Periferiak, erdigunera

'Topatu'-k 'Zizelkariak' dokumentala estreinatuko du hilaren 30ean, Tuteran. Sei ertzetako gazte mugimenduetako kideak mintzo dira

Zizelkariak dokumentalaren fotograma bat. Topatu atariak ekoizten duen laugarren dokumentala da. TOPATU.
urtzi urkizu
2019ko azaroaren 15a
00:00
Entzun
Euskal Herriko periferiak erdigunera ekartzeko helburuarekin, sei ertzetako gazte mugimendu desberdinetan lanean ari diren gazteak elkarrizketatu ditu Topatu.eus atariak. Emaitza Zizelkariak dokumentalean onduko dute, baina lana ez dute amaitu, eta finantzaketa kolektiboko kanpaina bat jarri dute martxan—4.500 euro bildu nahi dituzte—. Hilaren 29 arte egongo da aukera proiektuari laguntza emateko, helbide honetan: www.itsulapikoa.eus/eu/proiektuak/zizelkariak-dokumentala. Lanaren estreinaldia Tuteran (Nafarroa) egingo dute, hilaren 30ean, Letras a la Taza liburu dendan.

Dokumentalaren lantaldea honako gazte hauek osatzen dute: Garazi Conde, Irati Majuelo, Mikel Urriza, Aitor Servier eta Maddi Ane Txoperena. Topatu-ren laugarren dokumentala da Zizelkariak. Txoperenak uste du azkenaldian asko hitz egiten dela periferiaz. «Topatu-n nabaritu dugu ahotsa ematen geniela gazte mugimendu askori, baina Euskal Herriko erdiguneetakoak ziren gehienetan. Aldiz, baziren zona batzuk ahots gutxiago ematen genienak. Militatzeko beste modu batzuk existitzen dira, eta horietan jarri dugu fokua dokumentalean».

Dokumentaleko protagonistak hauek dira: Ezkerraldeko (Bizkaia) Harian gazte taldeko kide bat, Tuterako (Nafarroa) Erribera Intsumisa talde feministako kide bat, Aldudeko ibarrean (Nafarroa Beherea) etxebizitzaren gaia lantzen duen Aiba taldeko kide bat, Donapaleuko (Nafarroa Beherea) euskalgintzan eta kulturgintzan ari den gazte bat, Irunberriko (Nafarroa) musikari bat eta Arabar Errioxako (Araba) gazte asanbladako kide bat.

«Euskal Herria irudikatzea»

Topatu atariko kideak egiten ari diren lanaren bitartez, gazte mugimenduen eraikuntzaren eta inurri lanaren garrantzia landu nahi dute. Txoperenak azaldu duenez, protagonista bakoitzak kontatuko du nola ikusten duen errealitatea bere eskualdetik, eta bakoitzak aurrera eramaten duen borroka espezifikoa azalduko du. «Aldi berean, denei eskatu diegu Euskal Herriaren etorkizuneko proiekzio bat egiteko. Izan ere, nahi duguna da dokumentalak laguntzea Euskal Herria amesten eta irudikatzen».

Euskal Herria erdigunetik irudikatu ohi den definizioa berridazteko asmoa dute Topatu-ko kideek ikus-entzunezko lan berriari esker. «Defendatzen dugun tesia da zizelkariak direla txikitasunetik egunerokotasunean lan bat eginez Euskal Herria eraikitzen ari diren gazteak», esan du Txoperenak.

Tuterako estreinaldiaren ostean, Durangoko Azokako Irudienean ikusteko aukera izango da Zizelkariak. Dokumentalean ageri diren periferia guztietan emango dute lana, eta, gero, beste toki batzuetan proiektatuko dute. «Nahiko genuke emanaldiarekin batera eztabaidak sortzea. Eztabaidak errazteko mekanika batzuk ari gara lantzen», nabarmendu du Txoperenak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.