Qatarrera doazen kazetariei mugak jarriko dizkiete estadioetatik kanpo

Mugarik Gabeko Kazetariek salatu dute zenbait gai lantzea debekatu nahi dietela akreditatuei

Bi langile Dohako Al-Janoub estadioan. Munduko Kopako partida batzuk jokatuko dituzte bertan. ALBERTO ESTEVEZ/ EFE.
urtzi urkizu
2022ko urriaren 29a
00:00
Entzun
Hainbat herrialdetan eta gizarte eremutan kezka dago giza eskubideen errespetuan defizitak dituen herrialde batean jokatuko delako Munduko Futbol Kopa. Komunikazioaren munduan, berriz, hedabideetako akreditazioak egitean Qatarko antolatzaileek ezarri dituzten mugak sortzen ari dira kezka. Mugarik Gabeko Kazetarien idazkari nagusi Christophe Deloirek zera salatu du: «Qatarko autoritateak kazetarien akreditazio sistema kontrolatzen ari dira, zenbait gai lantzeko debekua ezarriz».

Munduko Koparen berri emango duten hedabideek, akreditazioa eskatzean, zenbait baldintza beteko dituztela sinatu behar dute. «Baldintza horietako batzuk anbiguoak dira: interpretazio arbitrarioak izan ditzakete, eta ez dira argiak», ohartarazi du Deloirek. «Qatarrek galarazi egin nahi du futbolaz ez beste gaiez hitz egitea».

Akreditazio sistemaren mugetako batzuk kendu egin dituzte duela egun gutxi. Puntuetako batek esaten zuen ezingo dela argitaratu Qatarko kulturarentzat eta oinarri islamiarrentzat «iraingarria» edo «desegokia» den erreportajerik. Kendu dute puntu hori. Baina akreditazioak eskatzeko webgunean, muga honek bere horretan jarraitzen du: kazetariek ezingo dute ez irudirik grabatu eta ez argazkirik atera enpresa pribatuetan, eremu industrialetan eta herritarrak bizi diren etxeetan. Mugatutako eremu fisiko batzuk ere badira, eta ezingo da haietan grabaziorik egin baimenik lortu ezean. Mugarik Gabeko Kazetariek jakin dutenez, baimen horiek lortzeko bideak «burokrazia labirinto konplexuak» dira, eta gehienetan «kale itsuetara» doaz.

Kataluniako kontseilua, adi

Qatarren kazetariek egin ahalko duten lana egunotako mintzagaietako bat da. Kataluniako Ikus-entzunezko Kontseiluak, esate baterako, adierazpen bat egin du —ordezkari guztiek onartu dute, aho batez— Munduko Koparen berri emango duten hedabideei zuzendua: «Hedabideek egiazkotasuna eta erantzukizun soziala aintzat hartu beharko dute bere lanean». Hortaz, kontseiluak hedabideei eskatu die ez ahazteko kirol txapelketa jokatzen den herrialdearen testuingurua, eta bereziki gertaerek lotura baldin badute lan arloko baldintzekin, gizonen eta emakumeen arteko berdintasunarekin eta LGTBI kolektiboko herritarren eskubideekin. Kontseiluaren adierazpenak dio kazetariek iturri aniztasun ahalik eta handiena erabili beharko dutela, gertaerak arretaz tratatzeko eta gizartearen pluraltasuna islatzeko. Kontseiluak gogorarazi du hedabideek herritarren informazio eskubidea bermatu behar dutela.

Ikusteko dago zer gertatuko den Qatarren kazetariekin; 2015ean, BBCko lantalde bat atxilotu zuten, langile migranteen etxeetan grabatzen ari zirela. Eta, iaz, Norvegiako bi kazetari atxiki zituzten 30 orduz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.