Iker Vicente. Aizkolaria

«Dagoeneko nahiko egina nago finaletan egon ohi den presiora»

Igandean Euskal Herriko Txapelketako finala irabazteko hautagai nagusia da Iker Vicente. Azken bi aldietan, bigarren izan da, baina uste du aurtengo saioan ere ez duela aurkaririk faltako: «Maila ona egongo da».

Jon Ander De la Hoz.
2019ko urriaren 23a
00:00
Entzun
Herri kirolen zale gehienen begietara, Iker Vicente da (Otsagabia, Nafarroa, 1997) Euskal Herriko Aizkolari Txapelketa irabazteko faboritoa. Igandean jokatuko da finala, Gasteizen, 12:00etan, eta Vicentek aitortu du hari begira jarria dagoela dagoeneko. Sasoi onean iritsiko da urteko txapelketa nagusira; kanporaketan aise sailkatu zen finalerako, denborarik onena eginda.

Gertu da igandeko finala. Nola egiten diozu aurre?

Urduritasunak eta kezkak nabaritzen hasiak gara. Denbora asko daramagu entrenatzen; maiatz ingurutik txapelketa honi begira gaude. Ordu asko dira, entrenamendu asko, buruhauste asko, eta, eguna iritsi ahala, gehiago. Egun bakar bat izaten da, momentu bakar bat, eta orduan egin behar dugu guztia. Ea dena ondo irteten den.

Urteko helburu nagusia duzu?

Bai, hala da. Urteko egunik garrantzitsuena da final hau, eta egun bakar batean asmatu behar izaten dugu.

Prestaketari dagokionez, lanik gehiena egina izango duzu dagoeneko.

Bai. Egin beharreko guztia eginda dago. Entrenamenduak eginda daude, eta gehiago izaten da atseden lana; aurreko asteetako lanetatik errekuperatu, katarrorik ez harrapatzen saiatu, apur bat kontuz ibili... horiek dira aste honetako lanak.

Askoren begietan, txapela janzteko faborito nagusia zara. Lehendabizikoa izango zenuke.

Bai. Lehendabizikoa nuke, eta, azken bi urteetan bigarren egin eta kanporaketan lehena izanda, normaltzat har daiteke jendeak faborito gisa hartzea. Halere, Mikel Larrañaga oso ondo ari da; asko hobetu du iaztik, eta gogoan izan behar da bi egurren faltan bera aurretik zela. Aurten ere oso lehia gogorra izango da.

Faborito izate horrek presioa areagotzen dizu?

Ez, uste dut presio aldetik ez didala eragiten. Dagoeneko nahiko egina nago finaletako presioetara, eta argi dut nire lana egingo dudala. Ahalik eta ondoen egin nahi dut.

Aipatu duzu azken bi aldietan bigarren izan zarela. Jauzia egiteko garaia da?

Nahi bai; asko gustatuko litzaidake txapeldun izatea. Gauza handia da, eta uste dut prest nagoela; oso ongi iristen naiz finalera. Gauzak ondo eginez gero, ez naiz oso urruti ibiliko.

Azken bi aldietan garaipenetik hogei segundo eskasera geratu zinen. Aurten ez da ariko Aitzol Atutxa, txapelketa haietako irabazlea.

Egia da. Txapelketa guztiko ezustekorik handiena izan da Aitzol Atutxa kanpoan geratu izana. Aurkari bat gutxiago da, baina pena ere ematen dit horrek. Finala onenen aurka jokatzea gustatuko litzaidake, eta, irabaziz gero, nahiago nuke azken urteetako txapelduna han dela irabaztea. Baina, tira, kanpoan geratu da, eta finalean ez da ariko.

Kanpoan geratu zela ikusi zenuenean aukera bat zabaldu zitzaizula pentsatu al zenuen?

Bai, baina, egia esan, nik Larrañaga Aitzol [Atutxa] bezain aurkari gogortzat jotzen nuen; halere, Aitzol kanpoan geratuta, egia da aurkari bat gutxiago dagoela. Baina segituan pentsatu nuen irabaztekotan onenen aurka egin nahi nuela, eta alde horretatik pena eman zidan.

