'The Washington Post' egunkariak 70 lanpostu sortuko ditu aurten

Osasun gaiak lantzeko beste hogei kazetari izango ditu egunkariak, eta beste hainbeste klimarako

The Washington Post egunkariaren egoitza nagusiaren sarrera, AEBetako hiriburuan. ERIK S. LESSER / EFE.
urtzi urkizu
2022ko otsailaren 22a
00:00
Entzun
Pandemiak bizkortu egin du prentsan azkeneko hamarkadan izan den joera: paperezko egunkarien salmenta txikiagoak eta Interneteko informazioaren kontsumo handiagoa. Zenbait komunikabidek murrizketak egin behar izan dituzte azkeneko urteetan. Badira, ordea, inbertsio garrantzitsuak egiten ari diren kazetak ere: The Washington Post egunkariak berriki iragarri du 70 lanpostu sortuko dituela aurten.

AEBetako komunikabide horren editore exekutibo Sally Buzbeek eman du erabakiaren berri, gutun publiko baten bitartez. Jakinarazi duenez, beste 41 postu ere sortuko ditu egunkariak albisteen edizioan aritzeko. Buzbeek zera adierazi du: «Erredakzioaren azpiegitura indartu egingo dugu, hazkunde prozesu baten testuinguruan. Diseinatu dugun zabalkundeak herritarrak ahalduntzeari eta botere guneak ikertzeari begira daukagun konpromisoari erantzuten dio».

Giza baliabide gehiago jarriko dituzten arloen artean osasun gaiak eta klimari lotutakoak daude. Osasunari eta ongizateari lotutako informazioak lantzeko, hogei lanpostu sortuko ditu egunkariak. «Azkeneko bi urteetan irakurleekin egin dugun ikerketetan ikusi dugu osasuna, ongizatea eta osasun mentala direla interes foku garrantzitsuenetako batzuk. Iruditzen zaigu gai horren jarraipen indartsua eta multiplataforma egiteko aukera daukagula», azaldu du egunkariko editore exekutiboak.

Klimari buruz informazioa emateko ere beste hogei lanpostu sortuko ditu AEBetako egunkariak. 2020. urtean, Pulitzer sari bat jaso zuen hedabideak 2C: Beyond the limit lanari esker. «Plan sendoak dauzkagu klima lantzeko. Hogei langile berriren laguntzarekin, narrazio formatu berriak erabiliko ditugu, eta plataforma sozialetan arituko gara. Adin guztietako irakurleak erakarri nahiko genituzke. Uste dugu audientziek gure partetik zientzian oinarritutako kazetaritza jaso behar dutela, pragmatikoa eta identifika daitekeena», gaineratu du Buzbeek. Klimarekin lotutako teknologia berrien inguruan idatziko dute, eta irakurleek horiek uler ditzaten saiatuko dira. Halaber, hondamendi meteorologikoen berri emango dute, kontakizunak erabiliz. Bi berriemailek klimaren historia ikertuko dute munduan.

Teknologiari eskainitako erreportajeek ere tarte zabala izango dute egunkarian. Irakurleek teknologiaren kontrola har dezaten saiatuko dira Help desk (laguntza mahaia) frankiziaren bitartez.

AEBetako gizarte eta politika gaian lantzeko, beste zortzi kazetari kontratatuko dituzte. Washington hiritik kanpo arituko dira horiek guztiak.

Nazioarteko informazioa lantzeko, bestalde, lau lanpostu sortuko ditu egunkariak: berriemaile batek Txinan egingo du lan, eta kazetari bana arituko da Seulen eta Londresen.

Erredakzioaren sail guztiak indartuko dituztela dio Buzbeek.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.