Hedabideetako andreek planto egingo dute

BERRIA Taldeko emakumeek greba egingo dute bihar. Zenbaki berezia argitaratuko du etzi BERRIAk, soilik grebako informazioarekin

Martin Ugalde kultur parkeko emakumeak —tartean BERRIAkoak—, iazko martxoaren 8an, Andoainen. J. C. RUIZ / FOKU.
urtzi urkizu
2019ko martxoaren 7a
00:00
Entzun
Emakumeen Nazioarteko Egunean mundua gelditu nahi dute feministek. Beste ogibide askotan bezala, kazetaritzan eragin nabarmena izango du greba feministak. Euskal Herriko komunikabide askotan, emakumeek greba egingo dute, eta horrek eragina izango du argitaratuko diren edukietan. BERRIAko emakumeek planto egingo dute —haien mezua Iritzia sailean irakur daiteke gaur, baita webgunean ere—. Bihar, Martxoaren 8ari lotutako gehigarri bat argitaratuko da. Webgunean grebaren inguruko informazio guztia jasoko dute gizonezko kazetariek, eta hurrengo eguneko BERRIA, 9koa, berezia izango da: egunkari osoa greba feministaren informazioari lotua egongo da. Mantangorri gehigarria larunbatean ez, baizik igandean argitaratuko dute.

Hitza argitalpenetan, emakumeek greba egingo dute. Baita Tolosaldeko Ataria-n ere.

Hamaika telebista osatzen duten emakumezkoek ere ez dute lanik egingo martxoaren 8an. Andreen plantoak eragin zuzena izango du telebistan, eta programazio berezia emango dute. Emakumeen eguneko mobilizazioen inguruko saio monografikoak emango dituzte; gizonezkoek Bilboko, Donostiako, Iruñeko eta Gasteizko manifestazioen berri emango dute. Gurean Gaur albistegiak bereziak izango dira, eta 16:00etan eta 20:30ean emango dituzte; 16:00etatik aurrera, soilik grebarekin lotutako irudiak eta albisteak izango dira ikusgai. Sare sozialetako eduki guztiak, halaber, mobilizazioen ingurukoak izango dira. Gainera, gizonezkoak ez dira albisteen eta erreportajeen esatari arituko; emakumezkoen ahotsak entzungo dira soilik. Azkeneko asteetan gaiari lotuta egin dituzten erreportajeak ere ikusgai izango dira egun osoan zehar.

Argia-ko andreek planto egingo dute, eta kazetari gizonezkoek grebaren inguruko jarraipena egingo dute soilik.

Eduki bereziak EITBn

EITBko hedabideetan, bestetik, gutxieneko zerbitzuak izango dituzte bihar: eguneroko albistegiak emango dituzte, baina beste informazio saioak ez; adibidez, Ahoz aho-ren orduan azkeneko hilabeteetako eduki feministak izango dira ikusgai.

Gaur gauean, berriz, ETB1eko Gure kasa saioan emakumeen egoeraz eta etorkizunaz hitz egingo dute honako gonbidatu hauekin: Garbiñe Biurrun epailea, Kattalin Miner idazlea, Ane Etxezarreta Realeko jokalaria, Maider Mendizabal pilotaria eta Izaskun Landaida Emakundeko zuzendaria. Onintza Enbeitak eta Maddalen Arzallusek emakumeei buruzko bertsoak kantatuko dituzte.

ETB3ko 3txulo eta 3zpa4 saioen helburua genero berdintasunaren inguruan ohartaraztea izango da asteon. Ostiralean, larunbatean eta igandean, andreak protagonista dituzten marrazki bizidunek tarte berezia izango dute.

Euskadi Irratiko Faktoria saioan, gaur Izaskun Landaida Emakundeko zuzendaria eta Nafarroako Gobernuko Berdintasun Saileko arduradun bat izango dira solasean.

Gazteak manifestu bat prestatu du martxoaren 8rako: irratiko kolaboratzaileez gain, hainbat musikari ezagunek egin dute bat agiriarekin. Egunotan sare sozialetan zabalduko dute bideoa.

EITBren webgunean eduki bereziak prestatuko dituzte; irratian eta telebistan landutako eduki guztiak eskura jarriko dituzte, eta playlist edo lanen zerrenda bat argitaratuko dute.

Arrosa irrati sareko emakumeek greba egingo dute bihar, eta ez dute Zebrabidea irratsaioa egingo. Gasteizko Hala Bedi irratiak soilik zuzeneko konexioak egingo ditu mobilizazioekin. Iruñeko Eguzki irratiak, berriz, magazin berezi bat egingo du, 10:00etatik aurrera.

Naiz irratiak ordu bateko erreportaje berezi bat prestatu du martxoaren 8rako. Hori izango da euskarazko irratiaren aurreneko saioa, baina soilik Internet bidez entzun ahalko da —FM bidez irratian entzun ahalko den aurreneko irratsaioa Korrikan iritsiko da—.

Euskalerria Irratiko emakumeek greba egingo dute, eta biharko albistegiak erdira murriztuko dituzte —grebari buruzko informazioa izango dute ardatz—. Gizonezko esatariek Iruñeko Gazteluko plazatik eginen dituzte albistegiak eta eguerdiko irratsaioa —bi ordukoa izan beharrean, ordubetekoa—. Arratsaldean, emakumeek sortutako kantak edo emakumeei buruzkoak jarriko dituzte. Euskal Irratietan ere greba egingo dute emakumeek, eta esatari andreek egindako irratsaioak ez dituzte ordezkatuko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.