Euskal ekoiztetxe batek telesail bat emango du I-11ko erasoez New Yorken

Irailaren 29an aurkeztuko dute Lander Camareroren 'The Coffee Advisors' lana, Manhattanen

2001eko iraileko gertakarien bertsio ofizialarekin eta konspirazio teoriekin jolasten da The Coffee Advisors saila. BERRIA.
Edu Lartzanguren.
2018ko irailaren 20a
00:00
Entzun
2001eko irailaren 11n, Al-Qaedarekin loturiko erasotzaile suizida batzuek bi hegazkin bahitu eta New Yorkeko (AEB) Dorre Bikiak jo zituzten. Eraso haien inguruko bertsio ofizialaren, konspirazio teorien, errealitatearen eta fikzioaren muga estuan funanbulista dabil The Coffee Advisors telesaila. Lander Camarero bilbotarraren Pressure Filmak ekoiztetxea ari da ekoizten, New Yorken. Lehenengo bi atalak ikusgai daude Interneten, eta hirugarrena irailaren 29an estreinatuko dute, Manhattanen.

«Dokumental faltsuarekin jolastu gara beti», esan du Camarerok. Gidoilari ibili zen Cuatro telebistan, eta bideo muntatzaile ETBn. Gero, ekoiztetxea sortu zuen, eta urte eta erdi darama New Yorken egitasmo honekin. Beste hiru euskal herritarrekin egin du telesaila: Jaime Barrenetxearekin, Aitor Mendilibarrekin eta Juan Pradorekin.

The Coffee Advisors sei ataleko telesaila da, fikziozkoa, baina badu dokumental faltsuaren «kutsu bat», Camarerok azaldu duenez. Izan ere, New Yorkeko Brooklyn auzoko irakasle batek erasoen inguruan egiten duen ikerketa kontatzen du lanak. Gidoilariak esan du ikerketa «benetakoa» bada ere istorioa «fikziozkoa» dela. «Kontraesana ematen du, baina bertsio ofizialean fikzio asko dagoela iruditzen zaigunez, agerian utzi nahi dugu haren zentzugabekeria, horrekin jolastuz».

Konspirazioaz, barre

Telesailak barre egiten dio bertsio ofizialari, baina baita eraso haien inguruan sortu diren konspirazio teoriei ere, Camarerok azaldu duenez. «Pertsonaiak newyorktar arruntak dira, jende normala, ez xelebre konspiranoikoak, eta haien bizitzak fikzioarekin daude nahastuta».

Irailaren 29an New Yorkeko ikusleen iritzia jaso ahalko du Camarerok, Manhattango Anthology Film Archives zentroko aretoan. Duela bi urte ekin zion telesailari Camareroren taldeak. Lehen bi atalak Vimeon jarri zituzten ikusgai, eta hirugarrena 29an estreinatuko dute, pantaila handian. «Galdeketa egin nahi diegu ikusleei, sinesberengana zein sinesgaitzengana iritsiko ote garen jakiteko. Baina dagoeneko jaso ditugu eskerrak, hemen tabu den gaiari heldu izanagatik». Aktore askok ezetz esan diote Camarerori, ez dutelako jokoan sartu nahi. «New Yorkeko kafetegietan, egitasmoaz hitz egiteko ahotsa apaltzen dugu». Camarerok biktimen elkarteetako ordezkariak eta erasoen ondorioekin loturiko pertsonak gonbidatu ditu telesailaren aurkezpenera. Espero du haiek egitasmoaren inguruko iritzia ematea. «Jakin nahi dugu gure lanak zentzua duen, edo txatxuarena egiten ari garen».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.