Hamaikak egun osoko informazio zerbitzua eskainiko die ikusleei

'Gakoak' albistegia etzi itzuliko da. Estitxu Garai eta Eguzki Urteaga analistak izango dira

Oihan Larrañagak Gakoak iluntzeko albistegia aurkeztuko du, astelehenetik ostegunera. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU.
urtzi urkizu
Donostia
2020ko urriaren 10a
00:00
Entzun
Hamaika telebista hamaika pauso ematen ari da bere 11. urteurrenean, hartzaileei ahalik eta informaziorik osatuena helarazteko. Eskaintzaren barruan, aktualitatearen ardatzak aztertuko ditu Gakoak iluntzeko albistegiak, Oihan Larrañaga kazetariak gidatuta. Aurreko denboraldian ere aritu zen Larrañaga Gakoak gidatzen, baina indartu egin dute saioa.

Izan ere, eguneko albisteei erreparatzeaz gainera, aktualitate instituzionalaren, ekonomikoaren eta politikoaren ardatzak aztertuko dituzte zenbait analistak, adituk eta kazetarik. Horretan ariko dira Iraia Oiarzabal eta Beñat Zaldua kazetariak, Gipuzkoatik eta Nafarroatik, baita Ane Urkiri eta Alfre Elgezabal kazetariak ere, Bizkaitik. Ipar Euskal Herritik, berriz, Oihana Teyserek emango ditu albisteen gakoak. Madrildik Iñigo Aduriz arituko da; eta Mexikotik, berriz, Alberto Pradilla.

Gakoak saioan, Estitxu Garai komunikazio ikerlaria eta Eguzki Urteaga soziologoa kazetariekin batera ariko dira analisi lanetan.

Ekhi Atorrasagasti Hamaikako komunikazio arduradunak nabarmendu duenez, genero ikuspegia aintzat hartuta ari da Hamaika saio guztietako kolaborazioak eta lan taldeak osatzen.

Eguneko albiste nagusiak eta analisia uztartuko ditu Gakoak saioak datorren astelehenetik aurrera; astelehenetik ostegunera, 20:00etatik 21:30era. Hamaikako ikus-entzuleek, gainera, 23:30ean Gakoak berriro ikusteko aukera izango dute, baita biharamunean ere, aurreneko orduan, 08:30ean.

Nafarroako aktualitatea

Ostiraletan, Gakoak albistegiak utzitako hutsunea bi saiok beteko dute: asteko albiste nagusien bildumak, Asteko Kronika-k, eta Karol Suarezek gidatuko duen Ekonomia Gaur astekariak.

Nafarroako aktualitatearen tartea asteartero izango da Hamaikan Iosu Ganuzarekin, 21:30ean. Kultur gaien jarraipena, bestalde, Iker Aginagak egingo du Artekale saioan, ostegunetan eta asteburuetan.

Hamaikako komunikazio arduradunak azaldu duenez, telebistak egun osoan eskainiko ditu informazio zerbitzuak, eta ez hori bakarrik: «Osatzeko, Orain Bertan informazio zerbitzu digitala eskainiko du Hamaikak goizaldean, eta egunean zehar hainbat tartetan».

Horrez guztiaz gain, aintzat hartu behar da Hamaikak irailaren 28an eguerdiko magazina jarri zuela martxan: Gurean gaur. Saio horrek, astelehenetik ostegunera, azken orduari ez ezik, sare sozialetako aktualitateari heltzen dio, 12:30ean hasita; saioak egunero elkarrizketa bati tartea egiten dio, 13:00etan. Beñat Zarrabeitiak gidatuta, esparru ugaritako adituekin analisirako atal bat izaten du eguerdietako magazinak. Ondotik, 14:00etako albistegia aurkeztu ohi du Ainara Ruizek.

Laster, Kolpez kolpe saioa ere itzuliko da Hamaikara.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.