Armadari planto egin zioten

Intsumisioari buruzko dokumental bat egiten ari dira Labrit Multimedia eta Izar Films ekoiztetxeak. Dokumentalaren trailerra, albistearen amaieran.

Nafarroako intsumisoen irudi bat, 2 Urte, 4 Hilabete izenburuko dokumentalean. LABRIT MULTIMEDIA.
urtzi urkizu
2019ko maiatzaren 23a
00:00
Entzun
2012. urtean, Iruñeko kartzela zaharra eraitsi baino ordu batzuk lehenago, Labrit Multimedia izan zen espetxe barnean grabazio batzuk egiteko baimena jaso zuen ekoizpen etxe bakarra. Gaizka Arangurenek garai hartako intsumiso batzuk deitu zituen, eta taldean sartu ziren hara kamerak bizkarrean hartuta. Kartzela, eta bertako ziegak grabatu zituzten, han 25 urte lehenago preso izan zirenekin. Geroztik, Arangurenek dokumental bat egiteko ideia izan du buruan. Proiektua gauzatzeko bidean da, baina dirua behar dute. 2 Urte, 4 Hilabete dokumentala egiteko finantza kolektiboko kanpaina bat jarri dute martxan. Ekainaren 5era arte eman daiteke dirua —5 eurotik 100era arte, dirua ematen duen bakoitzari trukean opariak eta hainbat eskaintza etorriko zaizkio bueltan—.

Labrit Multimediarekin batera, Izar Films ekoizpen etxea batu da proiektura. Lanaren zuzendaria, berriz, Lander Garro da. Haren iritziz, bi ikuspuntutatik du balioa intsumisioen istorioa kontatzeak: «Populismoaren gorakada betean gaudenez, oso pertinentea da atzean utzia zirudien mundua, soldaduskarena, zer izan zen oroitaraztea: haren arriskuekin eta ekarri zituen sakrifizioekin. Bestetik, intsumisioaren mugimenduak ordezkatzen zituen balioak oso beharrezkoak iruditzen zaizkigu gaur: elkartasuna, kolektibotasunaren sentimendua eta etorkizunarekiko erantzukizuna».

Arangurenekin batera 2012an Iruñeko espetxe zaharrera sartu ziren intsumisoak dira dokumentaleko protagonista nagusiak: Jaxinto Gomez irakaslea, Juan Kruz Lakasta kazetaria, Tonino Carotone musikaria, Iñigo Balbas suhiltzailea eta Fernando Mendiola irakaslea. «Hazia hor zegoenez, haiekin segitzea erabaki genuen», esan du Garrok. «2012ko sartu-irten hartan, protagonistak oso pozik egon ziren haien kaiola izandakoa bisitatuz, nahiz eta kontraesan moduko bat sentitu. Izan ere, kartzelarekin batera lekuko bat erortzen zen sentimendua zeukaten».

Beste protagonista batzuk ere agertuko dira dokumentalean. Off-eko ahotsa erabiliko dutela iragarri du lanaren zuzendariak: «Off-eko ahotsa ikaragarri gustatzen zait; off-eko ahotsak idaztea, lokutatzea, eta gero akzioarekin, iritziekin eta musikarekin uztartzea. Intentsitatea bilatzen dut beti, emozioaren eta kontentzioaren arteko joko bitxi bat».

Finantzaketa kolektiboko kanpainarekin orain arte izan duten harrerarekin pozik daude bi ekoizpen etxeak. 8.000 euro baino gehiago lortu dituzte jada. «Ongi doa dena eta eskertzekoa da, baina gehiago behar dugu, eta jendea garaiz dago laguntzeko».
[youtube]https://youtu.be/FSD9fQtyb4o[/youtube]
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.