Mipcom azokako standak birtualak izan dira aurten

Ekoizleen hartu-emanak digitalak izan dira. Canneseries jaialdia presentziala izan da, ordea, eta 'Partisan'-ek eraman du sari nagusia

Canneseriesko telesail onenaren saria Partisan-i eman diote. Amir Chamdin da zuzendaria —erdian—. SEBASTIEN NOGIER / EFE.
urtzi urkizu
2020ko urriaren 15a
00:00
Entzun
Telebistaren alorreko milaka profesional elkartu ohi dira urtero Cannesen (Okzitania), Mipcom azokan. Baina aurten, pandemiaren eraginez, digitalak izaten ari dira ekoizle, erosle eta banatzaile guztien arteko harremanak. Lehen aldiz digitala bihurtu da azoka, aurrez aurrekoa izan beharrean. Bihar amaituko da azoka.

Hala eta guztiz ere, Euskal Herriko hainbat ekoiztetxek ez dute aukera galdu nahi izan azokan parte hartzeko, norbera bere bulegotik edo etxetik baldin bada ere. Honako euskal enpresa hauek ari dira parte hartzen Mipcomen: Pausoka, Jok Films, Txintxua Films, Soul Pictures, A Film to Kill For eta New Digital Media. ETB ere ari da parte hartzen.

Jokin Etxeberria ekoizleak nabarmendu duenez, Puntu Koma websaila —Next Station egitasmoaren bitartez ekoitzia; EITBk estreinatu zuen— nazioarteko zenbait telebistatan emateko akordioak ixten ari dira egunotan. Ameriketako Estatu Batuetako Dekkoo telebistak —LGTB kolektiboari zuzendua— abuztuan jarri zuen Puntu Koma bere zerbitzuan, euskaraz, ingelesezko azpidatziekin. Eta ez da izango euskal websaila emango duen azkena.

New Digital Mediako ekoizleek azaldu dute hitzordu «interesgarriak» izaten ari direla, eta Global Agency nazioarteko banatzaileak bere katalogoan sartu duela El club del Tupper formatua (ETB2).

Txintxua Filmsek Hondar ahoak telesaila —azaroan estreinatuko du ETB1ek— erakutsi du azokan. Bestetik, Myriam Ballesteros zinemagileak Annie & Carola eta Cenicienta enmascarada animaziozko telesailak aurkeztu ditu.

Filmaxek, era berean, El Estado contra Pablo Ibar dokumental saioa —Irusoin da ekoizleetako bat— eraman du azoka birtualera. Lan hori HBOk estreinatuko du urte bukaeran.

Diversify sariak

Mipcom azokaren bueltan, nahiz eta aurtengoa digitala izan, askotariko ekitaldiak egiten ari dira. Tartean, aniztasuna hobekien islatzen duten saioei Diversify sariak eman dizkiete: LGBTQ+ Ez Fikzioa atalean, Jake and Charice dokumentalak eraman du saria—Filipinetako Jake Zyrus kantautore transgeneroari buruzkoa da lana—; LGBTQ+ Fikzioan, Mae Martinen Feel Good telesaila saritu dute; Elbarritasuna Ez-Fikzioa kategorian, Employable Me Canada dokumental saioak eraman du saria; eta haur programazioan aniztasuna hobekien islatzen duen saria eman diote Eliza Hull gidoilari eta ekoizleari, And Then Something Changed saioagatik.

Beste alde batetik, Fresh TV Formats egitasmoan, garaian garaiko formatuen hautaketa bat egin ohi dute. Aurten, gizarte gaiekin lotutako saio ugari aukeratu dituzte: Belgikako A real job: Nurses saioan, adibidez, zenbait pertsonaia ospetsuk ospitale batean egingo dute lan, erizainen lana aitortzeko; Herbehereetako The 100. Waiting for an Organ Donor saioan, ehun gaixo organo baten zain daude; Erresuma Batuko Fightschool saioan, zenbait gaztek delituen mundua albo batera utziko dute, boxeoan aritzeko. Musika lehiaketak, bikotekidea topatzeko saioak eta ohiko lehiaketetako probak nahasten dituztenak ere badira.

Mipcomek urtero herrialde bat izaten du ohorezko gonbidatu moduan, eta aurten Hego Koreari egokitu zaio. Beste herrialde batzuetara gehien saltzen ari diren Koreako saioak honako hauek dira: I can see your voice musika lehiaketa, When I was the most beautiful telesail dramatikoa eta More than friends komedia fantastikoa. Netflix plataformak begia joa du Korean, eta herrialde horretako hamazazpi telesailen ekoizpenean parte hartu du. Taiwango sortzaileak ere azaleratzen ari dira, eta Netflix eta HBO plataformek ekoizpen anbiziotsuak egin nahi dituzte herrialde horretan.

Canneseries amaitu da

Mipcom digitala izan da, baina Canneseries telesail jaialdia aurrez aurrekoa izatea lortu dute egunotan —udaberrian atzeratu egin zuten, pandemiaren eraginez—. Atzo banatu zituzten sariak: telesail onenaren irabazlea Suediako Partisan izan da —Amir Chamdinek sortu eta zuzendu du—; aktore onenaren saria Polina Maksimovak (257 Reasons To Live) jaso du; interpretazio sari berezi bat eman diote Red Light-eko aktore talde osoari; Publikoaren saria Franck Gastambidek sortutako Validé telesailarentzat izan da; gidoi onenarena Moloch-i eman diote; eta film labur onenaren saria Broder-i.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.