Sky plataformak Hego Euskal Herrian funtzionatzeari utziko dio

Kate batzuen zerbitzua bertan behera geratuko da egunotan, eta irailaren 1ean itzaliko da erabat

Sky plataformaren Gomorra telesail originala. LAURENCE CENDROWICZ / EFE.
urtzi urkizu
2020ko uztailaren 28a
00:00
Entzun
Azkeneko hilabeteetan, zenbait adituk iragarri dute streaming plataforma guztientzat ez dela tokirik izango merkatuan, eta indartsuenek iraungo dutela. Lehia horretan, lehen biktima iritsi da: Sky España. Plataforma horrek funtzionatzeari utziko dio erabat irailaren 1ean, Hego Euskal Herrian, Herrialde Katalanetan, Galizian eta Espainian. Egunotan, dagoeneko plataformako zenbait eduki eta kanal desagertzen ari dira katalogotik. Enpresak ohartarazi du harpidedunek 6,99 euro da hileko harpidetza ez dutela kuota gehiagorik ordaindu beharko. «Harpidedunentzat gurekin egongo diren azkeneko asteak doakoak izatea nahi dugu», azaldu du Skyk. Doako harpidetzak zituztenek ere irailaren 1era arte erabili ahalko dute zerbitzua. Hiru urte baino ez du iraun Skyk Hego Euskal Herrian.

Merkatura iritsi zenean, Skyk nahieran zerbitzua eta hamabi telebista kateren programazioa eskaintzen zituen: Fox, Fox Life, TNT, SyFy, Calle13, Historia, Nickelodeon, Disney Junior, Disney XD, Comedy Central, TCM eta National Geographic. Dena den, streaming plataforma gehienen indargunean haien fikzio originalak izaten dira; Gomorra telesaila du originalen artean, baina beste askorik ez.

Gomorra Italiako Skyk sortutako telesail bat da, Roberto Saviano idazleak sortua, eta Napoliko droga trafikoa kontrolatzeko borroka kontatzen du. Lau denboraldi estreinatu dituzte.

Hiru urteotan, Skyk zailtasun handiak izan ditu Iberiar penintsulako merkatuan Netflixekin, Amazonekin eta Movista Plusekin lehiatzeko. Horri gaineratu behar zaio azkeneko hilabeteetan Apple TV Plus eta Disney Plus ere iritsi direla.

Sky Group Limited komunikazio taldeak herrialde batzuetan arrakastarik lortu ez badu ere, beste merkatu batzuetan indarra izaten jarraituko du. Erresuma Batuan du egoitza nagusia, eta toki onean da ordainpeko telebista merkatuan. Irlandan, Alemanian eta Italian ere funtzionatzen du Skyk.

Skyko transformazio eta estrategia zuzendaria Garazi Goia da (Segura, Gipuzkoa, 1978).

'Vice' aldizkariak ere porrot

Vice izan da Espainiako, Herrialde Katalanetako, Galiziako eta Hego Euskal Herriko merkatuetan porrot egin duen beste enpresa bat. Vice Iberia Media Group taldeak egunotan jakinarazi du 57 langile kaleratuko dituela, eta aldizkariak argitaratzeari utziko diola. Azkeneko hiru urteetan, aldizkariak zenbaki gorriak izan ditu. Erresuma Batuko filialarenak ziren Espainiako enpresaren akzioak —jatorrizko egoitza Ameriketako Estatu Batuetan du.

Vice aldizkariak hamahiru urte iraun du Hego Euskal Herrian. Nazioartean edizio desberdinak ditu herrialde askotan, eta emaitzak ez dira guztiz onak: iaz, langileen %10 kaleratuko zituztela iragarri zuen konpainiak. Aurten, beste 155 lanpostu ezabatu dituzte, pandemiaren krisialdiagatik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.