Euskadi Irratiak kolaboratzaile berri ugari izango ditu

Bihar saio bat egingo dute Zaballako kartzelan. Umorezko tarteak sortu dituzte saio nagusietan

Euskadi Irratiko eta Radio Euskadiko albiste saio nagusien esatariak. EITB.
urtzi urkizu
2021eko irailaren 7a
00:00
Entzun
Iñaki Guridik gidatuta, atzo hasi zuen irrati denboraldia Euskadi Irratiko Faktoria-k. Euskal herritarren bidelagun izan nahi du aurten Faktoria-k, eta kolaboratzaile berrien ahotsak entzun ahalko dira datozen asteetan.

Emankizun berezi bat egingo du bihar Euskadi Irratiak: Eusko Jaurlaritzak espetxeen eskumena eskuratu atarian, Zaballako (Araba) kartzela barrutik egingo dute saio berezia.

Klima aldaketa izango da Faktoria-ren lan ildoetako bat irrati urte berrian, Euskal Herrian gaur egun duen eragina aztertuko dute adituen eskutik, eta eragin hori nabaritzen duten lekuetatik bertatik egingo dute. Atal berriak ere izango dituzte: horietako bat, astelehenetan, Auto-hizketak, autoan lanera bidean doan fikziozko entzule baten hausnarketak, umorezko ukituarekin. Jon Celestino musikariak musika eta aktualitatea lotuko ditu hamabostean behin. Ainhoa Etxaide, Elena Laka, Eneko Zarraoa eta Estitxu Garai dira analisia egiten lagunduko duten izen berrietako batzuk. Eta kolaboratzaileen taldera Oier Arantzabal, Alaia Martin eta Maddalen Arzallus batuko dira, besteak beste.

Faktoria-ren bigarren zatian, magazinean, Manu Etxezortuk eta haren lantaldeak bizitza kontatzen jarraituko dute. Gertuko istorioak eta momentukoak, kaletik. Horrez gain, berrasmatzen jakin duten pertsonak ezagutuko dituzte entzuleek Ane Undurragaren eskutik. Norbera hobeto bizitzeko aholkuak emango ditu Aitor Aritzeta psikologoak, eta poltsikoa zaintzen ikasiko dute entzuleek Sara Urionabarrenetxea ekonomialariarekin.

Arratsaldean, Olaia Urtiagak munduko leihoa zabalduko du Baipasa-n. EITBren nazioarteko sareaz gain, aurten, Ekialdera eramango dituzte entzuleak Mari Jose Lasak eta Andoni Lubakik. Pantailetan ez galtzeko ikus-entzunezkoen mapa egingo dute Gaizka Izagirrek, Marga Berrak eta Ibai Zabalak. Eta irribarrez amaituko dute astea Ezbaian umorezko tartean, Antton Telleria eta Iker Laurobarekin eta Iñaki Cid eta Eneritz Sanchezekin.

Asteburuan, munduari patxadaz begiratuko diote Amarauna saioan, Nagore Telleriak gidatuta. Iñaki Segurolak eta Andoni Egañak zer pentsa jarriko dituzte entzuleak, mundu digitalari erne segituko dute, eta trantsizio energetikoa egiten lagunduko du Aitor Urrestik, energia berriztagarrietan adituak.

EITBren irratietako gaztelaniazko eskaintzan, berrikuntza nagusia Radio Euskadik eta Radio Vitoriak estreinatuko duten arratsaldeko magazina izango da: Estibaliz Ruiz de Azuak Distrito Euskadi irratsaioa gidatuko du. Euskal Herriko kale eta plazetan barrena ibiliko dira saioko kazetariak herritarrekin kontu kontari. Entzuleak eta haien istorioak izango dira protagonista, astelehenetik ostiralera, 16:00etatik aurrera. Bestetik, 12:00etan, La terraza irratsaio berria entzun ahalko da Radio Euskadin, Iñigo Lejarzak gidatuta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.