Hamaikak eta Dokak zuzeneko kultur emanaldiei ekin diete batera

Bertso saio bat emango dute gaur, 20:05ean. Donostiako Dokatik arituko dira, astero

Iker Lauroba eta Leire Letu musikariek parte hartu zuten Doka t'artea saioko lehen emanaldian. HAMAIKA.
urtzi urkizu
Donostia
2020ko apirilaren 30a
00:00
Entzun
Publikorik gabe, baina baldintzak betetzen dituen areto batean, Hamaika telebista kultur emanaldiak zuzenean ematen hasi da, Donostiako Doka kafe antzokiarekin elkarlanean. Joan den astean estreinatu zuten Doka t'artea, eta gaur ikusi ahalko da bigarren emankizuna: 20:05ean, bertsotan arituko dira Dokan Beñat Gaztelumendi Gipuzkoako txapelduna, Aitor Mendiluze Euskal Herriko Txapelketa Nagusiko txapeldunordea eta Nerea Elustondo —laugarren tokian gelditu zen Gipuzkoako txapelketako azken finalean—. Unai Elizasu arituko da gai jartzaile. Hainbat modu egongo dira emanaldiak ikusteko: Hamaikaren telebistako seinalearen bidez, Dokaren Youtubeko kanalaren bitartez, eta Hamaikaren webgunean, Instagrameko kontuan eta Facebook Live-n. Gainera, Hamaikak berriro emango du asteko saioa igandean, 20:00etan. Gehienetan ostiraletan izango da emankizuna, baina, bihar Maiatzaren 1a denez, aste honetan ostegunera aurreratu dute.

Aurreneko emanaldian, Iker Laurobak eta Leire Letuk kontzertua eman zuten. Datozen asteetan, musika ez ezik, bestelako kultur adierazpideak ere izango dira ikus-entzuleentzat gozagarri.

Hamaika telebistak eta Doka kafe antzokiak elkarlanean jarri dute martxan Doka t'artea egitasmoa —Hamaikaren lantalde bat arduratzen da zuzeneko errealizazioaz—.

Saioa sortzeko arrazoiak zein diren eta zein testuingurutan sortu den azaldu dute Dokako sustatzaileek: «Ez aurrera eta ez atzera, etxean gorde ginen denok: mundua eten zen. Mundua eten da. Eta harekin, gu ere bai. Duela kasik hamabost urte Donostiako kultur giroa hankaz gora jartzeko bokazioz sortu genuen Dokako lagunok Donostiako kafe antzokia. Pentsatze hutsak hotzikara ematen du: ehunka emanaldi. Bikainak asko, ez hain bikainak beste asko: denak maitasunez eskainiak, denak zerbait ekartzeko bokazio itsuz».

Herritarrei galdera hau egin diete: «Zu, izan al zara inoiz gure aretoan? Zenbatetan sentitu zenuen bizitzak merezi zuela? Merezi izan zuen, ez duzu uste? Orduan ez genekien, beharbada, bizitza zein ederra den, noraino merezi duen bizitzeak: bi-zi-tze-ak. Lau hormen artean egonaldi luzea pasatu besterik ez da egin behar bizitzak zer balio duen bere zentzu sakonean ulertzeko».

Dokak eta Hamaikak mezuz hornitu nahi izan dute elkarrekin abiarazitako proiektua. «Geneuzkan dudak ez zirela hainbesterainokoak, lehenago hartu behar izan genuela erabaki hura, lehenago esan behar geniola lagun hari sentitzen genuela, eta beste hari maite genuela, harekin pasatu nahi genituela hurrengo lau edo bost eternitateak. Horregatik erabaki genuen zuentzako denentzako kontzertuak egiten hasi behar genuela berriz». Bideo batean ere zabaldu dituzte hitzok: «Birusa oxigeno partikulen artean nahasi bazen, geu ere halaxe egingo dugu, musika partikula txikiak airera jaurtiz. Itxi begiak eta entzun ondo: ez al zarete dagoeneko hasi zerbait entzuten?».

[YouTube]https://youtu.be/uxgPJBTdW5E[/YouTube]
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.