'Irutxuloko Hitza'-k formatua aldatu du, «ikusgarriago» egiteko

Bihartik aurrera, 32 orrialde izango ditu astekariak. Argazkiei garrantzi handia emango diete

Irutxuloko Hitza berritua topatuko dute bihartik aurrera astekariko irakurleek. IRUTXULOKO HITZA.
urtzi urkizu
Donostia
2018ko urriaren 4a
00:00
Entzun
Formatu eta diseinu berria izango du Donostiako Irutxulo Hitza astekariak, bihartik aurrera. Orain arte baino txikiagoa izango da tamainaz aldizkaria, baina eduki aldetik mamitsuagoa: 16 orrialde ez, 32 izango ditu aurrerantzean.

Nerea Lizarralde astekariko zuzendariak gogorarazi du 2012an egunkari izateari utzi ziola eta astekari bihurtu zela Irutxuloko Hitza. «Duela bi urte, hausnarketa sakon bat egin genuen lantaldean. Argi ikusi genuen berrikuntzak egin behar genituela, eta produktu erakargarriago bat eskaini behar geniela irakurleei». Aldaketaren garaia iritsi da, eta lantaldean «gogotsu» daudela nabarmendu du Lizarraldek.

Formatu berrian, argazkiek «sekulako garrantzia» izango dutela iragarri du Lizarraldek. «Joseba Parron argazkilariaren lanak egiteko garrantzitsua izango du diseinu berrian, haren argazkiekin jantziko baititugu astero azala eta gai nagusia».

Astekariaren atal berrien artean, Hamabietan bermuta izenekoa egongo da. «Espazio informalago bat izango da», adierazi du astekariko zuzendariak. «Elkarrizketa lasaiak egingo ditugu aperitibo baten bueltan. Elkarrizketatuak gustuko duen taberna bat aukeratu beharko du, eta han egingo dugu elkarrizketa». Atal horretako lehen gonbidatua Mikel Pagadizabal gidoilari eta telebista aurkezlea izango da.

Atzera-begira izeneko atal berriak, bestalde, diseinu berezia izango du. «Denboraren makinan sartu, eta Donostiako hainbat bitxikeria errepasatzeko atala izango da».

Orain arte bezala, dena den, Donostia den horretan kontatzen jarraituko dutela nabarmendu du Lizarraldek. «Gaur-gaurko gaiak bilduko ditugu Hiria atalean, auzoetako albisteak Auzoak orrietan, eta gai nagusia luze eta zabal azaltzeko diseinu dotoreagoa prestatuko dugu». Lehen azaleko protagonista Ane Gabarain aktorea izango da. Haren iragana, oraina eta etorkizuna ezagutu ahalko dute irakurleek.

Eragileak kolaboratzaile

Astekariak, bestalde, inguruko eragile eta elkarteak inplikatu nahi ditu bere proiektuan. Horregatik, hainbat eragileren atalak sortu dituzte: Klitto! atari digitaleko kideek feminismoarekin lotutako erreportaje eta elkarrizketak idatziko dituzte; Bagera elkarteak euskararekin lotutako komikiak eta Euskaraldiaren inguruko gogoetak plazaratuko ditu; Haritzalde naturazaleen elkarteak bere jardueren berri emango du erreportajeen bidez; Zinea atarikoen zinema kritikak irakurri ahalko dira; eta Joxemi Zumalabe fundazioak herrigintzarekin lotutako gogoetak plazaratuko ditu.

2019. urtearen hasieran hitzakide kanpaina bat egingo dute. «Herritarren babesa ezinbestekoa dela azaldu nahi dugu; era guztietako babesa, baita ekonomikoa ere». Webgune berriak zerbitzu gehiago eskainiko ditu. «Erabiltzailearen erabilera esperientzia asko hobetuko da», dio astekariko zuzendariak. Urtea bukatu aurretik, webgune berrituak izango dituzte Hitza guztiek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.