TV3i ezarri debekuen aurka egin du Kataluniako Kazetarien Elkargoak

'Preso politikoak' eta 'erbestea' hitzak ezin erabiltzea zentsuratzat jo du kazetarien elkarteak

Toni Solerrek «zentsuraren zozketa» egin zuen asteazkenean, Està passant saioan, debekuei umorez erantzuteko. BERRIA.
urtzi urkizu
2019ko urriaren 12a
00:00
Entzun
Kataluniako kazetari elkarteeneta langileen ordezkarien erabateko arbuioa eragin du Bartzelonako hauteskunde batzordeak TV3eko eta Catalunya Radioko kazetariei ezarritako debekuak: azaroaren 10eko hauteskundeak iritsi arteko kanpainako egunetan, ezingo dituzte preso politikoak, erbestea eta erbestean dagoen presidentea (Carles Puigdemonti buruz aritzean) hitzak erabili. Era berean, Errepublikaren Kontseiluaz eta Hautetsien Batzarraz hitz egiten dutenean, aurretik esan beharko dute nork bere burua izendatu duela modu horretan. Batzordeak Kataluniako irrati-telebista publikoari gogorarazi dio zigor ekonomikoak jarriko dizkiola kazetariek neurri horiek betetzen ez badituzte. Hauteskunde batzordearen erabakia Ciudadanos alderdi politikoaren salaketa baten eraginez iritsi da.

Erabakia jakin bezain laster, TV3eko Està passant saioan ironiaz landu zuten gaia: Toni Soler aurkezleak «zentsuraren zozketa» bat egin zuen, eta aipatu zuen «bere burua hauteskunde batzordetzat jotzen duenak» beste hitz asko zentsura ditzakeela.

Tonu serioan eman zuen erantzuna, aldiz, Kataluniako talde publikoaren kontseilu profesionalak. «Adierazpen askatasunaren aurkako eraso bat da, eta zentsurarik gabe komunikatzeko eskubidearen aurkako eraso bat». Langileak ordezkatzen dituen kontseiluak zentzugabetzat jo ditu hauteskunde batzordearen argumentuak. «Kontseilu profesionalak uste du entzuleak eta ikusleak pertsona heldu gisa tratatu behar direla, irizpide propioa dutela». Hauteskunde batzordearen erabakia «aldez aurreko zentsura ekintza toleraezina» dela salatu du kontseilu profesionalak.

Ildo berean, Kataluniako Kazetarien Elkargoak «zentsuratzat» eta «abusutzat» jo du hauteskunde batzordeak ezarritako debekua. Elkargoaren arabera, hauteskunde batzordearen erabakia TV3eko eta Catalunya Radioko kazetarien lanari egindako gutxiespen «onartezina» da.

Elkargoak, bestalde, berriki kanpaina bat jarri du martxan kazetariek jasaten dituzten erasoen aurka.

Debekuz debeku

Ez da lehen aldia hauteskunde batzordeak Kataluniako talde publikoari halako debekuak ezartzen dizkiola: azkeneko bi urteetan antzeko mugak jarri dizkio hauteskunde kanpainatan. Saio batzuetan umorez saiatu dira debekuari erantzuten: Preguntes Freqüents programako aurkezleek, esate baterako, prisis pilitics kontzeptua erabili zuten martxoaren amaieran. PPk helegite bat jarri zuen berehala, eta, handik egun gutxira, hauteskunde batzordeak prisis pilitics erabiltzea ere debekatu egin zuen.

Uztailean, bestalde, TV3 kateari 1.200 euroko zigorra jarri zion hauteskunde batzordeak, bozen garaian preso independentisten inguruko dokumental bat botatzeagatik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.