Dena ematea betebeharra da

Athletic arriskuan dago sasoiko azken txanpara kirol helbururik gabe iristeko. Hori gerta ez dadin, aurrena Getaferi irabazi behar dio gaur.

haritz gallastegi
2022ko martxoaren 18a
00:00
Entzun
Hamar jardunaldi falta dira liga amaitzeko. Zazpi puntura du sasoi hasieran jarri zuen helburua Ahtleticek: Europarako sailkatzea. Zazpi puntu asko da. Are gehiago aurrean dituen taldeen maila aintzat hartuta. Lehen zazpi sailkatuak Europan lehiatzeko daude eginda, eta ez dirudi kale egingo dutenik. Baina Athletic behartuta dago ondo lehiatu eta puntu asko irabaztera. Gainerakoan, hamabostean behin San Mamesera joaten diren zaleek zigortu egingo dute. Ez dute onartuko utzikeria. Jokalariek lehiatu egin behar dute.

Athleticen, amore ematea ez da onartzen. Txarto jokatzea, talentu gabezia erakustea edo aurkaria nagusi izatea onar daitezke, baina erlaxatzea debekatuta dago. Txistu eginez zigortzen dute. Gainera, arrazoi asko daude azken hamar norgehiagoketan ahalegina egiteko.

Garrantzitsuena: gaitza izan arren Europarako sailkatzea ez dela ezinezkoa. Oraindik aukera badauka. Gainera, etorkizunerako zutabeak sendotzeko balio dezakete ligako azken partidek.

Taldearen helburuez gain, teknikariak zein jokalariek badituzte motibatuta jarraitzeko arrazoiak. Nagusia profesionaltasuna da. Eredu izan behar dute. Gainera, euren prestigioa eta, beraz, etorkizuna jokoan egon daitezke. Ez dago argi teknikariak eta haren lantaldeak Athleticen jarraituko duten, baina Ibaiganetik euren aldeko apustua egiteko edota beste klub baten eskaintza erakargarria jasotzeko garrantzitsuada taldea ondo aritzea. Futbolarien gainean antzeko zerbait esan daiteke.

Arlo instituzionala ere aintzat hartu behar da. Hauteskundeak ate joka daude, eta hautagaien zerrenda handitzen ari da astetik astera. Futbolaz ez beste kontu askoren gainean jarduteko tentazioa handia izan daiteke uda bitartean. Litekeena dela presidente izateko lehia luzea izatea, alegia. Bulegoetan ari dira gauzak mugitzen. Atzo bertan jakin zen klubak ezohiko batzar orokor batera deitu beharko duela, bazkide talde batek 2.416 sinadura aurkeztu baititu, animazio harmailari lotutako proposamen bat bozkatzeko

Iñigo kanpoan

Gaur, behinik behin, futbola izango da protagonista nagusia. Athleticek zelaian erakutsi beharko du gosea daukala. Eta ez du erraza izango. Litekeena da azken urteotan zailtasun gehien eragingo dizkion partida izatea Getaferena: Quique Sanchez Floresen taldea atzean sartuko da, bere aterako bide guztiak ixten ahaleginduko da, ahal duenean kontraerasoan arriskua sortzen saiatuz. Bada, defentsako lanari lehentasuna ematen dioten taldeen kontra sufritzen du gehien Athleticek. Marcelinok jokalari garrantzitsu guztiak prest ditu, Iñigo Martinez eta Dani Garcia izan ezik. «Ez da neurketa erraza izango. Getafe oso ondo sartzen da atzean, eta joko asko sortzea eskatzen du», adierazi zuen atzo Marcelinok.

ATHLETIC-GETAFE
Athletic.Unai Simon; De Marcos, Vivian, Yeray, Yuri; Vencedor, Vesga, Berenguer, Muniain; Raul Garcia eta Williams.
Getafe. Soria; Damian, Cuenca, Mitrovic, Djene, Olivera; Maksimovitx, Aleña, Arambarri, Unal eta Mayoral.
Epailea. Gil Manzano.
Lekua. San Mames.
Ordua. 21:00 (Gol).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.