Eragileen borondatearen menpean

Hizkuntza Gutxituen Europako Ituna berresteko urratsa egin zuen iaz Frantziak, baina afera geldirik dago ordutik. Legeek ez dute ukatzen, haatik, euskara frantsesaren hein berean eman ahal izatea.

maddi ane txoperena iribarren
Baiona
2015eko urtarrilaren 28a
00:00
Entzun
Frantziak hizkuntza gutxituen aldeko urrats ttipi bat emanen zuela zirudien, baina ezerezean gelditu da azkenean. Eta, horrenbertzez, ez da zinezko aitzinamendurik egin hizkuntz eskubideen alorrean. Uztaritzeko adibideak argi erakutsi du konstituzioa oztopoa dela hizkuntzen garapenerako eta euroituna berresteko proposamenek ez dutela fruiturik eman. Zirrikitu batzuk egon badaude, halere, frantsesa nagusitu arren, ez baitago debekatua euskara eta bertze hizkuntza gutxituak babestea.

Hizkuntza Gutxituen Europako Ituna berresteko proposamena iazko urtarrilaren bukaeran onartu zuten Asanblea Nazionaleko diputatuek. Onarpena geldirik dago, baina. Izan ere, horien ondotik senatariek eztabaidatu behar zuten euroitunaren berrespena, eta gaia ez da oraindaino aipagaien zerrendara eraman. Honela azaldu du Sebastien Castet-ek, Euskal Konfederaziokoak: «Behin senatuak bozkatuta, bi ganbarak bildu behar ziren Kongresuan. Baina ez da sekula aipatua izan senatuan. Beraz, harrabots handia izan zen joan den urtean, baina ez du deusetarako balio izan. Horrek erakusten du pixka bat nola tratatzen duten lurralde hizkuntzen gaia Frantzian».

Euskal Konfederazioko kidearen arabera, dena den, hobe da euroitunaren berrespena senatura ez iritsi izana. Izan ere, konstituzioak euroituna den bezala berrestea baimentzen ez duenez, aldaketa bat egin behar izan zuten diputatuek. Casteten ustez, kalterako den zehaztapen bat gehitu zioten. «Konstituzio Kontseiluaren kontra ez egiteko, sartu zituzten bi zehaztapen. Bigarrenak hau erraten zuen: 'Frantziak izenpetzen ahal du gutuna, baina frantsesaren erabilera inposatzen zaio orori administrazioarekin dituen harremanetan'». Aldaketa hori egin ondotik, beraz, alferrikakoa da euroituna berrestea, Casteten hitzetan, konstituzioaren bigarren artikulua baino okerragoa baita eginiko aldaketa, finean: «Aipamen hori biziki arriskutsua da guretzat. Nahiago dugu ez berrestea, horrelako zerbait legean sartzea baino».

Erabaki «politikoak»

Arazoa ez dago, baina, onarpen eta aipamen horietan soilik: euroituna berresteko hartu behar diren gutxieneko 35 neurrietatik Frantziak hautatu zituenak ere eskasak dira, Casteten arabera. «Arloz arloko engaiamenduetatik Frantziak 39 sinatu zituen, eta, bistan dena, hautatu zituen apalenak. Ez baitezpada Frantzia osoan, baina Iparraldean praktikan jadanik aplikatzen direnak». Hortaz, neurri horiei izaera ofiziala baizik ez lieke emanen euroituna berresteak.

Funtsean, egoera antzekoa da Uztaritzeko Herriko Etxean ere. Hain zuzen, udalak praktikan jada erabili egiten ditu euskara eta frantsesa. «Gaur egun herriko etxe batek nahi baldin badu osoki funtzionatzen ahal du bi hizkuntzatan. Gero, biziki inportantea dena Uztaritzen hartu den delibero horretan, erabaki politiko hori, da ofizialki aitortua dela».

Casteten ustez, erabaki politikoa delako eman dio prefetak ere erantzun «politikoa»: «Sentitu du bere burua behartua erantzutera politikoki, salaketa jarriz. Baina, gure ustez, salaketak ez du funtsik». Oroitarazi duenez, 2007an Marc Cabanne orduko prefetak eta Max Brisson EEPko lehendakari ohiak dokumentu bat izenpetu zuten, non idatzia baitzen balio juridikoa frantsesak dueno, euskara erabil daitekeela «frantsesaren parean». Aurkako legerik ez luke, beraz, euskarak, baina, aldeko neurririk ezean, aitzina joateko zailtasunetan da: «Dena oinarritua da eragileen borondatearen gainean».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.