen dugu. Prozesu batean murgilduta gaude, aldaketaren bidean, baina horrek bizkortu egin beharra dauka. Nahiko atzetik goaz. Neronek aitortzen dut gauza asko egiten ditudala gaizki egunero. Esnatzen garenetik oheratzen garen arte, keinu askotan sartzen dugu hanka. El Cambio saio garrantzitsua da, kontzientzia handiagoa hartuz joateko.

Saioak une batzuetan etorkizunari begiratzen dio. Izan ere, klima larrialdiak herritar guztien etorkizunean izango du eragina, ezta?

Klima aldaketa ez dugu gramatikalki etorkizunean erabili behar, oraina baita. Egia da programan 2050. urteko ortzi muga finkatzen dugula, egoera muturrera nora joango den ikusteko. Modu horretan, aldaketa gogorrak ikus ditzakegu. Adituek ere ortzi muga horiekin egiten dute lan. Edonola ere, klima aldaketa errealitate bat da gaur egun: eragina du elikaduran, nekazaritzan, abeltzaintzan... Herritarrok klima aldaketa eragiten ari gara, eta azkeneko udan gertatu zena gogoratzea besterik ez dago. Adituek diote lehorteak eta tenperatura handiko boladak intentsoagoak izango direla datozen urteetan.

Zerbitzu publikoko funtzioa du saioak. Nahikoa garrantzia ematen al zaie halako programei?

EITBn kontzientzia handia dago horrelako saioak sustatzeko. Eta saio hauek ezin dira ikusle datuen arabera neurtu. Apustu bat dago, ikusle datuez harago doana. Horregatik, telebista saioaz gain, podcast bat martxan jartzea erabaki genuen.

Zer moduz sentitzen ari zara podcasta aurkezten?

Oso interesgarria gertatzen ari da. Ni irratitik nator: jatorrietara itzultzea bezala izan da, baina beste formatu batean. Komunikatzeko modua desberdina da, eta gogoko dut atzean ez gelditzea komunikatzeko forma berrietan. Podcasta sorkuntza lana da: soinuen bidez, mundu desberdinetan sartzen zara. Gainera, ETB2ko saioan landutako gai batzuk sakontzeko aukera ematen digu.

ETB2ko emanaldiak gaur amaituko dira. Baina podcastari falta zaizkio atal batzuk, ezta?

Bai, podcasta ematen geroago hasi zirelako. Datozen asteetan El Cambio-k jarraituko du podcast formatuan. Iruditzen zait, gainera, saioko atalak edonoiz berreskuratu daitezkeela eta hala egin beharko genukeela.

Lehen denboraldia Angels Barcelok aurkeztu zuen.

Miresten dudan profesional bat da, eta lan ona egin zuen lehen denboraldian. Lan hau aurkeztu zidatenean, fijatu nintzen Barcelo nola aritu zen, ohar batzuk hartzeko.

Aurkeztu izan dituzun beste saio batzuen aldean, zertan izan da hau desberdina zuretzat?

Dibulgazioaren alde egin du programak. Horrez gain, entretenimenduaren aldeko hautua egin du nire rolean; pertsonaia ospetsu bat esperimentu batean murgiltzen dut atal bakoitzean, eta hori jostagarria izan da. Beste erregistro batzuetan aritzeko aukera ere eman dit.

Gaur egungo hitza ez al da jasangarritasuna?

Bai, jasangarritasunak diskurtso guztiak zipriztintzen ditu. Maila guztietan gertatzen ari da hori. Zorionez, txipa aldatu beharko dute enpresa guztiek. Irudi ona eman nahi badute, enpresek gaiari heldu beharko diote.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.