Auzitegi bat sortu dute kazetarien erailketak epaitzeko

Hiru kazetari elkartek sortu dute nazioarteko herri auzitegia, eta adierazi dute gobernuek hilketak ikertzeko betebeharra dutela

Maria Ressa kazetariak —Nobel Saria jasoko du— herri auzitegia sortzeko ekitaldian parte hartu zuen, atzo. D. MORALES / EFE.
urtzi urkizu
2021eko azaroaren 3a
00:00
Entzun
«Astero kazetari bat hiltzen dute. Egia hiltzea krimen segurua da, hamar hilketatik zortzitan hiltzaileak libre geratzen baitira». Hala esan dute Mugarik Gabeko Kazetaritza Librea, Kazetariak Babesteko Batzordea eta Mugarik Gabeko Kazetariak elkarteek: haiek bultzatuta, herri auzitegi bat sortu dute, hiltzen dituzten kazetarien auzietan justizia egin dadin. «Mundu osoko kazetariak jazarriak, atxilotuak, bahituak eta erailak dira beren lana egiteagatik, egiaren bila aritzeagatik», diote elkarteek. Hagan (Herbehereak) egin zuten herri auzitegia martxan jartzeko ekitaldia, atzo. Askotariko kazetariek, elkarteen ordezkariek eta legelariek parte hartu zuten hartan.

Tartean zen Maria Ressa Filipinetako kazetaria —Bakearen Nobel saria jasoko du, Dmitry Muratov Errusiako kazetariarekin batera—. Zera adierazi zuen Ressak: «Sare sozialak kazetariak isilarazteko edo seinalatzeko erabiltzen dira sarri, eta estrategia hori gobernuen konplizitatearekin erabiltzen ari dira zenbait herrialdetan. Larria da».

Herri auzitegiak, oraingoz, sei hilabete iraungo du: Kazetarien Aurkako Krimenen Inpunitateari Amaiera Emateko Egunean sortu dute, eta 2022ko Prentsa Askatasunaren Egunean utziko du jarduna, audientzia berezi batekin. Fiskal nagusia Almudena Bernabeu abokatua da, eta lehen akusazioak eman dizkie epaileei. Hiru gobernuren aurkakoak dira aurreneko akusazioak —kazetari batzuen hilketetan justiziarik ezarri ez izana salatuko dute hiru auzi saio bereizietan—: Sri Lankaren aurkakoa, Lasantha Wickrematunge kazetariaren hilketaren auziagatik; Mexikoren kontrakoa, Miguel Angel Lopez Velasco kazetariaren hilketagatik, eta Siriaren aurkakoa, Nabil al-Xarbaji kazetariaren hilketaren auziagatik. Herri auzitegiko elkarte sustatzaileek salatu dute «inpunitate jarraitua» egon dela hiru kasu horietan, eta datuak eman dituzte azaltzeko gobernuek ez dituztela bete beren eginbeharrak giza eskubideen alorrean.

Auzitegiaren sorrera ekitaldian, zenbait lekukotza jaso zituzten: Pavla Holcovak azaldu zuen nolako oztopoak dituzten Jan Kuciaken auzian justizia egiteko —Eslovakiako ikerketa kazetaria 2018an hil zuten, tiroz, etxean zela—; Matthew Caruana Galizia kazetariak bere amaren hilketaren auzia plazaratu zuen—Daphne Caruana Galizia lehergailu itsatsi batekin hil zuten, Maltan, 2017an—; Caoilfhionn Gallagher giza eskubideen abokatuak ohartarazi zuen ikerketetako lege oztopoak hilketak gertatzen diren estatuaren araberakoak izan ohi direla.

Ekitaldiaren amaieran, auzitegiko bederatzi epaileek hartu zuten hitza: Mexikoko Marcela Turati Muñozek hunkituta aipatu zuen bertatik bertara ezagutzen zituen bost kazetari erail dituztela. Mexiko da munduan kazetari gehien hiltzen dituzten herrialdeetako bat. Joan den astean, esate baterako, bi kazetari hil zituzten tiroz: Fredy Lopez Arevalo eta Alfredo Cardoso Echeverria. Hala ere, itxaropenez hitz egin zuen Turati Muñozek: «Herri auzitegi hau aukera bat da mundu osoan gaia plazaratzeko; aukera bat da gauzak aldatzeko». Italiako Marina Fortik, berriz, kezkagarritzat jo zuen kazetaritzari «zilegitasuna kentzeko» egungo joera. Eta Gianni Tognonik koordinazioa eskatu zuen kazetarien eskubideak bermatzeko lanean.

«Gizarte osoan du eragina»

Kazetarien Aurkako Krimenen Inpunitateari Amaiera Emateko Eguna izaki, Nazio Batuen Erakundeak eta Unescok ere hitz egin dute munduan urtero hiltzen dituzten kazetarien auziaz. Antonio Guterres Nazio Batuen Erakundeko idazkari nagusiak salatu du kazetarien hamar erailketatik ia bederatzi zigorrik gabe geratzen direla. «Kazetarien aurkako krimenek eragin handia dute gizartean, bere osotasunean; izan ere, eragozten dute herritarrek erabaki informatuak har ditzaten». Azkeneko urte eta erdian bizitakoari ere erreferentzia egin dio Guterresek: «COVID-19aren pandemiak eta desinformazioaren pandemiak erakutsi dute hil ala bizikoa dela herritarrek gertaeren eta zientziaren berri izatea». Unescoko idazkari nagusi Audrey Azoulayk gobernu guztiei eskatu die kazetariak babestu eta haien aurka egiten diren krimenak zigortu ditzatela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.