Filmin Euskaraz jaio da, euskarazko lanen lehen 'streaming' kanala

Euskal Herrian ikus daiteke, baina Iparraldean ikusteko Hegoaldean egin behar da harpidetza

Gure oroitzapenak film kolektiboa ostegunean jarriko dute Filminen katalogoan. ADABAKI EKOIZPENAK.
urtzi urkizu
2020ko otsailaren 18a
00:00
Entzun
Filmin ordainpeko plataformak Filmin Euskaraz kanala sortu du, «ikusle guztiei zinema onena beren ama hizkuntzan gozatzeko aukera» emateko asmoz. Horretarako, Filmin Euskaraz kanalean (www.filmin.es/canal/filmin-euskaraz) pelikulak, dokumentalak eta haurrentzako lanak jarri dituzte —tartean egongo dira baita euskaraz bikoiztutako lanak zein euskarazko azpidatziak dituztenak ere—. Oinarrizko harpidetza hilean 7,99 eurokoa da. Euskal Herri osoan ikus daitezke Filminen edukiak, baina Iparraldean ikusi ahal izateko Hegoaldean egin behar da harpidetza.

Kanalean 40 lan baino gehiago jarri dituzte, euskaraz. Tartean dira helduentzako film luzeak, dokumentalak eta haurrentzako pelikulak —horietako batzuk bikoiztuak—. Filminen katalogoan sartuko dituzte aste honetan Josu Martinezen Jainkoak ez dit barkatzen eta Joseba Sarrionandiaren obran oinarritutakoGure oroitzapenak film kolektiboa.

Martxoan, Europako lanak

Jaume Ripollek sortu zuen Filmin plataforma, eta bera da zuzendari editoriala. Iragarri du martxoan pelikula gehiago jarriko dituztela euskarazko kanalean. «Iristen zaizkigun heinean, gaineratuko ditugu. Horien artean Golem banatzailearen Europako zenbait film egongo dira, azpidatziekin».

Filminek ez du laguntza publikorik jaso euskarazko lanekin osatutako kanala martxan jartzeko. «Ondo legoke babesak izatea. Hurrengo pausoa sendoa bada, erakunde publikoen laguntzekin beharko du izan», esan du Ripollek. «Ea kontzientziak mugitzen diren».

Euskal Herrian, ehunka pelikularen euskarazko azpidatziak eginak daude, baina haien zabalpena ez da beti erraza izaten. Ripollek esan du oraingoz banatzaileek bidaltzen dizkieten azpidatziak erabiliko dituztela. «Baina gure borondatea da aurrera jotzea, eta gustura hartuko genituzke euskarazko azpidatzi gehiago».

Filmin plataformak, euskaraz ez ezik, gaztelaniaz eta katalanez eskaintzen ditu ikus-entzunezko lanak. Kataluniako Generalitatearen laguntzari esker, 3.000 lan baino gehiago ikus daitezke FilminCAT kanalean, katalanezko audioarekin edo katalanezko azpidatziekin.

Ripollek nabarmendu du martxoaren 1ean AEBetako Universal Pictures estudioaren 80 film baino gehiago jarriko dituztela plataforman —gaztelaniaz—. Udazkenean, Metro Goldyn Mayer banatzailearen 110 film inguru jarri zituzten, gaztelaniaz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.