Agenda Nagusi planak web telebista jarri du martxan, erdaraz oraingoz

Aurrez aurreko jardunaldirik ezin denez egin, Interneten alde egin dute. Bost saio izanen dira

Beatriz Gazquez aurkezlea, erdian, eta gonbidatuak, Agenda Nagusi TV web telebistako lehenbiziko saioan. BERRIA.
Iker Tubia.
2020ko azaroaren 24a
00:00
Entzun
Hala nahi gabe bakarrik bizi diren zaharren egoerari heldu nahi dio Eusko Jaurlaritzak, eta gai hori lantzeko web telebista bat martxan jarri du: Agenda Nagusi TV. Agenda Nagusi programak zaharren parte hartze publikoa bultzatzen du, eta hori jardunaldien bidez sustatu zuten iaz. Baina, pandemia dela eta, aurten ezin da bilkurarik egin; beraz, Internetera egin behar izan dute salto. Oraingoz, bi saio ikus daitezke, gaztelaniaz baizik ez.

Euskaraz irakur daiteke webgunea, eta euskaraz idatzirik daude saioaren atalak, baina Agenda Nagusi TVren hizkuntza gaztelania da. Sarean ikusgai diren bi saioetan ez dira euskaraz ari behin ere; kaleko inkestan euskarazko azpidatziak paratu dituzte, ez besterik. Hala ere, aurrerago euskaraz ere ariko direla esan du Nerea Goikoetxea web telebista kudeatzen duen 3D Social Movement aholkularitza etxeko kolaboratzaileak: «Asmoa daukagu beste saio batzuk euskaraz ere egiteko. Presaka ibili gara, eta batzuetan ez da erraza, parte hartzen duen jende denak ez dakielako euskaraz».

Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketarako Sailaren Agenda Nagusi programaren helburua zaharren parte hartzea sustatzea da, haien kezkak eta esperientziak jaso, eta haien ekarpenak politika publikoetarako baliagarri izan daitezen. Hori da orain web telebistaren bidez egin dezaketena. Hala ere, behin-behineko neurria da: «Gure asmoa da lehenbailehen aurrez aurreko formatua berreskuratzea. Pertsona nagusiei buruz ari gara, eta badakigu teknologiaren oso lagunak ez direla batzuk. Beste batzuk bai: ikusi dugu guk uste baino hobeto moldatzen direla batzuk».

Arrakala digital horretaz jabeturik, Goikoetxeak uste du interesgarria izan daitekeela eduki horiek beste modu batera ere eskaintzea: «Beharbada interesgarria litzateke telebista kateren batean ematea eta ezagutaraztea. EITBrekin berba egin daEusko Jaurlaritzaren bidez, baina ez dakigu aukerarik egongo den».

Parte hartzeko bidea

Agenda Nagusi TVren emanaldiek ez dute data zehatzik, baina urtea bukatu baino lehen emanen dituzte atal guztiak. Behin sareratuta, noiznahi ikusteko aukera dago agendanagusitv.eus atarian. Ordubete inguruko saioak dira, eta elkarrizketak, solasaldiak, adituen ekarpenak, kalean hartutako iritziak eta entretenimendua eskaintzen dute.

Webguneak parte hartzeko aukera ematen du iradokizunak bidaltzeko atalarekin. Saioetako eta norbanakoek bidalitako gogoetekin eta ekarpenekin Nahi Gabeko Bakardadearen aurka Borrokatzeko Erakundeen arteko Plana osatuko du Jaurlaritzak. Eustaten arabera, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 263.000 lagun bizi dira bakarrik, nahi gabe. Haien artean %43 dira 64 urtetik gorakoak, eta bakarrik bizi diren lau herritarretatik hiru emakumeak dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.