Galdakaoko Mozoilo irratia uhinetara itzuliko da udazkenean

Irratiak 11 urteko isilaldia izan du. Herritarrek 18.000 euro eman dituzte gastu teknikoetarako

Mozoilo irratiak azkeneko hilabeteetan hainbat saio egin ditu kalean, eta Internet bidez emititu ditu. MOZOILO IRRATIA.
urtzi urkizu
2019ko ekainaren 27a
00:00
Entzun
Galdakaoko (Bizkaia) Mozoilo irratia 1976. urtean sortu zuten, eta urte luzez herritarrei hitza eman zien. 2008an, irratiaren elkartean sartu ziren pertsona batzuek material guztia hartu eta saldu egin zuten. Eten egin zen bidea. Azkeneko urtean, ordea, boluntario batzuen ekimenez,proiektua berpiztu egin dute: Internet bidezko emisioak hasi dituzte, EHUko ikasle askoren ekarpena jaso dute, eta finantzaketa kolektiboko kanpaina bat abiarazi dute. Herritarrek 18.000 euro eman dituzte, eta, horri esker, irratia udazkenean berriro zabalduko dute uhinen bitartez.Irratiko kazetari Aritz Apraizek esan du «ahalik eta parte hartzaileena» egingo dutela. Euskaraz eta gaztelaniaz arituko dira.f

Apraizek azaldu duenez, jasotako dirua ez dago gaizki, baina irrati bat martxan jartzeko «oso-oso larri» ibiliko dira. «Lagun batek esaten duen moduan, txiroen modura aritzeko». Herriko hainbat enpresak laguntza emango diete: altzariak eta ordenagailuak. «Finantzaketa kolektiboaren dirua bideratuko da mendiko igorgailua erosteko, eta nahaste mahaia eta mikro batzuk erosteko. Larri-larri ibiliko gara, baina udazkenean FMan egongo gara».

Mozoilo irratiak lizentziarik gabe aritu beharko du. Proiektuko sustatzaileek azaldu dutenez, lizentzia deialdi berri bat iristen denean aurkeztuko dira. Baina argi dute hori iritsi arte denbora asko pasatuko dutela. Irratiak publizitatea izango duela iragarri dute, bide batez.

Irratiko lantaldean sei lagunari dira. Azkeneko ikasturtean, bestalde, 32 ikasle aritu dira irratsaioak egiten. «Hasieran, gazteek ez dakite mikro bat zer den ere. Baina ikasiz doaz, pixkanaka. Iraganean ere Mozoilo irratia eskola bat izan zen gazte askorentzat», azaldu du Apraizek.

Mozoilok EHUko kazetaritza fakultatearekin akordio bat egin du, eta datorren ikasturtetik aurrera hainbat gaztek praktikak egingo dituzte irratian.

Irratiko lantaldea udazkeneko programazioaren gidalerroak erabakitzen ari da. «Oso argi duguna zera da, partaidetza jorratu nahi dugula. Herriko elkarte eta talde askok irratia bultzatu dute, haiekin hitz egingo dugu eta eduki asko beraien ekarpenetik iritsiko dira: saio propioekin edo irratsaioetako atal berezituekin».

Bestalde, Mozoilo isilik egon den urteotan Galdakaok ez du izan egunerokotasuneko informazioa lantzen zuen hedabiderik. «Hileroko aldizkariak badaude, baina jendeak eguneroko informazioa jaso nahi du. Bidea ez da erraza izango, baina, herritarren eta elkarteen partaidetzari esker, aurrera egingo dugu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.