Kamera ezkutuak soilik salbuespen egoera batzuetan erabili ahalko dira

Espainiako Auzitegi Konstituzionalaren azken epaiak ez du guztiz debekatzen gordean grabatzea

Kamera ezkutuarekin ateratako irudiak, Antena3 kateko saio batean. BERRIA.
urtzi urkizu
2019ko martxoaren 5a
00:00
Entzun
Nahiz eta zenbait lerroburutan zabaldu den Espainiako Auzitegi Konstituzionalak guztiz debekatuko dituela kamera ezkutuak kazetaritzan, sententziak ez du erabateko debekurik ezarri. Julio Azkargorta abokatuak —kamera ezkutuen auzi bat eraman zuen— hala ohartarazi du: «Sententzia ezin da oinarri nahikotzat hartu gaur egungo legeak aldatzeko. Sententziak, gainera, zabalik uzten du kamera ezkutuak erabiltzeko aukera, ikerketaren helbururako beharrezkoa eta proportzionala den bitartean. Bi baldintza horiek ez badaude, ezingo dira erabili».

Edonola ere, sententziaren hitzak ikusita, badirudi kazetaritzan kamera ezkutuen erabilera orain arte baino gehiago mugatuko dela: «Espainiako Konstituzioak baztertu egiten du kamera ezkutua erabiltzea kazetaritzan, esku hartze bidegabea egiten duelako herritarren intimitatean eta oinarrizko eskubideetan».

Espainiako Auzitegi Konstituzionalak Antena3eko Espejo Público saioan agertu zen herritar baten helegiteari erantzun dio. Programako bi erredaktorek kamera ezkutuarekin grabatu zuten herritar hori: herritarraren inguruan esan zuten ustez minbizia sendatzen zuela eta ez zuela titulaziorik; kamera ezkutuko grabaketa egiteko, bi erredaktoreetako batek minbizia zuela esan zion gezurretan.

Auzi horretan bertan, Espainiako Auzitegi Gorenak informazio askatasunari eman zion indarra azken epaian, eta nabarmendu zuen erreportajeak aktibitate zalantzagarri bat salatzea zuela helburu. Espainiako Auzitegi Konstituzionala ez dago ados argudio horrekin, eta hau ondorioztatu du: «Antena3eko kazetariek erabili zuten metodoa ez zen beharrezkoa eta proportzionala ikerketaren helbururako». Auzitegiak berak beharrezkotzat jo du herritarren bizitza pribatua babestea eta hori indartzea, komunikazio teknologia berrien erabilera «inbaditzailearen» arriskuen aurka borrokatzeko.

«Kasuz kasu»

Edonola ere, Espainiako Auzitegi Konstituzionalak sententzian aipatu du zenbait kasutan informazio askatasuna gailen litekeela herritarren oinarrizko eskubideen aurrean, eta «kasuz kasu» aztertu beharko direla salbuespenak.

Azkargortak ere azaldu du «kasuz kasu» begiratu beharko dela: «Kasu bakoitzaren arabera, pertsonaren intimitate eta irudi eta ohore eskubideen aurretik gera daiteke informazio askatasuna».

2005. urtean, Canal Mundoko bi kazetari Antena3erako erreportaje bat egiten ari ziren, eta Juan Kruz Unzurrunzaga zena grabatu zuten kamera ezkutuekin —Espejo público saiokoek bezala erabili zuten, helburua ezkutatuz—. Unzurrunzagaren abokatua zen Azkargorta, eta auzitara eraman zituen bi hedabideak. 2014an, Espainiako Auzitegi Gorenak alargunari 50.000 euro ordaintzera zigortu zituen Antena3 eta Canal Mundo. Azkargortaren arabera, sententzia hartatik legea ez da aldatu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.