Lezoko gazte talde batek 'Zeorri!' herri aldizkaria jarri du martxan

Etzi banatuko dute lehen zenbakia. Herriko gazteek idatzitako artikuluak izango dira oinarria

Zeorri! aldizkaria sortu dute Piztu Lezo dinamikan ari diren gazteek. OARSO BIDASOKO HITZA.
urtzi urkizu
Lezo
2019ko abenduaren 19a
00:00
Entzun
Lezok (Gipuzkoa) herri aldizkaria izango du larunbatetik aurrera: Zeorri!. Piztu Lezo dinamikan ari diren gazteek —gazte asanbladan biltzen direnak— jarri dute martxan paperezko euskarazko hedabide berria. Aurreneko zenbakia herriko dendetan eta tabernetan banatuko dute, doan. Halaber, doako harpidetzak egiten ari dira, eta PDFa bidaliko diete guztiei. Gainera, Oarsobidasoa.hitza.eus webgunean eskegiko dute aldizkariaren PDFa, baita sare sozialetan ere. Pixkanaka ari dira egitasmoa prestatzen, eta, oraingoz, aldizkaria hiru hilean behin argitaratuko dute.

Herriko zortzi gazteren artean ari dira aldizkariaren lanak antolatzen. Horietako bat Aitzol Saizar da. «Orratx! herri aldizkariaz hitz egiten ari ginen [1996tik 2003ra argitaratu zen Lezon] bilera batean, eta ideia atera zen ea zergatik ez genuen guk aldizkari bat aterako. Pentsatu genuen Lezoko gazteek bertako gazteentzat idatzitako proiektu bat sor genezakeela», azaldu du Saizarrek. «Dena den, aldizkaria ez da izango soilik gazteentzat: adin guztiei zabaltzeko asmoa daukagu».

Aldizkaria sortu dutenen artean, ez dago kazetaririk. Gazteetako batek Komunikazioa ikasi du. Baina bakoitza beretik ari da ematen. Saizar, adibidez, diseinuko programak ikasten aritu da. Itzulpengintza ikasten ari den gazte batek, berriz, euskarazko zuzenketa lanak hartu ditu.

Herriko eragileen tartea

Saizarrek azaldu duenez, sustatzaileek argi dute gazteen iritzi artikuluek beren lekua izan behar dutela. «Gazteen kezkak plazaratu ahal izateko». 32 orrialde izango ditu aurreneko zenbakiak. Aldizkarian, erreportaje bat topatuko du beti irakurleak; lehen zenbakian, Karlos Saldiseren hilketaren 40. urteurrena aztertuko dute. Lezoko gazte bat elkarrizketatuko dute, eta gazteek idatzitako kultur kritikak egongo dira: zinema, musika eta antzerkikoak. «Bestalde, herriko eragileen dinamikak eta egitasmoak jasotzeko tarte bat izango dugu». Kaleko inkestak ere egingo dituzte.

Aldizkariaren izenari dagokionez, esanahi bikoitza duela nabarmendu du Saizarrek: «Lezon, zerorri esateko, zeorri esaten zen. Bestetik, Orratx! aldizkariari keinu bat egin diogu harridura markarekin, eta, gainera, ze orri edo zer orrialde polita edo itsusia komenta dezake irakurleak».

Saizarrek, bestalde, uste du Oarso Bidasoko Hitza-k indar berezia duela herrian, eta ez diotela inolako itzalik egingo. «Guk nahi duguna da herriko jendeak idaztea. Oarso Bidasoko Hitza-n ondo hartu dute proiektua, eta harreman ona dugu haiekin».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.