Alfonso Vara. Nafarroako Unibertsitateko irakaslea

«Gazteen artean handiagoa da hedabideekiko eszeptizismoa»

'News Report 2018' inkestako albiste faltsuei buruzko datuak eman ditu Varak, Bilbon, Sabino Arana fundazioak antolatu jardunaldi batean. Gaiarekiko kezka hazten ari dela dio.

LUIS JAUREGIALTZO / FOKU.
urtzi urkizu
2018ko ekainaren 22a
00:00
Entzun
Nafarroako Unibertsitateko Informazio Enpresaren departamentuko zuzendaria —sei urtez— eta zuzendariordea —zortzi urtez— izan da Alfonso Vara (Burgos, Espainia, 1973). Aditua da negozio ereduetan eta ekonomian espezializatutako kazetaritzan.

Egiaren ostea: Politika eta Komunikazioa jardunaldian parte hartu duzu. Zer ondorio atera dituzu albiste faltsuen inguruko New Report inkestatik?

Espainia osoko internautekin egindakoa da inkesta, eta lehen ondorioa da kezka handia dagoela albiste faltsuekin. Erantzun dutenen artean, %69 oso kezkatuta daude Interneten dauden berri faltsuekin. Brasil eta Portugal dira kezka gehien duten herrialdeak, eta hirugarrena da Espainia. Galderetako bat da ea nork egin behar dien aurre albiste faltsuei: enpresa teknologikoek, komunikabideek ala gobernuek. Internauten %84k diote komunikabideak direla gehien egin behar dutenak; %79k dio enpresa teknologikoek —Facebook, Google...— hartu behar dutela ardura; eta %72k gobernuak aipatzen dituzte.

Adinen arabera, gazteek ala adinekoek sinesten dute gehiago hedabideetan?

Belaunaldien arteko arrakala bat dago konfiantzari dagokionez. 35-45 urtetik gorakoen artean, erdiak fidatu egiten dira albisteekin. 24 urte baino gutxiagoko gazteen artean, aldiz, %47 ez dira fidatzen albisteekin, eta soilik %30 fidatzen da hedabideekin. Eszeptizismoa handiagoa da gazteen artean.

Zenbaterainokoa da kezka Europako beste herrialde batzuetan ?

Beste herrialde batzuetan Espainian eta Portugalen baino kezka txikiagoa dago. Alemanian, internauten %37 baino ez dago kezkatuta gaiarekin; Frantzian, %62; eta Italian, %51.

Ikerketa batzuek diote sare sozialetan bizkorrago zabaltzen direla albiste faltsuak.

Bai, albiste faltsuak sare sozialetan egiten dira biralak. Osagai funtsezko batzuk daude gaur egun: lehen, hedabideek informazioaren monopolioa zuten, baina hori hautsi egin da. Edonork zabal ditzake edukiak, eta kontrolatzeko zailagoa da. Teknologiak eragiten du bideo muntaketak errazago egin ahal izatea, eta iraganean hori ez zen hain erraza. Abiadurari dagokionez, albiste faltsu bat bizkor egin daiteke birala. Azken hori ere berria da. Sakelakoek eragina dute horretan.

Zer mekanismo erabili beharko lirateke albiste faltsuen eragina minimizatzeko?

Komunikabideek kazetaritza hobea egin behar dute. Kazetaritzak berezkoa duen funtzio soziala bete behar du. Gobernuek neurriak har ditzakete, baina halakoetan eskua sartzen dutenean zentsuraren beldurra sortzen da. Sarri samar, gobernuek ahots disonanteak isilarazten dituzte, eta albiste faltsuen harira tentazioa izan dezakete adierazpen askatasunaren aurkako neurriak hartzeko.

Hainbat gobernuk eta alderdi politikok kezka azaldu dute albiste faltsuek hauteskundeetan eragin dezaketelako.

Bai, fenomeno berriak dira. Zenbait hauteskundetan eragina izan dute. Hautagai politiko baten aurkako gezur batek, birala egiten bada, eragina izan dezake herrialde bateko bozetan.

Negozio ereduetan aditua zara. Nola ikusten duzu egunkarien etorkizuna?

Egunkariak paperean adineko jendeak irakurriko ditu. Ikusi beharko da irakurle horien kopurua zenbatekoa den egunkaria batek bizirik iraun ahal izateko. Interneten ordaintzeko daudenen kopurua hazten ari da, baina kasu horretan informazioak berezitua eta bakana izan behar du. Harpidetza digitalak gero eta gehiago dira. Diru iturri bakarrak ez du balio, dena den, eta enpresek iturri askotatik edan behar dute.

Euskara eta halako hizkuntza gutxituetan, zer garrantzi izan dezake laguntza ematen duten irakurleen komunitateak?

Hedabide batek komunitate bati informazioa eta edukiak eskaintzen badizkio, eta denek hizkuntza eta kultura partekatzen badute, kazetaritza ereduak funtziona dezake. Gainera, iragarleak merkatu nitxo berezituetara doaz, eta, hedabideak komunitate baten parte sentitzen den nitxoa eskaintzen badu, aukerak oso onak dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.