Applek bihar jarriko du martxan bere plataforma

Zerbitzua Euskal Herrian eta beste ehun herrialdetan egongo da eskuragarri. Lehen eduki izarra 'The Morning Show' telesaila da

Jennifer Aniston eta Reese Witherspoon, The Morning Show telesaileko aktoreak eta ekoizle eragileak. APPLE.
urtzi urkizu
2019ko urriaren 31
00:00
Entzun
Beste streaming plataforma batzuen aldean, katalogo txikia izango du Apple TV Plusek lehen kolpean. Baina harpidetza merkeagoa ere bai: doako lehen zazpi egunen ostean, harpidedunek hilean 4,99 euro ordaindu beharko dituzte Appleren ekoizpen propioak ikusi ahal izateko. Harpidetza eginez gero, gainera, etxeko sei gailutan ikus daitezke bertako edukiak. Bihar jarriko dute martxan Apple TV Plus Euskal Herrian eta munduko beste ehun herrialdetan. Edukiak 40 hizkuntzatan bikoiztuak edo azpidatziak egongo dira, baina ez euskaraz. Telesailetan eta filmetan audiodeskripzioak egongo dira, zortzi hizkuntzatan.

Jennifer Aniston eta Reese Witherspoon aktoreen telesail bat—haiek dira ekoizle eragileak ere— izango da zerbitzuko lehen produktu izarra: The Morning Show. Biekin batera, Steve Carrellek antzezten du rol protagonista. Goizeko telebista albistegien munduan barneratzen da istorioa; egoa, handinahikeria eta botere gosea agertuko dira telesailean. Gizonezko aurkezleak sexu jazarpeneko salaketa bat jasoko du, eta horrek dena aldatuko du goizeko programan. Friends-etik Anistonek telebistan jokatzen duen lehen pertsonaia protagonista da The Morning Show-koa. Witherspoon bere lankideak zera esan du: «Industriak ez badizkizu paper onak ematen, sor itzazu zerorrek ekoizle gisa». Telesailaren lehen denboraldiak hamar atal ditu, baina iragarri dute jada bigarren denboraldia grabatuko dutela. Ataletako bost Mimi Leder zinemagile eta ekoizleak zuzendu ditu.

Garesti atera zaio telesail hori Apple konpainiari: 13,5 milioi euro inguru ataleko. Baina are garestiagoa izan da zientzia fikziozko See telesaila. Jason Momoa eta Alfre Woodard dira aktore protagonistak. Istorioari dagokionez, 600 urte barru dago girotuta: birus batek itsu utzi ditu munduan bizirik gelditu direnak. Ikusmenik gabe, gizakiek bizirik irauteko moduak asmatu beharko dituzte.

Applek bihar estreinatuko dituen beste saioen artean, Dickinson dago, XIX. mendeko Emily Dickinson olerkari estatubatuarraren inguruko istorioa. Umore beltzez zipriztindua dago.

For all Mankind telesailean, berriz, Ronald D. Moorek irudikatzen du zer gertatuko litzatekeen munduko espazioko lasterketa amaitu izan ez balitz.

Neska-mutikoei zuzendutako saioak ere ekoitzi ditu Applek: HelpstersSesame Street-en sortzaileen eskutik— eta Snoopy in Space. Gazteei zuzendutako telesaila da, berriz, Ghostwriter—lau mutil liburu denda batean bilduko dira, mamu baten bueltan—.

Naturarekin lotutako dokumentalak maite dituzten ikusleentzat, berriz, The Elephant Queen prestatu dute. Oprah Winfrey kazetariaren literatur saio bat ere estreinatuko dute bihar.

Datozen hilabeteetan, ekoizpen berri gehiago iritsiko dira Apple TV Plusen katalogora: M. Night Shyamalan zinemagilearen Servant thriller psikologikoa, Epic Magazine aldizkarian argitaratzen diren istorioetan oinarritutako Little America saioa eta Samuel L. Jackson aktorea buru duen The Banker filma. Steven Spielberg eta Alfonso Cuaron zinemagileak ere fitxatu ditu konpainiak, telebista saioak ekoizteko.

Disney+ eta HBO Max

Netflixekin lehiatzeko asmoz, plataforma berriak sartuko dira merkatuan. Azaroaren 12an, Disney+ jarriko dute martxan AEBetan, eta bere produktu izarra Star Wars-en unibertsoko telesail bat izango da: The Mandalorian. Euskal Herrian, oraingoz, plataforma ez da eskuragarri egongo.

Warner Mediak, berriz, iragarri du maiatzean jarriko duela martxan HBO Max streaming bidezko plataforma. Harpidetza hilean 13,49 eurokoa izango da, merkatuko garestiena, baina bertan honako marken edukiak sartuko ditu: HBO, DC Entertainment, CNN, TNT, TBS, The CW, Cartoon Network, Adult Swim eta Looney Tunes. Eduki berrien artean, Game of Thrones-en spin-off bat egongo da: House of Dragon—Targaryen etxeko pertsonaiak izango dira ardatza—. Friends telesaileko denboraldi guztiak ere Netflixetik HBO Maxera pasatuko dira, Warnerrek 359 milioi euro ordaindu eta gero.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.