BERRIAk hizkuntz ohiturei buruzko bideoak egingo ditu Euskaraldian

11 bideo sareratuko dituzte, ostiraletik abenduaren 3ra: aurrenekoa Lutxo Egiarekin egin dute

Lutxo Egiak azalpen lagungarriak emango dizkie ahobizi izango direnei lehen bideoan, ostiralean. BERRIA.
urtzi urkizu
2018ko azaroaren 20a
00:00
Entzun
Ostiralean hasiko da Euskaraldia, eta, horrekin batera, euskarazko komunikabideek eduki bereziak argitaratuko dituzte datozen bi asteetan. BERRIAk, esate baterako, egunero bideo berri bat zabalduko du, Berria bizi izenburupean. Orotara, 11 bideo ikusi ahalko dira BERRIAren webgunean eta sare sozialen bitartez; hain justu, Euskaraldiak iraungo duen egun bakoitzeko bideo bat.

Bideoetako gaiak askotarikoak izango dira, baina guztiak ardatz baten ingurukoak: hizkuntz ohiturak aldatzeak duen garrantzia. Gainera, bideo horietan ohiturak aldatzen laguntzeko asmoa dute Berria Telebistako kazetari eta bideogileek —Jon Ordoñez, Lara Madinabeitia eta Julen Aperribai ariko dira bideoak egiten—. Egoera jakin batzuk erakusteko, fikziora joko dute, eta esketxak egingo dituzte. Besteak beste, Bilbon, Donostian, Iruñean, Bermeon (Bizkaia), Tolosan eta Lazkaon (Gipuzkoa) grabatuko dituzte bideoak.

Aurreneko bideoan, Lutxo Egia idazlea izango da protagonista. Bere esperientziatik abiatuta, azalpen lagungarri batzuk emango ditu, bereziki ahobizi izango direnentzat. Egoera jakin batzuetan ahobiziak nola ahaldundu azalduko du. Berria Telebistako beste bideo batean, euskaldunberriengana joko dute, eta haiek azalduko dute zer garrantzitsua zaien, euskara ikasteko egiten ari diren prozesuan, euskaldun zaharrek euskaraz egitea. Beste bideo batean, berriz, osasun arloan euskaraz egin ahal izatea zergatik den garrantzitsua jasoko dute.

Euskaraldiaren amaiera aldera, berriz, herritarrek Euskaraldian izandako esperientziaen berri emango dute. BERRIAren komunitateari eskatuko diote bideo formatuan bidaltzeko Euskaraldian izan dituzten esperientziak.

BERRIAren webguneak, era berean, atal berezi bat izango du Euskaraldiari eskainia; bertan, Berria Telebistako bideoez gain, Gizartea saileko kazetariek landutako erreportajeak eta elkarrizketak irakurri ahal izango dira—aurreko astean hasi ziren Euskaraldiari lotutako testu sorta argitaratzen—.

Gomendioak EITBn

EITBko komunikabideetan ere arreta jarriko dute egunotan Euskaraldian. Iragarri dutenez, «ahalegin berezia» egingo dute haren inguruan «xehetasunez» informatzeko. Egunez egun, gomendio bat zabalduko dute telebistan, irratietan eta Interneten. Eguneko kronikak egingo dituzte albistegietan eta hainbat saiotan. Eduki horiek guztiak EITBren webgunean izango dira ikusgai; eta bertan ikusi ahal izango dira baita herritarrek bidalitako argazkiak ere.

Abenduaren 3an, ETB1ek Hamaika dokumentala estreinatuko du; Euskaraldiarekin bat egin duten zenbait pertsona izango dira protagonistak, eta euren bizipenak kontatuko dituzte. Datorren astelehenean, Euskaraldia: bat eta bat hamaika saio bereziko bigarren zatia emango dute—lehena Interneten da ikusgai—.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.