Ikuspegi osoagoa dialean

Euskal Herriko gaurkotasuna eta errealitatea eskaintzen ditu Antxeta2 irratiak, abendu hasieratik

Bidasoaldeko Antxeta irratiaren estudioa, Hendaian. NICOLAS MOLLO.
jakes goikoetxea
2019ko abenduaren 27a
00:00
Entzun
Hilabete da ia Hego Euskal Herriko irrati entzuleek dialean euskarazko aukera berri bat dutela: Antxeta2 irratia. Internet bidez ez ezik, irratian ere entzun daitezke Ipar Euskal Herriko entzuleentzat ezagunak diren Goiz Berri etaOndaiziela saioak, eta beste hainbat.

Bidasoaldeko Antxeta irrati komunitarioak Bilbon, Donostialdean, Gasteizen eta Iruñerrian emititu ahal izateko legezko frekuentziak lortu zituen, eta Antxeta2 irrati berria abiatudu. Bakarrik ez. Izan ere, Antxeta2ren programazioa hainbat irratiren eskaintzarekin osatu dute: Antxeta irratiarena berarena, Euskal Irratiena, Arrosa Euskal Herriko irrati libreen sarearena eta Radiokultura Internet bidezko irratiarena.

«Identifikatua genuen hutsune bat», azaldu du Aitziber Zapirain Antxeta irratiko koordinatzaileak. «Iruditzen zitzaigun Hego Euskal Herriko lau probintzietan informazio zuzenagoa jaso zitekeela Lapurdiren, Nafarroa Beherearen eta Zuberoaren inguruan». Hutsune hori betetzeko asmoz osatu dute programazioa, «hiru aliaturekin». Bidelagun berriak izateko lanean ari dira, «betiere euskaraz eta herri hedabide izaerarekin».

Goiz Berri, Ondaiziela eta Zebrabidea saioak dira, nolabait esateko, astegunetako programazioaren bizkarrezurra. Hirurak zuzenekoak. Goiz Berri aktualitatearen berri emateko saioa da, Euskal Irratiena, 06:30etik 08:15 arte.

Eguerdian eta arratsaldean, magazinak: eguerdian, Ondaiziela, Euskal Irratiena, 12:10etik 13:00etara; arratsaldean, berriz, Zebrabidea, Arrosa sarekoa. 16:00etatik 18:00etara, «Euskal Herri osoko magazina».

Lurraldetasunarena da, hain zuzen, Zapirainek nabarmendutako Antxeta2ren ekarpenetako bat: «Antxeta2ren sorrerarekin, Euskal Herri oso hori are gehiago osatzen da. Ipar Euskal Herriaren berri normaltasun osoz komunikatzen da, ez hedabide batzuek egiten duten moduan, folklore edo xelebrekeria kutsu batekin».

Gai jakinei buruzkoak

Albistegiak Euskal Irratienak dira. Ez denak, Iparrorratza ere eskaintzen baitute, Antxeta irratiaren eskualdeko albistegia, haren «programarik beteranoena».

Programazioa osatzeko, gai jakinei buruzkoak edota kolaboratzaileenak emititzen dituzte: bertsoak (Kabitik), elkarrizketak (Ahapetik), kirolak (Kiroletik eta Jokoz kanpo)...

Eta musika, jakina. Goizeko kanten eskaintza programaz gain, Radiokulturaren ekarpena nabarmendu du Zapirainek: «Saiatzen gara musika modu landuago eta bereziago batean eskaintzen, Radiokulturaren bidez». Antxeta irratiak kolaboratzaile berri bat du aurten: DJ Bull. Ostiraletan izaten da haren saioa, 21:00etan.

Oraingoz, Antxeta2ren programazioa ez dago ikusgai. Antxeta irratia bere webgunea berritzen ari da (antxetamedia.eus) eta urte hasieran izango du prest.

Hilabete eskasean entzule berriren baten deia jaso dute, informazio eske, eta pozik daude izandako harrerarekin. «Polita da», dio Zapirainek. «Ez genuen halakorik espero».

Antxeta irratiaren koordinatzaileak eskaera bat egin die Euskal Herriko irrati entzuleei: zapping egin dezatela, Antxetaren moduko irrati komunitario gehiago entzuteko. Euskal Herrian 25-27 dira. «Euskal Herrian informazioa euskaraz entzun nahi badugu, oso aukera gutxi dauzkagu», azaldu du. «Ziur nago, ordea, herri askotako entzuleek dutela irrati komunitario bat ondoan, herriko informazioarekin, leiho berri bat zabaltzeko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.