Jokoari lotutako iragarkiak debekatzea erabaki du EITBk

ONCE erakundearen loteriako iragarkiak ematen jarraituko du irrati-telebista publikoak

EITBk ezingo du apustu etxeen iragarkirik eman aurrerantzean. MARISOL RAMIREZ / FOKU.
urtzi urkizu
2019ko maiatzaren 3a
00:00
Entzun
2012tik zetorren araua egokituz, EITBko administrazio kontseiluak eta zuzendaritzak erabaki dute jokoaren eta apustuen inguruko publizitatea debekatzea. Zuzendaritzak egin zuen proposamena zenbait joko jardun sustatzea helburu duten publizitate emanaldia arauak aldatzeko, eta administrazio kontseiluak asteartean eman dio oniritzia. «Hartara, eta salbuespen jakin batzuekin, jokoarekin zerikusia duten publizitate eta promozio jardunak eta emisioak debekatu nahi ditugu», esan du Maite Iturbe EITBko zuzendari nagusiak. «Helburua da jokoak eta apustuek sor ditzaketen adikzio arazo larrietatik babestea pertsona ahulenak».

Aurrerantzean, EITBk ez du onartuko bere hedabideetan jokoarekin lotutako inolako publizitate edo promozio ekintzarik, ezta marka edo ekitaldien publizitate korporatiboa ere, baldin eta gauzatzen duten enpresen jarduera nagusia jokoa baldin bada.

Salbuespenak honako hauek izango dira: ONCE Espainiako Itsuen Erakundearen eskumenekoak diren loteria eta apustuak, eta publizitate estatiko eta promozioak baldin eta eskubideak eskuratzeko zein hedatze seinalea ekoizteko ezinbestekoak badira. Halaber, ETBk ematen dituen pilota partidetan, publizitate estatikorako entitate eskudunekin negoziatu beharko du irrati-telebistak, «jokoarekin zerikusia duen publizitate estatikoa murriztu eta ezabatzeko helburuarekin».

Arautzearen aldaketa abian dago. Edonola ere, aldaketa indarrean sartu baino lehen formalizatutako eta oraindik indarrean dauden komertzializazio akordioei kalterik ez egiteko, akordio horiei eutsi egingo diete, gehienez ere abenduaren 31 arte. Horrenbestez, datorren urtearen hasieran sartuko da indarrean araudi berria.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.