Pandemiaz ari diren kazetarien %70ek larrimin psikologikoa dute

Reuters institutuak ondorioztatu du garrantzitsua dela kazetariek jasaten duten presioa apaltzea

Kazetari talde bat turista bat elkarrizketatzen, Sevillako (Espainia) aireportuan. JOSE MANUEL VIDAL / EFE.
urtzi urkizu
2020ko uztailaren 24a
00:00
Entzun
Neguaren bukaera aldetik gaur egun arte, presiopean aritu dira kazetari ugari koronabirusaren krisialdiaren berri ematen. Oxfordeko Unibertsitateko Reuters institutuak (Ingalaterra) eta Torontoko Unibertsitateak (Kanada) inkesta bat egin dute zenbait herrialdetako kazetariekin, eta ondorioztatu dute antsietatea eta depresioa jasaten ari direla pandemiaren berri ematen ari direnetako gehienak. Galderei erantzun dieten %70ek esan dute larrimin psikologikoa dutela—%26k antsietatea dute, klinikoki modu esanguratsuan, eta sintomen artean insomnioa, kezka psikologikoak, kontzentrazio falta eta neke handia daude—.

Inkestaren lehen emaitzak dira horiek, eta etorkizunean gaiarekin lotutako ikerketak argitaratuko dituzte. Baina aurreneko emaitzak esanguratsuak iruditu zaizkie inkestaren egileei, eta horregatik atera dituzte argitara. Anthony Feinstein Torontoko Unibertsitateko psikiatria irakaslea eta Meera Selva Reuters institutuko kazetarien beken programako zuzendaria ari dira ikerketa gidatzen. Feinsteinek aurretik ere lanak egin izan ditu muturreko gertaeren berri ematen duten kazetariekin: esate baterako, irailaren 11ko erasoak eta Irakeko gerra.

Inkestan agerian gelditu dira zenbait joera. Pandemiaren gainean jarduten duten eta inkestan parte hartu dutenen artean, soilik %4 ziren aurretik osasunean espezializatuak. Herrialde askotan, kazetariek kezka dute beren lana zorrotz ezin egiteagatik, informazio sinesgarria dutelako faltan. Gainera, kazetarien %60k aitortu dute pandemia iritsi denetik lehen baino ordu gehiagoz ari direla lanean.

Telelanak eta etxeko zaintzak ekarri dituen zailtasunak ere mahai gainean jarri dituzte zenbait kazetarik. Etxetik lan egitea, seme-alaben heziketa etxean egitea eta etxeko lanak aurrera eramatea ezinezkotzat jo dute kazetari batek baino gehiagok. Inkesta horretatik harago, zenbait ikerketak diote antsietate eta depresio sintoma gehiago dituztela emakumezko kazetariek gizonezkoek baino.

Lana kazetari gazteagoei

Nazioarteko inkestatik atera duten beste ondorioetako bat da kazetariek zenbat eta adin handiagoa izan orduan eta aukera gutxiago izaten dituztela COVID-19aren istorio baten berri emateko. Hau da, komunikabide gehienetan kazetari gazteagoak jartzen ari dira pandemiaren inguruan lanean, adin nagusikoen egoera aintzat hartuz.

Bestalde, koronabirusaren krisiaren gainean jarduten dutenen erdiek aholkularitza motaren bat izan dute eskura pandemia hasi denetik. Eta nolabaiteko terapiaren bat egin duten kazetariek arrisku txikiagoa dute larrimina edo antsietatea izateko. Analisiak iradokitzen du larrimin psikologikoa zuzenean loturik dagoela aholkularitza faltarekin. Ikerketaren egileek esan dute gaiaz ohartarazi nahi dutela kazetariak jasaten ari diren presioak argitara emanda.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.