Telesailen batailan, aukera bat izaten ari dira koprodukzioak

600 profesional bildu dira Conecta Fiction topaketan, Iruñean. Aliantzak ugaritzen ari dira Frantzian, Alemanian, Italian eta Espainian

Sophie Valais eta Concepción Cascajosa, atzo, Iruñean, Coneta Fiction topaketan. IÑIGO URIZ / FOKU.
urtzi urkizu
Iruñea
2019ko ekainaren 19a
00:00
Entzun
Munduko herrialde askotan gorantz egiten ari da estreinatzen diren telesailen kopurua. Europan eta Amerikan kalitate handiko eta aurrekontu erraldoietako ekoizpenak ugaritu dira. «Bataila horretan, koprodukzioak aukera bat dira», esan zuen atzo Iruñean Sophie Valaisek, Europako Ikus-entzunezko Behategiko lege aholkulariak. Conecta Fiction nazioarteko topaketa egiten ari dira egunotan Nafarroako hiriburuan, eta sektoreko profesional ugari akordioak egiteko baliatzen ari dira. Baluarte jauregiaren barnean, askotariko bilerak eta solasaldiak egin zituzten atzo sektoreko 600 profesionalek.

Astelehenean, Bardeara eta Erriberrira (Nafarroa) eraman zituzten 50 profesional, think tank ekitaldian. Han jasotako ondorio batzuk plazaratu zituen atzo Concepcion Cascajosak, Carlos III Unibertsitateko gidoi masterreko zuzendariak: «Telebistako prime time-ak indarra du oraindik ere. Baina fikzioak nahieran zerbitzuei egin behar die kasu. Marketin estrategiak, halaber, oso garrantzitsu bilakatu dira». Cascajosak nabarmendu zuen, era berean, gazteek gero eta gutxiago ikusten eta ikusiko dituztela edukiak zuzeneko telebistaren bitartez. «Bideo jokoak gero eta osagarriagoak dira telesailekin. Think tank-eko parte hartzaileek esan zuten bideo jokoak probetxuzkoak direla fikziozko mundu paraleloak zabaltzeko».

Telesailen ataletako iraupenaz ere bada eztabaidarik. «Atalak gero eta laburragoak dira. Ematen du hemendik gutxira 40-45 minutu arteko atalak nagusituko direla», esan zuen Cascajosak.

Valoisek azaldu zuenez, bestalde, Netflixek eragin handia izan du Europako merkatuan, baina koprodukzioetan ez hainbeste. Amerikan, aldiz, esanguratsuak izan dira AEBen eta Latinoamerikako herrialde baten arteko koprodukzioak; Narcos, adibidez. Cascajosak beste adibide bat nabarmendu zuen: Argentinaren eta Peruren artean ekoitzitako El regreso de Lucas telesaila.

Profesionalek ondorioztatu dute, era berean, harremanak sendotu behar dituztela elkarren artean lehian ez dauden eragileen eta operadoreen artean. Europan koprodukzio gehien egiten dituen herrialdea Alemania da (2017. urtean, 29 koprodukziotan parte hartu zuen); Austriarekin batera ekoizten ditu telesail gehien. Valoisek, bestalde, nabarmendu zuen herrialde bakoitzak bere aliatuak dituela, «gehienetan hizkuntzaren eraginez». Eskandinaviako herrialdeen artean, esate baterako, koprodukzio dezente egiten dituzte. «Aliantzak ugaritzen ari dira Frantzian, Italian, Alemanian eta Espainian».

Conecta Fiction-en iazko ekitaldian egin zuten lehen harremana Portugalgo SPI eta Espainiako La Claqueta PC ekoizpen etxeek. Atzo bi enpresek iragarri zuten akordio batera iritsi direla, elkarrekin urtean hiru telesail garatzeko. La Claqueta da Moriartirekin (Gipuzkoa) batera La Trinchera infinita filma ekoitzi duena (Aitor Arregi, Jose Mari Goenaga eta Jon Garaño dira zuzendariak).

Plataformen eragina

Conecta Fiction topaketa jendetsua telesailen gorakadaren erakusle da. Geca aholkularitza enpresako zuzendariorde Luis Zubiaurrek datu esanguratsuak eman zituen: «2011n, AEBetan 266 telesail emititu ziren. Zazpi urte geroago, iaz: 495. Herrialde horretan, streaming bidezko plataformen telesailak ugaritu dira gehien: iaz 160 eman zituzten, doako telebistetan baino hamabost gehiago». Latinoamerikakoherrialde askotan telesailen gorakada ere nabarmena da, Zubiaurreren arabera. «Baina badira salbuespenak; Argentinan, adibidez, kate handiek diru asko gordetzen dute futbolerako. Eta azkeneko urteetan, Turkiako telesailek eragin handia izan dute».

Europan, Erresuma Batua da telesail gehien ekoizten dituen herrialdea. «Telesail asko egiten dituzte 3-5 atal artekoak, eta horrek eragina du kopuruan». Frantzian urte luzez AEBetako telesailek eragin oso handia izan dute, baina azkeneko urtean telesail frantziarrak nagusitu dira. «Alemanian ere asko ugaritu dira bertako telesailak, eta horien artean drama generoa gailentzen da», gaineratu du Zubiaurrek.

Espainian, azkenaldian gehien ikusten diren telesailak espainiarrak dira, salbuespen batekin: The Good Doctor —Tele5k eman du, ikusle datu bikainekin—. «Espainian gertatu den beste fenomeno batek atentzioa ematen du: 2017an, estreinatutako fikzioen %62k arrakasta lortu zuten. 2018an, %31ra jaitsi ziren. Zatikatze bat gertatzen ari da fikzioan, eta ordainpeko plataformak eragin handia izaten ari dira».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.