RTVEren gidaritza behin-behinekoa izango da oraindik, Mateorekin

Espainiako Gobernuak RTVEko administratzaileari eskatu dio jarraitzeko, lehiaketa egin arte

Rosa Maria Mateo RTVEko administratzaile bakarra, atzo, kontrol batzordean. JUAN CARLOS HIDALGO / EFE.
urtzi urkizu
2020ko martxoaren 11
00:00
Entzun
RTVEk hilabete ugari daramatza behin-behinekotasunean, bozen aferak direla eta ez direla. Rosa Maria Mateo kazetaria —78 urte ditu— RTVEko administratzaile bakar izendatu zuen Espainiako Kongresuak, 2018ko uztailaren 27an. Geroztik, Mateok behin baino gehiagotan esan izan du bere kargua uzteko prest dagoela, baina korporazioko presidentea aukeratzeko lehiaketa publikoa etenda egon da. Espainiako Gobernuak karguan jarraitzeko eskatu dio orain Mateori, RTVEren zuzendaritza aukeratzeko prozesua bukatzen den arte. Eta kazetariak jarraitzea onartu du, «erantzukizunagatik». Hala azaldu zuen atzo Espainiako Senatuan egindako agerraldian, RTVEren kontrol batzordean: «Egoera konpondu arte, ni ez noa etxera. Lana uztea onartezina litzateke».

Otsailean, berrogei gizarte erakundek, elkartek eta sindikatuk, komunikazio arloko 170 profesionalekin batera, gobernu berriari eskatu zioten RTVEren lehiaketa publikoa berriro aktibatzeko, korporazioko presidente eta administrazio kontseilu egonkorrak egon daitezen. Baina egoerak bere horretan jarraitzen du, aurrera egin gabe, behin-behinean.

PPko senatari Macarena Montesinosek, berriz, gogor jo zuen Mateoren aurka, eta dimititzeko eskatu zion. «Azken urtearen balantzea oso txarra da, RTVEren etorkizunerako penagarria».

ERC-EH Bildu taldeko Bernat Picornellek kezka azaldu zuen, «behin-behinekotasunagatik». Halaber, kritikatu egin zuen Enric Hernandez RTVEko albistegietako zuzendari izendatu izana. «Hernandez El Periódico de Catalunya-ko zuzendari zela, egunkariak ohar bat asmatu zuen, faltsua eta akatsez betea. Ustez CIAk mossoei bidalitako ohar bat zen, mehatxu terrorista batez ohartarazten zuena. CIAk berak onartu zuen ohar hura faltsua zela». Mateok, ordea, profesional «bikaintzat» jo du Hernandez.

Jokin Bildarratz EAJko senatariak nabarmendu zuen telebista batek «lantalde egonkor bat» behar duela. Lehiaketa publikoa geldirik egotea deitoratu zuen.

Lan hitzarmen berria

Mateok, bere agerraldian, RTVEk 2019an egindakoaren berri eman zuen, eta herritarrek irrati-telebistari buruz duten iritzia hobetu egin dela nabarmendu. Era berean, jakinarazi zuen lan hitzarmen berria adostu dutela sindikatuekin, urte eta erdiko lanaren ostean. Horren arabera, langileek legez baino bi urte lehenago hartu ahalko dute erretiroa —RTVEko langileen batez bestekoa 52 urtekoa da—. «Lantaldea berritzeko prozesu bat egingo da: deialdi bat egongo da lanpostu berrientzat, eta profil berriak dituzten profesionalak sartuko dira taldean», azaldu zuen Mateok.

Halaber, iragarri zuen RTVE nahieran ikusteko zerbitzua berritzeko lanean ari direla. «Erronka handia izango da. 45 urte baino gutxiagoko hartzaileengan arreta jarri behar dugu». Aplikazioetan eta podcastetan inbertsioak ere egingo ditu talde publikoak.

RTVEko administratzaile bakarrak azaldu zuen goi mailako telesailen koprodukzioan ari direla parte hartzen. Horien artean dago Sin límites, Juan Sebastian Elkanoren eta Fernando Magallanesen mundu birari buruzko telesaila; 25 milioi euroko aurrekontua du, eta Amazon Prime Videorekin batera ari dira ekoizten. Bestetik, Leonardo fikzioan ari da parte hartzen, ZDF, RAI eta France Televisionsekin batera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.