Ardurazko lana da kazetaritza

Rosa Maria Calafek eta Xabier Madariagak ohartarazi dute berriemaileen lanerako baldintzak nabarmen okertu direla. Arnasa luzeko kazetaritzaren aldarrikapena egin dute.

Xabier Madariaga, Rosa Maria Calaf eta Felix Arrieta, atzo, Donostian. JON URBE / FOKU.
urtzi urkizu
Donostia
2020ko martxoaren 13a
00:00
Entzun
Barneratuta dago azken ordukoa dela garrantzitsuena, baina hori ez da horrela. Herritarra ez dago ondo informatuta». Rosa Maria Calaf (Bartzelona, 1945) kazetariaren hitzak dira. 75 urte betetzear da, baina ez dago geldirik. 37 urtez kazetaritzan —horietako asko RTVEko berriemaile Errusian, AEBetan eta Asian— egindako ibilbidearen lezioak plazaratzen ditu, han eta hemen, hitzaldietan, mintegietan eta jardunaldietan parte hartzen. Atzo Donostian izan zen, Deusto Forum-aren barne, Deustuko Unibertsitateko ikasleen aurrean bere esperientziak partekatzen. Alboan, Xabier Madariaga kazetari eta Ur handitan saioko aurkezlea (Zeberio, Bizkaia, 1981) izan zuen. Felix Arrieta Deustuko Unibertsitateko irakasleak gidatu zuen Solasak muga gainean solasaldia. Aretoa guztiz bete zen.

Koronabirusaren krisiaren jarraipenean, informazioa «berehalakotasunekoa» dela uste du Calafek. «Baina testuingurua gutxi ematen da. Zabor asko dago, eta analisi oso gutxi». Kataluniako kazetariari iruditzen zaio «eszeptikoa» izan behar dela gaiari buruz ematen diren berri askorekin. «Gainera, zenbait eduki guztiz arduragabeak dira».

Madariagak, orobat, nabarmendu du koronabirusaren inguruko zenbait artikuluk ez dutela ezertarako balio. «Zabor gehiegi dago». Testuinguru horretan, Calafek uste du norberak menperatu behar duela sarea, eta ez alderantziz: «Internet erabiltzen jakin behar dugu».

Berriemaileen lana

Madariaga EITBko berriemailea izan zen Ekialde Hurbilean, Madrilen eta Parisen. Haren ustez, asko aldatu dira berriemaileen baldintzak Calafen garaitik gaur egunera. «Jerusalemera iritsi nintzenean, 2003an, kazetari beterano asko zeuden, eta eskola aparta izan zen niretzat. Baina, geroztik, okerrera egin dute berriemaileen baldintzak».

Gaur egun, atzerriko berriemaileek bizi duten egoerak ez du zerikusirik Calaf berriemaile hasi zen garaiarekin. 1980ko hamarkadan, komunikabideek kazetariei denbora asko uzten zieten tokia ezagutzeko eta edukiak prestatzeko. «Berriemaileen balioa gauza desberdinak kontatzean datza, eta gauzak zergatik gertatzen diren kontatzean. Esate baterako, potentzia handien interesak beste leku batzuetan jokatzen dira, eta horrelako gauzak kontatu beharko lirateke».

Bai Calafek bai Madariagak azaldu dute azkeneko urteetan «paraxutistak» deiturikoak bidali dituztela sarri hedabideek,kazetari lanak egitera. Figura horrek adierazten duena da kazetariak ez duela apenas jakintzarik bidaltzen duten tokiaz eta bertan dagoen gatazkaz. Madariagari «paraxutistarena» egitea egokitu zitzaion Haitiko lurrikara gertatu zenean. «Karanbola bat izan zen. Baina erredakzioa jabetu zen ahal genuena ari ginela egiten, eta ez zigun agindu zehatzik eman».

Paraxutismoa toki askotan egiten dela iruditzen zaio Madariagari. «Calafi entzun izan diot bere garaian hilabete bat pasatzen zutela herrialde baten egoera bertatik bertara ezagutzen, eta gero denborarekin prestatzen zituztela elkarrizketak. Aldarrikatu egin beharko litzateke kazetariak baliabideak eta denbora eskatzea». Izan ere, Ur handitan saioko aurkezleak argi utzi du kazetaritza ez dela beste ogibide bat bezalakoa: «Kazetariok daukagun ardura sekulakoa da». Solasaldian behin baino gehiagotan goraipatu du Madariagak Calafen ibilbidea. «Calafi eta bere antzeko kazetariei izaten zitzaion errespetua galdu egin da. Kazetariekiko errespetua oso-oso bizkor txikitu da».

«Egiaren alde borrokatzea»

Calafi eta Madariagari galdetu diete telebista publikoak gaur egungo testuinguruan hartu beharreko bideaz. «Publikoaren kontzeptua ez da ondo ulertua izan: gobernura iristen diren guztiek uste dute telebista publikoa opari gisa jaso dutela», azaldu du Calafek. «Telebista publikoak ardura handia du herritarrekin, baina pribatuak ere bai». Madariaga iritzi berekoa da: «Zerbitzu publikoa kazetari guztiok gara». Bizkaiko kazetariak ikasleei «egiaren alde» borrokatzeko eskatu die, eta baikortasun mezu bat eman du: «Arnasa luzeko informazioak, analisiak eta dokumentalek inoiz baino aukera gehiago dituzte. Plataformetan dauden dokumentalez asko hitz egiten da, eta aitorpena jasotzen dute. Hori ona da».

Calafek, berriz, ikasleei ohartarazi die kazetaritza «ardurazko ekintza bat» dela. «Funtsezkoa da iraultza humanistiko bat gertatzea aurrerapen teknologikoen erabileran».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.