EITBren elkartasun maratoiaren ardatza koronabirusa izango da

Abenduaren 17a izango da maratoiaren egun handia. Jasotako dirua ikerketara bideratuko dute

Gotzone Sagardui Jaurlaritzako Osasun sailburua eta Maite Iturbe EITBko zuzendari nagusia, atzo, Bilbon. EITB.
urtzi urkizu
2020ko urriaren 1a
00:00
Entzun
Koronabirusak herritar guztiei eragiten diela ohartarazteko, kanpaina bat jarriko du martxan EITBk. Hartara, aurtengo elkartasun maratoia COVID-19aren bueltan antolatu dute. Ikerketak laguntzeko, dohaintzak egitera animatuko dituzte herritarrak; eta, bestetik, gaixotasunaz sentsibilizatu eta informazioa emango dute EITBko hedabideek.

2020ko EITB Maratoiaren helburua gizartera hurbiltzea izango da, Maite Iturbe taldeko zuzendari nagusiak azaldu duenez: «Badator apurka-apurka EITB Maratoia. Aurten dena da desberdin, baina gizarteari ate joka gatoz, aurtengo gaiak, koronabirusak, guztioi eragiten digula ohartarazteko, eta kanpainan parte hartzea inoiz baino garrantzitsuagoa dela azaltzeko».

Iaz, 20. urtemuga bete zuen EITBren maratoiak. Euskal gizartera zabaldutako egitasmo bilakatu zen: haurren minbizia gai hartuta, inoizko erantzunik onena izan zuen kanpainak. EITB Maratoiak marka guztiak hautsi zituen, milioi bat euro baino gehiago bilduz. Bestetik, Euskal Herriko txoko guztietatik 50.000 ahotsek baino gehiagok Lau teilatu abestu zuten: Zure Bertsiorik onena egitasmoan 1.500 bideo baino gehiago jaso zituzten.

Iturbek espero du aurtengo aldian ere euskal gizarteak erantzungo duela: «Eskuzabal, dirua emanez; eta zuhur eta zintzo, norbera eta ingurukoak zaintzeko betetzeko ezinbestekoak diren aholkuei jarraituz». Elkartasun kanpainaren bi ildo horiek inoiz baino gehiago izango dute indarra.

Gotzone Sagardui Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak maratoiaren aurkezpenean azaldu duenez, EITB Maratoiaren historian zehar, euskal herritarren elkartasunari esker, 4,5 milioi euro inguru erabili dira 90 ikerketa proiektutan. Aurten, maratoia koronabirusean ardaztuko da, eta sailburuak espero du jada martxan dauden COVID-19ari lotutako 80 proiekturi baliabide gehiago gehitu ahal izatea. «Gaur egun, gaixotasunaren azterketa klinikoan ez ezik, martxan dauden proiektuak gaixotasunaren egoera eta konplikazioetan, birusaren karakterizazio biologikoan eta gizartean izaten ari den inpaktuan oinarritzen dira».

Bertso berezi bat

Era berean, hainbat gizarte eragileren laguntzaz abian jarriko dituzten egitasmoak prestatzen dabil EITB: «Lau Teilatu-ren antzeko egitasmo bat izango dugu, mundu guztiak parte har dezan eta identifikatuta senti dadin». Hala iragarri du Iturbek: «Euskal gizarte osoaren sentimendua Euskadin bakarrik egin daitekeen modu batean adierazi nahi dugu: guztiok batzen gaituen bertso baten bidez». Maratoiaren egun handia abenduaren 17a izango da; egun horretan, dohaintzak hartzeko telefonoan pertsona ezagun andana izango da egun osoan zehar. Horrez gain, EITBko kanal guztiek maratoiari arreta berezia eskainiko diote, urteroko moduan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.