Sailkatze proban lehen egitea bultzada bat izan zen finalera begira?

Beti izaten da bultzada txiki bat. Badakigu finaleko lanek ez dutela zerikusirik, lan bikoitza delako, eta ezberdina da. Baina beti ematen du bultzadatxo bat; mesede egiten du, bai. Azkenean, finaleko aurkariekin neurtzen duzu zeure burua, eta, lan erdietara irabazita, animo hori eman du.

Askok diote Larrañagarekin izango duzula lehiarik estuena. Behetik gora dator azpeitiarra.

Larrañagari ikusten zitzaion gugandik gero eta gertuago zegoela, eta aurtengo Urrezko Kopan ikusi zen bera joan zela lehen postuan hamalau egurretatik hamar igaro arte [Vicentek berak irabazi zuen]; gainera, Atutxaren aurretik egin zuen. Gogoan izanda lan horietan aurrea hartuta ibili zela eta jakinda zer denbora egin zuen, ikusten da gure artean dagoela, eta hirurok oso maila antzekoan gaudela.

Julen Alberdi Txikia IV.a oso indartsu ari da, eta finalean izango da.

Bai. Alberdi oso ondo heldu da finalera; badakigu zer-nolako aizkolaria den, nolako kolpea duen, eta egurra nola pasatzen duen. Halere, aurrenengo finala du, eta ez dakit nola irtengo zaion. Nik uste aurrenengo final guztiak oso gogorrak izaten direla, eta, gu ere hortik pasatu ginen moduan, berak ere pasatu beharko duela. Nolanahi ere, eta ez nintzateke harrituko finalean oso lan ona egingo balu ere.

Eneko Otañok, Iñaki Azurmendik eta Jon Rekondok osatuko dute seikotea. Zer-nolako finala geratu da?

Uste dut final ona dela. Oraingo sei aizkolaririk onenak gara, eta uste dut final oso lehiatua ikusiko dugula. Maila ona dagoela esango nuke.

Txapela janztea urteari ginga jartzea izango litzateke zuretzat?

Bai. Uste dut nahiko urte ona ari naizela egiten; txapelketa gehienetan oso-oso gustura ibili naiz, eta, oraingo finala irabaziko banu, oso urte borobil bat izango litzateke niretzat.

Hamabi enbor ebaki beharko dituzue finalean; lau kana-erdiko, lau 60 ontzako eta lau oinbiko. Nolako lanak dira horiek aizkolarientzat?

Uste dut aizkolari guztientzat izugarri gogorra izaten dela final honetan egin beharreko lana. Saioaren erdian lau oinbikoak egoten dira, eta hautsi egiten dute pertsona. Aldaketa asko izaten da; hasieran, bi kana-erdiko ebaki beharko ditugu, eta, gero, bi 60 ontzako. Oinbikoen ostean, berriz ere 60 ontzakoak eta kana-erdikoak datoz, eta denbora guztian aldatu egiten da enborraren tamaina eta erritmoa. Egur mota batera ohitzerako, bestera pasatzen gara, eta oso gogorra da hori.

Zorte pixka bat ere beharko da, adarrik ez dadila suertatu, eta halakoak.

Bai. Beti behar da zortea halakoetan. Gu gauden mailan, elkarrengandik horren gertu egonda, zorte txarra baldin baduzu, atzean geratzen zara, eta hor egongo da gakoa. Dena alde egon behar da.

Zer gako gehiago izango dira?

Beste kirol batzuetan bai, baina gurean ez dago matematika zehatzik. Egurrek asko esaten dute, eta, diozun eran, adarren bat-edo azaltzeak zeharo aldatzen du, baina uste dut gako nagusia hasieratik amaieraraino erritmo handia ezartzean egongo dela, eta baita hasieran aurkariari alde egiten ez uzteak ere. Horrek ere izango du garrantzia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.