Applek telebista, bideo joko eta albiste zerbitzu berriak sortu ditu

Steven Spielbergek eta beste izar batzuek edukiak egingo dituzte Apple+ plataformarentzat

Apple News+ zerbitzu berrian 300 aldizkari baino gehiago egongo dira harpidedunen eskura. APPLE INC.
urtzi urkizu
2019ko martxoaren 27a
00:00
Entzun
Ordenagailuak, tabletak eta sakelako telefonoak saltzeko konpainia bat izan da orain arte Apple. Baina, hemendik aurrera, zerbitzuen eta edukien enpresa erraldoi bat ere izango dela ondoriozta daiteke. Eduki propioez osatutako streaming plataforma bat, aldizkarien eta egunkarien edukiak barneratuko dituen zerbitzu bat eta bideo jokoen harpidetza zerbitzu berri bat sortu ditu konpainiak. Hona proiektu bakoitzaren ezaugarriak:

APPLE+

Netflixekin lehiatzeko streaming bidezko plataforma bat izango da. Udazkenetik aurrera, ehun herrialdetan baino gehiagotan egongo da martxan, eta ez du iragarkirik izango; harpidetzaren prezioa ez dute iragarri. Applen aparatuetan ez ezik, Samsung, LG Sony, Vizio eta Roku marketako telebista konektatuetan eta aparailuetan egongo da eskuragarri. Steven Spielbergek hainbat edukisortuko ditu plataformarentzat, Oprah Winfreyk bi dokumental egingo ditu —bat lan eremuko jazarpenaren ingurukoa eta bestea buruko osasunari buruzkoa—, Steve Carrell, Jennifer Aniston eta Reese Witherspoon aktoreak The Morning Show telesailean arituko dira, J.J. Abramsek artista gazteen inguruko Little Voice saioa egingo du, eta haurrei zuzendutako Helpsters saioa estreinatuko dute.

APPLE TV CHANNELS

Aplikazio bakarrean hainbat telebista kateren programazioa barneratuko dute. Besteak beste, Amazon, Hulu, HBO, Epix, Showtime eta Starz plataformen eta kateen edukiak izango dira bertan ikusgai. Erabiltzaileek ikusi nahi dituzten kanalengatik baino ez dute ordaindu beharko, paketeak kontratatu beharrik gabe. Halaber, edukiak deskargatu ahalko ditu erabiltzaileak, Interneteko konexiorik gabe dagoenean ikusi ahal izateko. Kirolei eskainitako atal berezi bat izango du, markagailuekin eta gogoko taldearen alertekin.

APPLE NEWS+

Albisteen zerbitzu bat izango da—astelehenetik martxan dago Kanadan eta AEBetan—. Wall Street Journal eta Los Angeles Times egunkarien ordainezko artikuluak barneratuko ditu, eta 300 aldizkari baino gehiagoren edukiak ere bai. Harpideduna izateko, hilean 8,83 euro ordaindu behar dira —aurreneko hilabetea doan izango da—. Urtearen amaieran, Europara eta Australiara iritsiko da. Applek iragarri duenez, ez dute zelatatuko harpidedunak zer artikulu irakurtzen dituen, eta ez dizkiete datuak beste enpresei igorriko.

APPLE ARCADE

Harpidetza bidezko zerbitzu bat izango da, bideo jokoetarako. Ehun joko baino gehiago izango ditu harpidedunak eskura, eta denda digitalera iristen diren bideo joko berrienak berehala deskargatzeko aukera izango du.

APPLE CARD

Konpainiaren kreditu txartela sortu dute, Goldman Sachsekin elkarlanean. Bertsio fisikoa —titaniozkoa— eta digitala ditu. ApplePay sistema onartzen duen edozein tokitan erabili ahalko da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.