Martxan dira 'Gutuberrak'

Euskarazko websail berria 'eitb.eus/gutuberrak' atarian ikusi ahalko da, baita sare sozialetan ere

Gutuberrak websail berriko zazpi aktore protagonistak. BERRIA.
urtzi urkizu
2018ko abenduaren 7a
00:00
Entzun
Nomofobikak websaila sortu zuen lantaldeak fikziozko lan bat sortu du, izaera transmedia duena: Gutuberrak. EITBrekin eta Erronka Berriak ekoizpen etxearekin batera egin dute, eta atzo estreinatu zuten aurreneko bideoa. Lanaren eduki guztiak www.eitb.eus/gutuberrak/ webgunean ikusi ahalko dira; Instagram, Facebook eta Twitter sare sozialetan zabalduko dituzte, halaber, eta Whatsapp eta Skype ere erabiliko dituzte. BERRIA babesleetako bat da.

Familia batek etxegabetze baten mehatxuari nola egingo dion aurre kontatuko du Gutuberrak websailak, eta pertsonaia bakoitzak dirua nola lortuko duen azalduko dute. Youtuber bihurtzea bururatuko zaie protagonistei. Astero lau bideo —bakoitza hiru minutukoa— jarriko dituzte sarean, eta, igandero, guztiak batera ikusteko modua izango da. Bost astez estreinatuko dituzte atalak, urtarrilaren 6ra bitartean.

Olatz Beobide websailaren zuzendariak nabarmendu du gizarte gaiak jorratu nahi izan dituztela, eta horregatik abiatu direla etxegabetze batekin. «Gaietan transgresio puntu bat sartu nahi genuen. Kalean dauden gaiak ukitu nahi ditugu, eta haiei buelta bat eman, eta umorea erabiliz». Horretarako, transmedia kontzeptua garatzen ahalegindu dira. «Hau ez da bakarrik websail bat grabatzea, eta sarean jartzea. Skype eta Whatsapp bidez, pertsonaien bizitzen jarraipena egingo da, banaka edo binaka». Modu horretan, ikusleak fikzioan gertatzen dena hurbilago sentitzea nahi dute egileek.

Beobide bera izango da aktore protagonistetako bat. Harekin batera azalduko dira Axen Egaña, Amaia Lizarralde, Ioritz Tapia, Nerea Arriola, Edurne Azkarate eta Liah Regalado aktoreak.

Prekaritatearen ondorioak azaleratuko dira websailean. Pertsonaia batzuek lana galduko dute, dirurik gabe geldituko dira, «kale gorrian kasik, eta Bittori amonaren etxean gela bat alokatuko dute». Arazoei aurre egiteko, zazpi pertsonaia nagusiek elkarri lagunduko diote. Nahiz eta gizarteko gai gogorrak plazaratu, umorea erabiltzea funtsezkoa dela ikusi dute. «Askori gertatu zaigu lanik gabe egotea, dirurik gabe, baina jendeak aurrera egiten du, eta borrokatu egiten da. Umoreak lagundu dezake».

Beobidek azaldu duenez, egunotako gertakizunak aintzat hartuko dituzte. «Durangoko Azokan edo San Tomasen zerbait gertatzen bada, websailean jasoko dugu, fikzioa eta errealitatea uztartuz». Eguberriekin lotutako gaiak azalduko dira, gainera; tartean kontsumismoa. «Esperimentu handia da denontzat». 22 lagunen artean ari dira egiten Gutuberrak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.