Lizarrako festak. Patxi Agirre. Lizarra ikastolako gurasoa

«Lizarran euskaraz ere hitz egiten dela erakutsi nahi dugu»

Lizarra ikastolak berrogei urtetik gora daramatza jaietan gune bat antolatzen, beste bi euskal eragileren laguntzaz. Agertoki bat eta bi barra ditu guneak. Kaleetan euskara entzun eta erabiltzea da helburua.

IÑIGO URIZ / FOKU.
Iruñea
2019ko abuztuaren 4a
00:00
Entzun
Lizarrako ikastola partaidea da hiriko festetan. Festagune bat antolatu du, euskalgintzan lan egiten duen Garean elkartearekin eta La Bota peñarekin batera. Musika eta giroa dira eskaintza, euskaraz. Egitarau bat prestatu dute eragile guztien artean, kontzertu eta berbenekin. Patxi Agirre (Lizarra, Nafarroa, 1966) Lizarra ikastolako gurasoa da, eta parte hartzen du eskolako barne organoetan; aldi berean, Garean elkarteko partaidea ere bada. Jaietan, ikastolak antolatutako gunean dabil buru-belarri.

Ikastolakoek jaigune bat prestatzen duzue urtero. Noiz hasi zineten?

Ikastola 50. urteurrenean sartuko da hurrengo urtean, eta ia hasieran antolatu zen lehen barraka; duela 40 urte baino gehiago antolatuko zen lehena. Gure gurasoek hasi zuten dena, eta guk tradizioari jarraitu diogu. Gaur, hiru eragilek antolatzen dugu. Dena dela, Garean eta La Bota peñarekin duela urte gutxi hasi ginen elkarlanean. Santiago plazan dago aurten gunea; agertoki bat du, eta bi barra, ikastolarena eta La Botarena.

Zer helbururekin antolatzen duzue gunea?

Bi arrazoirekin: lehena, dirua lortzeko; bigarrena eta garrantzitsuena, esparru euskaldun bat antolatu nahi dugulako. Lizarran ere euskaraz hitz egiten dela erakutsi nahi dugu, gure seme-alabek hori suma dezaten. Jaiak ez dira kanpoko musikara mugatzen. Hori da gaur egungo helburu nagusia: jaietan euskal giroa sortzea.

Gunearen antolaketan jende askok parte hartzen du?

Esparrua antolatzen duten hiru eragileetako kideak gara gehienak. Baina prest gaude edonork parte har dezan: guri norbaitek barra egin nahi duela esaten badigu, adibidez, azkar egingo diogu lekua! Hori bai, dena auzolanean egiten dugu; lan guztiak boluntarioak dira.

Zer garrantzi du euskara kalera eramateak, zuen ustez?

Guk seme-alabak euskaraz ikastera daramatzagu ikastolara, baina, gero, ez dute euskara askotan erabiltzen lagunartean. Gainera, guraso euskaldunak dituztenek bakarrik dute egunero etxean euskaraz hitz egiteko zortea.

Nik, adibidez, ez dut alabarekin euskaraz aritzeko izan beharko nukeen maila. Lagunartean daudenean gure seme-alaben lehen pentsamendua euskaraz izatea nahiko genuke gurasook.

Ikastolaz gain, beste euskal eragileak ere badaude Lizarran; Garean, adibidez. Nolakoa da eragileen arteko harremana?

Uste dut denok ditugula helburu berak: euskara Lizarrako kaleetan entzutea nahi dugu, azken batean. Guk, ikastolatik, hezkuntzan lantzen dugu helburu hori, eta Gareanek, beste modu batez: kantuz kantukoak antolatzen dituzte, Pirritx eta Porrotxen emanaldiren bat...

Elkarlana erabatekoa da. Lizarra hiri txikia da, eta denok ezagutzen dugu elkar, euskal munduan batez ere. Ni neu Garean elkartean nago, bertan egiten den lana gustuko dudalako; ikastolako beste guraso askok ere parte hartzen dute bertan.

Udalak ere sinatzen du zuen egitaraua. Zer harreman duzue Lizarrako Udalarekin?

Orain arte, azken agintaldian, ona; EH Bildu egon da alkatetzan. Azken hauteskundeen ondoren, UPN sartu da berriz. Oraindik ez dugu aukerarik izan haiekin hitz egiteko, baina espero dut arazorik ez izatea. Jaietako barraka, adibidez, oso integratua dago jendartean. Elkarlanak aurrera jarraituko duela uste dut.

Esaterako, jaietan, ikastolak patioa irekitzen du aparkaleku gisa erabiltzeko, hirian lekua falta izaten baita; udalak eskatzen digun zerbait da, eta ez dugu arazorik horrekin. Ikastolak Lizarrako herritarrei zor dien keinu bat da.

Nolakoa zen harreman hori azken agintaldiaren aurretik?

Harremana ona zen gehienetan, Lizarra ikastola ez baita inoiz alderdi batekin lerrokatu. Ikastola ezin da neutroa izan: badugu joera politiko bat, baina ez gaude alderdi politiko batekin lerrokatuta, gure berezko ildoari jarraitzen baitiogu.

Euskalgintzan daramatzazun urteetan, nabaritu duzu aldaketarik euskararen egoeran Lizarran?

Bai, noski. Aurrerapausoak eman dira. Hala ere, uste dut hirian euskaraz dakitenak askoz gehiago direla hitz egiten dutenak baino. Ikastola dagoela jakinda, eta orain D eredua... badirudi jende gazte askok ez duela hitz egiteko ohitura hartu. Lotsagatik, agian. Egia da hainbat esparrutan, taberna batzuetan, euskara entzuten dela, baina eguneroko bizimoduko lekuetan ez: zaila da erosketa egitera joan eta euskaraz entzutea. Baina lehen baino gehiago erabiltzen dela esan behar da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.