Euskal Irratiek aldatu egin dituzte goizeko eta arratsaldeko lantaldeak

Olatz Idoate eta Arantza Idieder goizez arituko dira. Maia Muruagak 'Gaur zer berri' gidatuko du

Maia Muruagak Gaur zer berri saioa gidatuko du egunero, 17:00etatik 18:00etara. EUSKAL IRRATIAK.
urtzi urkizu
2020ko irailaren 2a
00:00
Entzun
Lapurdiko, Nafarroa Behereko eta Zuberoako Euskal Irratiek astelehenean hasi zuten denboraldia, eta, emankizun berri asko egongo ez diren arren, makina bat aldaketa egin dituzte esatarien zereginetan. Oihana Dagerre Euskal Irratietako programazio arduradunak azaldu duenez, goizeko eta arratsaldeko lantaldeak aldatu dituzte: goizean sartu dira Olatz Idoate eta Arantza Idieder esatariak. «Idoatek asteko lehen egunak hartuko ditu, eta Idiederrek, astearen bukaerakoak». Aktualitatearen berri emango dute bi kazetari horiek, Uztaritzeko (Lapurdi) Gure Irratiko estudiotik. Ihintza Arrieta kazetaria, halaber, goizero arituko da gidari.

Ostiraletan eta larunbatetan, Irulegiko Irratiko Donibane Garaziko estudiotik gidatuko dituzte Euskal Irratien goizak —komuneko tarteak—. Eta, igandetan, Mauletik, Xiberoko Botzatik.

Edonola ere, goiz osoa ez da izaten partekatua Euskal Irratietan: 08:15etik 10:00etara, Antxeta Irratiak, Gure Irratiak, Irulegiko Irratiak eta Xiberoko Botzak bakoitzak bere tokiko edo hurbileko emankizuna egiten du astegunetan. 10:00etan elkartzen dira berriz ere federazioko lau irratiak.

Eguerdiko magazina Marie Agnes Gorostiagak gidatuko du, aurreko denboraldian bezala. Kolaboratzaile berriak izanen dira.

Arratsaldetan, Gaur zer berri saioa aurkeztuko du Maia Muruagak. «Lehen partean, aktualitatearen errepasoa egingo dute saioan. Eta bigarren ordu erdian, kultur informazioa landuko du Muruagak», iragarri du Dagerrek. 17:00etatik 18:00etara emango dute irratsaio hori.

Radiokultura eta Arrosa

Euskal Irratietan, aurreko denboraldietan bezala, gaikako irratsaioak emango dituzte 19:00etan. Astelehen arratsaldetan, Radiokultura irratiarekin elkarlanean egindako saioak izango dira entzungai. Arrosa sarearen parte dira Euskal Irratiak, eta sare horretako zenbait musika saio eskainiko dituzte 21:00etatik aurrera —gauetan, musika saio propioak ere izango dituzte.

Asteburuetako eskaintzari dagokionez, igande arratsaldetan errugbi eta pilota partidak zuzenean emango dituzte, hilaren 19tik aurrera.

Udaberrian, konfinamendu garaian, haurrei zuzendutako emankizun bat sortu zuten. «Aurrerantzean, asteazken eguerditan eta arratsaldetan emango ditugu haurrei zuzendutako edukiak eta informazioa».

Dagerrek aitortu du egungo egoerara egokitu beharko dutela, osasun larrialdia dela-eta. «Adi gaude ea langile bakoitzaren egoera zein den. Udaberrikoa egin eta gero, antolatuak gaude talde batzuk etxetik aritzeko, behar izanez gero».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.