Jada Yuan. Kazetaria

«Asko ikasi dut aurreiritzi propioez»

'The New York Times' egunkariarentzat munduko 52 tokiren inguruko erreportajeak idatzi zituen iaz Yuanek. «Emozioz» betetako bidaia bat egin zuen, bakarrik, hamabi hilabetez.

urtzi urkizu
2019ko otsailaren 26a
00:00
Entzun
The New York Times egunkaria joan beharreko 52 tokiren zerrenda osatzen hasi zen duela bi urte. 2018an, aurrenekoz, kazetari bati enkargu berezia egin zion: hamabi hilabetez munduan bidaiatzea, 52 tokien zerrenda egiteko. Jada Yuanek (Los Alamos, AEB, 1978) erreportaje multimedia bat bidali zituen txoko bakoitzetik. Hamar urte egin ditu New York Magazine aldizkarian lanean. Gaur egun, freelance gisa ari da.

Eskertuta egongo zara The New York Times-ek eman zizun aukerarekin, ezta?

Bai, noski. Esango nuke lana sinestezina izan dela. Diru aldetik, ezingo nuke mundu osoan bidaiatu The New York Times-ek arrisku hori hartu izan ez balu.

Zer helburu jarri zizkizun egunkariak?

Esperimentu bat izan zen, bai egunkariarentzat, bai niretzat. Istorio onak kontatu nahi nituen, eta toki bakoitzean ezagutu nituen pertsonak irakurleei aurkeztu. Izan ere, ezagutzen dituzun pertsonak dira parterik gogoangarriena edozein bidaiatan.

Lana amets bat izan da, ala zailtasun askoko betekizuna?

Bietatik egon da. Zoragarria izan da Boliviako Uyuniko gatzagak, Italiako Dolomitak, Txinako Harresi Handiaren mendebaldeko partea eta Megeve inguruko [Frantzia] mendiak ezagutzea, baita Ribera del Dueroko [Espainia] ardoak dastatzea ere. Baina idazketarako neure orduak nituen, ez nengoen oporretan. Hoteleko logelan ordu asko pasatu nituen edukiak lantzen. Edonola ere, errepikatuko nuke bidaia, zalantzarik gabe.

Hizkuntzen aldetik zer moduz moldatu zinen?

Asko gozatu nuen frantsesez, italieraz eta gaztelaniaz dakidan apurra praktikatzen. AEBetan duten ikuspuntua oso zentratua dago ingelesean; txorakeria hutsa iruditzen zait. Zortea izan nuen toki askotan ingelesez zekien jendearekin egin nuelako topo, baina, berez, neronek ikasi beharko nituzke 52 hizkuntza berri.

Zeintzuk izan ziren bidaiako unerik hunkigarrienak?

Askotan, hondoa jo, eta negarrez hasi nintzen. Oroitzen dut Bogotan nintzela, bidaiaren hasieran, idazketa lanekin oso atzeratuta nengoela. Argazkiak ateratzera joan behar izan nuen, eta museo baterako bidean jabetu nintzen diru zorroa hotelean ahaztu nuela. Iluntzen ari zen, beste taxi bat galdu nuen... Hogei minutuz negar egin nuen, iruditzen zitzaidalako ez nintzela gai lan hau egiteko. Aldiz, beste une batzuk zoragarriak izan ziren: bidaiaren amaiera aldera, Kanbodiako Kep herrian, egunsentian eta ilunabarrean ortziari begira jarri, eta bizitako urtearekin zein pozik nengoen jabetu nintzen.

Bidaia errepikatzeko aukera izango bazenu, zer aldatuko zenuke? Zer ikasi duzu berriro ez egiteko?

Izorratzen nauen zerbait da askotan eta askotan utzi egin niola afaltzeari, ez nintzelako jabetu zein ordutan ixten zituzten gertuko jatetxeak. Jatetxeak noiz ixten ziren begiratzen nuen Googlen, baina, kasu askotan, sukaldea ordu bat edo bi lehenago ixten zuten. Beraz, bidaia berriro egingo banu, hobeto antolatuko nituzke otorduak; esate baterako, kaleko postuetako jaki gehiago jango nituzke. Eta toki bakoitzeko elikagaiak gainean eramaten saiatuko nintzateke. Bidaiaz ikasi nuen beste zerbait da hobeto funtzionatzen dudala gutxiago planifikatzen dudanean. Tokiko herritarrekin eta bidaiarekin hitz egiteak hobetu egiten zituen nire planak. Aldez aurretik erreserbak egin izanak zaildu egin zuen espontaneoagoa izatea. Eta iruditzen zait bidaiatzeko zoriona benetan pizten dela espero ez duzun zerbait gertatzen denean.

Laburpen artikuluan idatzi zenuen: «Emakume batek bakarrik bidaiatzen duenean, osasungarria da kontuz ibiltzea. Baina beldur itsua ez da osasuntsua».

Mundu osoko emakumeok badakigu zer den zaurgarria izatea kalera bakarrik ateratzen garenean. Bidaiatzen dugunean, are zaurgarriagoak gara, inguru ezezagunetan gaudelako eta helburu errazak izan gaitezkeelako. Emakume bidaiari orok arreta jarri behar du inguruan, eta hori zaindu. Baina hori gehiegi egiteak poztasun espontaneo asko galtzea ekar dezake. Oreka ez da erraza; arreta jarri behar da, baina, aldi berean, irekia izan. Nire senean konfiantza izateak funtzionatu zidan.

Nolako eboluzioa izan duzu kazetari eta pertsona gisa?

Bidaiak eman didan oparirik handienetako bat argazkilaritza praktikatzea izan da. Orain askoz hobeto dakit bideoak grabatzen eta argaziak ateratzen, eta ahalmen gehiago ditut hedabide digitaletan aritzeko. Bestalde, asko pentsatu dut estatubatuarrek beste kulturen inguruan idazten duten moduaz; kolonialismo garaiko hitzak erabiltzen dituzte sarri. Nik neuk asko ikasi dut aurreiritzi propioez, eta espero dut ikasitako lezioak etorkizunerako baliagarriak izatea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.