Soldata arrakala BBCn ere

Karen Martinek salatu du lan beragatik 13.584 euro gehiago eskaini dizkiotela gizonezko bati

BBCren Londresko egoitzaren sarrerako irudi bat. ANDY RAIN / EFE.
urtzi urkizu
2019ko maiatzaren 24a
00:00
Entzun
Erresuma Batuko Berdintasun eta Giza Eskubideen batzordea BBC ikertzen ari da, urte luzez hainbat emakumek salatu baitute gizonezkoek baino soldata txikiagoa jasotzen dutela lan bera egiteagatik. Ikerketa horretan bere kasua kontatu eta laguntza emateko asmoa azaldu du Karen Martinek. Izan ere, Martinek salaketa bat bidali die posta elektronikoz irrati-telebista publikoko ehunka langileri: BBC Radioko editore laguntzaile postua betetzeko, Roger Sawyer gizonezko lankideari urtean 13.584 euro gehiago eskaini dizkiote egun berean. Postu berean, lan berbera egiteagatik. «Zuzendaritzatik esan zidaten Sawyerren eta bion rolak eta ardurak berdinak direla. Kontua da 12.000 libera gutxiago balio ditudala», idatzi die Martinek lankideei.

BBCk ez du ezkutatu auzia. Albiste bat argitaratu du, eta gertatutakoa jaso du kazetariaren eta zuzendaritzaren ikuspuntuekin. Martinen bertsioa emateaz gain, Gavin Allen BBCko albisteen ekoizpen buruaren azalpenak eman dituzte albistean. Hala esan die Allenek langileei: «Kontuan hartu genuen Sawyerrek maila horretan edo gorago egin duela lan hainbat urtez. Martini, berriz, postu berria eskaini zitzaion promozio moduan, soldata igoera nabarmenarekin». BBCk beste eskaintza bat egin dio Martini, eta irrati-telebistak berak aitortu du gizonezkoaren eta emakumezkoaren soldataren aldea 7.924 eurora txikiagotu dela. «Iruditzen zaigu gehienek ulertuko duela Sawyerrek egindako lanak eta aipatutako faktoreek eragina dutela soldataren aldean», adierazi du BBCko albisteen ekoizpen buruak. Allenek autokritika ere egin du, baina ez azkeneko kasu horretan: «Aitortzen dut iraganean ez dugula beti asmatu, baina uste dut hau ez dela kasu horietako bat».

Martinek, bestalde, esan du harremanetan egon dela BBCko zuzendari nagusi Tony Hallekin. Komunikabide batean esan duenez, BBCko kudeatzaileek ohartarazi zioten kasua publiko egiteak kalte egingo ziola bere ibilbide profesionalari.

Carrie Gracieren kasua

Martinen salaketa ez da BBCk gizon eta emakumezkoen soldata arrakalagatik jasotzen duen lehena; iaz, Carrie Gracie BBCko Txinako gaien editore nagusiak salatu zuen Today irratsaioan lankide gizonezkoek emakumezkoek baino gehiago irabazten zutela. Kargua utzi, eta telebistako erredakziora itzuli zen. BBCk orduan esan zuen ez dagoela emakumeen aurkako diskriminazio sistematikorik. Urtebete lehenago, BBC legez behartu zuten urtean 180.000 euro baino gehiago kobratzen duten langileen eta arduradunen soldatak argitaratzera. Eta horrek ekarri zituen Gracieren salaketa eta dimisioa; Graciek kritikatu zuen BBCren soldaten kultura «sekretua eta legez kanpokoa» zela.

BBCren kasua Erresuma Batuaren egoeraren isla da: ikerketa baten arabera, hamar enpresatik zortzitan gutxiago ordaintzen diete andreei gizonei baino.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.