Adrian Garelik. Flixxo plataformako zuzendari eragilea

«Ikusleen eta eduki digital berrien elkargune izango da Flixxo»

Bitcoinak erabiltzen dituen bideo plataforma da Flixxo. Argentinan sortu du Garelikek, eta martxoan mundu osora zabalduko da. Sare deszentralizatu bat erabiltzen du, eta energia asko aurrezten du horrela.

SERIESLAND.
urtzi urkizu
2019ko urriaren 30a
00:00
Entzun
Adrian Garelikek (Buenos Aires, 1978) gidoilari eta ekoizle lanak egin zituen urte luzez ikus-entzunezkoen entretenimenduko sektorean. 2013an, bitcoinak deskubritu zituen; «ikusi nuen ahalmen handia zutela industria askotan eraldatzaileak izateko». Ondotik, RSK enpresa sortu zuen —bitcoinekin lotutako kontratu inteligenteak egiten ditu—: «Enpresa hori handitu egin zen, baina ikus-entzunezkoetatik aldendu zen, eta handik joatea erabaki nuen».

Flixxo plataforma sortu aurretik, Federico Abad Popcorn Time plataformako sortzailea ezagutu zenuen. Zer egiteko ideia piztu zizun hark?

Popcorn Time munduan dagoen plataformarik ospetsuenetako bat da; 120 milioi erabiltzaile baino gehiago ditu. BitTorrent teknologia erabiltzen du, eta oso interesgarria iruditu zitzaidan blockchain-arekin uztartzeko. Ideia izan zen eduki banatzaileen sare deszentralizatu bat sortzea; hau da, edukiaren bila beste zerbitzari batengana jo ordez —adibidez, Netflix—, edukiaren kontsumoa egin duen erabiltzaile bat baliatzea.

Modu horretan, energia gutxiago kontsumitzen du zuen plataformak?

Bai, ingurunean duen eragina sekulakoa da. Gure plataformak %90-95 inguru aurrezten du energia. Mundu osoan Interneteko kontsumoaren %80 bideoak dira, eta horrek munduko elektrizitate kontsumoaren %1-2 inguru eragiten du. Guk adina energia aurreztea Europako bi herrialde handi itzaltzea bezala litzateke.

Nola funtzionatzen du bitcoinen sistemak Flixxo plataforman?

Flixxoren oinarria hau da: erabiltzaile batek, eduki bat ikusi ostean, bere gailura edukiaren bila joateko aukera ematen badu, ordainketa bat jasotzen du.

Nola erabiltzen duzue publizitatea, eta nolako etekinak lortzen dituzte erabiltzaileek?

Erabiltzaileek flixxak [plataformako bitcoinak] ordaintzen dituzte edukiak ikusteko, eta gazteen sakelakoetako jokoen antzeko sistema bat da: erabiltzaileek sariak jasotzen dituzte interakzio sozialengatik eta edukiak kontsumitzeagatik. Kreditua bukatzean, erabiltzaileak publizitatea eska dezake: iragarkiak iritsiko zaizkio, eta iragarleak zuzenean sartuko dizkio flixxak erabiltzaileari. Berrehun flixxek euro bat osatzen dute, gutxi gorabehera.

Flixxo plataforma hainbat epetan ari zarete garatzen. Martxoan aurkezpen handi bat egingo duzue, ezta?

2017an finantzaketa kolektiboa egin genuen; iazko ekainean, sarea jaurti genuen; eta aurten, abuztuan, sakelako telefonoetarako bertsioa jarri genuen martxan. Martxoan, plataforma mundu osoan zabalduko dugu, edozein gailutan erabiltzeko.

Edukiak ere ekoizten dituzue.

Bai, Latinoamerikako ikusleentzat formatu laburreko eduki asko ekoizten ditugu. Influencer garrantzitsuak fitxatzen ditugu, eta animaziozko kultuzko saioak ere baliatu ditugu; Alejo y Valentina-ren atal berriak egin ditugu, esate baterako. Telesail interaktibo bat ekoitzi dugu, eta Uruguaiko sortzaile batzuekin ere aritu gara elkarlanean.

Zer arazo dituzte formatu laburreko telesail digitalek merkatuan eraginkorrak izateko?

Zabaltzeko eta monetizatzeko plataforma egokiak behar dituzte. Askotan Youtuben amaitzen dute, eta hor ez dute dirurik egiten, Youtuben milioika ikustaldi behar baitira sosak ateratzeko.

Bilboko Seriesland jaialdian parte hartu duzu. Akordioren bat lortu al duzu?

Bai, hamabost websail batu dira gure plataformara. Horien artean, euskarazko bi websail daude: Zure txanda da eta Otsoen lurraldean: Burdin aroa. Euskaraz jarriko ditugu, gaztelaniazko eta ingelesezko azpidatziekin.

Nola ikusten duzu Flixxo bezalako plataformen etorkizuna?

Oso interesgarria. Ikusleen eta eduki digital berrien elkarguneizango da Flixxo; asko dago egiteko. Telesail interaktiboak eta sare sozialekin lotutako edukiak iritsiko dira. Youtuberrak ere batuko zaizkigu. Etengabeko hazkundea egongo dela iruditzen zait.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.